Hizkuntza “arraroak”

Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da otsailaren 21ean. Wikipedian, esaterako, “lehen hizkuntza” egokiagoa dela azaldu arren eta Kike Amonarrizek ere antzekoa azaldu zuen, gaurko kontua ez da horren ingurukoa, ezta Jone Uriak Berria egunkarian planteatutakoen esparrukoak.

Edonola ere, UNESCOk antolatzen du aipatutako egun hori urtero 1999tik, kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz. Horren harira, harritu egin nau El País egunkarian atera den berri bat: “Hay vida más allá del inglés: estos son los idiomas más raros que puedes estudiar“.

Neure buruari galdetu diot ea nork erabakitzen duen zer den arraroa eta zer ez; nork duen horretarako ahalmena eta nork aitortua. Izan ere, bakoitzak duen esperientziaren arabera sumatuko duela, eta ez hizkuntza nagusien betaurrekoak erabilita ezinbestean. Bestela esanda, nagusien “normalitatetik” urruntzen dena izango da arraroa, ezta?

Iturria: Photographer Nazrul Islam. Wikimedia Commons.

Gainera, ohi baino sentiberago egon ninteke agian. Izan ere, MOOC batean ari naiz parte hartzen azken asteotan, eta une honetan lantzen ari garenaren artean, Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ageri den bezala, honako hauek daude: ezagutza soziokulturala eta kulturarteko kontzientzia.

Aipatutako online ikastaro ireki masibo horretarako blog bat sortu dut (bai, beste bat). Euskara ikastera hurbil litekeen ikasleriarekin estereotipo eta aurreritzien balizko lanketarako playlist bat sortu dut proposatutako erronketako bati erantzuteko asmoz… eta egon badaudela konturatu naiz. Entzun dut, behin baino gehiagotan, euskara zaila eta arraroa dela, baina, orain arte idatzitakoarekin bat eginez, ez nator bat jakina. Niri, berriz, euskara eta arraroa horrekin, Nafarroa euskararik gabe arraroa litzatekeela datorkit burura.

Sei ere bai

2013      Agurra

2014 -1: Urte bete zurekin

2015 – 2: Bi urte hemen zurekin

2016 – 3: Hiru urte zurekin

2017 – 4: Lau urteren ondoren bizirik diraugu

2018 – 5: Bost urte zurekin

2019 – 

Idazten hasita, aurreko urteurrenetan egindakoaren nahasketa bat aterako litzaidakeela pentsatzen hasi naiz, eta sarrerak berriz irakurri ondoren ustea areagotu egin da gainera: zenbat urte ote diren bizitzan blogaren urteak, blogeatzen segitzeko zalantzak, zer izan den bisitatuena edo arrakastatsuena, DEIAko auzo blogosferikoan dauden aldeak (blog batzuetan paperezko egunkarian ageri dena errepikatu ohi da baina ez guztietan) eta abar. Baina, laburbilduz, “hemen gaude eta poztutzen naiz”.

Bost urte zurekin

Bost urte, bost. Bost urte mando joan dira blog honen lehendabiziko sarrera argitaratu zenetik, 2013ko otsailaren 7an, hain zuzen. Hezkuntzaz modu orokorrean, euskaraz eta gehiegi konplikatu gabe idaztea zen asmoa. Seguruenik, zeuk esan beharko duzu, adiskide hori, helburua bete den.

Zenbakiei erreparatuta, 6.959 erabiltzaile agertu dira (zarete) bost urteotan; 21.714 bisita egin dituzue guztira argitaratutako 136 sarreretan.

Ez dira asko. 2,2 sarrera inguru hilabeteko batezbestekoa; bi astez behin edo. Egia ere bada isiluneak izan ditudala, tesi-garaian eta 2016ko udaren ondoren esaterako , eta jarraitzeko zalantza bat baino gehiago.  Iruzkinak… are gutxiago; hauek bai harri bitxiak.   Lehiaketa batera ere aurkeztu nintzen behin… arrakasta itzela lortu gabe, baina hainbat lagun / ezagun / jarraitzaile banituela ere ikusita. Google Analytics-en arabera, ez dute sarrera horiek dolarretan baliorik, baina diruagatik balitz, honez gero itxita.

Ibilbideari erreparatuta, honako hauek dira, urtez urte, sarrerarik irakurrienak (edo bisitatuenak, behintzat)

Baina bisita gehien, hala ere, sarrera-orriak berak izan du.

Laburbilduz, zenbakiak ez dira apartak; dena dela, zalantzak zalantza, hemen gaude momentuz. Eta sarrera berriak kaskarrean ditudala jada. Blogosferako auzo honetako arduradunak dioenez, kalitateari erreparatuko diogu, ezta?

Denbora joanak sarreren edukiei eragin diela nabaritu dut. Lotura hautsiak eta desagertutako argazkiak egon badaude, bidean adiskideak zendu diren bezalaxe. Aipagarriena, agian, bisitari ezaguna eta iruzkingilea zelako, besteak beste, Josemari Lasa. Gogoan izan dut bera gaur hirugarren sarrera hura berriz irakurri dudanean; berak idatzitako testu bat dago bertan jasota.

Bestalde, ez dut nire kanpamendu nagusian antolatu nuen bezalako ekimenik pentsatu; beharbada, bigarrena izateak badu horretan eraginik. Dena den, ospakizunean parte hartu nahi baduzu, jakin ateak irekita dauzkazula, beti bezala, hau ere txoko birtuala baita.