Oroitarri bat maisuari

Palentzian egon nintzen duela gutxi, ezagutzen ez nuen hiri bat. Hainbat monumentu ikusi nuen bertan, besteak beste, maisuari eskainitako oroitarri bat. Bai, ondo irakurri duzu. Maisuari, edo agian maisuei, baina ez maisu-maistrei.

Ondo deritzet horrelako aitorpenei. Badirudi ez dagoela gorengo mailan gizartean irakasleek orohar egiten duten lana eta nire ustez funtsezkoa da geroan. Are: jakin ere nahiko nuke zer esango luketen selektibitatean notarik altuena lortu duenak maisua (edo maistra) izan nahi duela adieraziko balu.

Baina oroitarriak zer pentsatua eman zidan eta hona ekarriko dut.

Esan dizut ondo iruditzen zaizkidala horrelako omenaldiak. Eta egileak adi-adi irudikatu du ikaslea; neskatoa ematen du kasu honetan. Lan onaren adierazletzat hartzen dut, beraz.

Aldi berean, berriz, ikas-irakas prozesuaren ikuspegia ere argi dagoela ematen dit: irakaslea (maisua) ikaslea baino altuago, berak dauka informazioa eta liburu batean dago, geldi (adi baina geldi) dago ikaslea.

Eta irakaslea ez da emakumezkoa; ez da maistra. Horrelako datuen bila aritu naiz. Adibide gisa, 2015-2016 ikasturtean emakumeak ziren nagusi EAEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan.

Orain arteko kontuan hartuta: nolakoa izan beharko luke XXI. mendean maisu-maistrei eskainitako oroitarriak? Iruzkinen esparrua irekita daukazu, irakurle.

Ospakizuna Derion

Honez gero badakizu, irakurle lagun horrek: Derioko Seminarioan, Resurreccion Mª de Azkue ikastetxean alegia, egin nituen batxilergoko ikasketak joan den mendean, BUP zenean alegia. Lehen hezkuntzakoak, berriz, Begoñazpi ikastolan (eta bere aitzindari izan zirenetan) .

Euskara izan nuen lehen hizkuntza; ama-hizkuntza, nahi baduzu. Egia esan, gaztelania ere bai, txikitatik bietan moldatu bainintzen. Are, gogoan badut bitartekotza linguistikoa indarrean jartzen nueneko pasadizoren bat (baina hau hurrengo baterako utziko dut).

Euskaldun-zaharra esan genezake hortaz, bilbotar peto-petoa izan arren. Txikitatik euskalduna izanagatik, euskara lantzeari ekin nion jakina, ikastolako kume izanda. Deriora jauzia emandakoan, legez hizkuntz eredurik ez zegoen garaian, nahiz eta ikasketak gaztelaniaz ziren, bagenituen euskarazko eskolak (Jon Kortazar izeneko gazte bat izan zen irakasleetako bat, esaterako) eta bestelako gaietan ere lantzen genuen (besteak beste, Mikel Zarate edo Josune Ariztondorekin).

Deriotik mugitu gabe, ohikoa zen udan euskara lantzen segitzea uztailetan antolatzen ziren Udako Ikastaroetan. Eta halaxe egin nuen urte batzuetan, hamaika kiderekin denborak eta espazioak partekatuz; Labayru Institutoko tituluak ere eskuratu nituen. Gogoan dut erabiltzen zen leloetako bat: dakigunetik ez dakigunera. Orduan ez nuen halakorik espero, baina helduen euskalduntzea izan dut gerora lanbide gainera.

50. urteurrenera helduko aurten Derioko Udako Euskal Ikastaroa (DUEI irakurri dut berriki; irudian ere ikus daiteke). Eta ospatzeko dei bat ere badagoela jakin dut, ekainaren 15erako hain zuzen. Bazkari batekin, jakina. Nik ez dut joaterik izango, baina egun gogoangarria izango da, zalantzarik gabe. Zorionak hemendik, Labayruri, ikastaro horiek sortu eta bultzatu zituztenei eta, zelan ez, partaide izan ziren ikasle eta irakasle guztiei.

“Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza”: udako ikastaro bat

Behin baino gehiagotan hartu dut parte Euskal Herriko Unibertsitateak udetan antolatzen dituen ikastaro eta ekintzetan. Baina aurten bestelako ikuspegi bat izango dut; izan ere, ikasle edota partaide soil gisa aritu ordez zuzendari izango nauzu tailer tankerako jarduera batean. Egia esan, zuzendari eta irakasle.

Arrazoi duzu, adiskide. “Nire gaia” izango da ardatz: ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza. Dena den, goi mailako bi lankide izango ditut tailerrean: Amaia Arroyo eta Lorea Fernández. Euskaldunak, doktoreak, gazteak (ni baino gazteago behintzat), adituak…

HABEren lankidetza du jarduerak. Eta oraingoan neguan baino arrakasta handiagoa izatea espero dugu. Jardun biko (b-learning) ikastaro hura ez zen aurrera atera, arrazoi desberdinengatik.

EHUko Uda Ikastaroen webgunean duzu informazio zabalagoa eta matrikula egiteko aukera; maiatzaren 31 baino lehen merkeagoa dela ez ahaztu. Elkar ikusiko dugu uztailaren hasieran Donostian?

Unibertsitateen sailkapena

Agian jakingo duzu, irakurle lagun horrek, UNEDen lortu nuela nire lizentziatura ; doktoregoa ere bai, handik urte batzuetara, bidaia edo prozesu luze samar baten ondoren (ingurune akademikoan buru-belarri ikertzen ez egotearen ondorio jakinetako bat, seguruenik). Horren guztiaren jakitun izanda, unibertsitateen sailkapenean unibertsitate hau ez dagoela toki onean jakinarazi zidan atzo ezagun batek. Heziketaren esparru zabalean egiten diren horrelako sailkapenez eta horien eraginez pentsarazi dit iruzkinak.

Interneten bila hasi naiz, ea berri zehatzagorik irakurtzen nuen; besteak beste, DEIAn. Egunkari honetan (edo webgunean) oraindik ez da horren ingurukorik argitaratu, antza denez. Baina Ranking de las universidades españolas izenekoarekin bai egin dut topo, eta egunotako antzeko berri batzuekin ere bai; prentsa-oharra egin dutela egiaztatu dut.

Lehenengo datua: BBVA dago atzean (edo azpian) azaldu dizudan ikerlanean. Esanguratsua dela iruditzen zait niri. Edonola ere, kuxkuxean segitu dut eta adiskideak esandakoa baiztatzeko modua izan dut: UNED nahiko atzetik dabil, bai. Dena den, eta horrelako sailkapenetan, zein den erabilitako irizpideari erreparatzea funtsezkoa delakoan nago, zeintzuk diren errealitate bat aztertzeko baliatu diren adierazleak (Bilbo hiririk garbienetakoa dela esateko bezala, adibidez), zeintzuk konparatzeko langak. Oraingo honetan, behintzat, espresuki argitaratu dituzte.

Seguruenik UNEDen izan dudan ikasprozesua eta bilakaera ere ez dira eredugarrienak izango (“ikasle arrakastatsuen” artean nagoela esatea ez dut uste gaizki ulertutako apaltasuna litzatekeenik). Bertan ez dela ezer oparitzen zin dagizut; hobeto esanda, ez zidatela ezer oparitu. Ez dakit gainontzeko unibertsateetan, eta ez dut horrelakorik aditzera eman nahi, jakina. Adibide gisa, agindutako (eta nire kasuan burututako) lanen zailtasuna aipatu nion gerora lizentziaturaren garaian izan nuen irakasle bati, mailatik gorako ikerketak egin behar izan baikenituen eta laguntza handirik gabe. Bere erantzuna, “baina, ikasi egin zenuen, ezta?”. Baietz esan nion, eskatutako lanen maila azpimarratzen nion bitartean.

Laburbilduz: errealitate konplexuak sinplifikatzea ez da erraza, nire ustez; titularretatik harago irakurtzea ere ez da ohitura txarra. Halaber, sailkapenean UOC ez dabilela urruti ikustea ere deigarria iruditu zait. Ikasleen nolakotasunari ere erreparatu ote zaio ikerketan, urrutitik ikastea aukeratzen duenaren nolakotasunari, alegia? Ez dakit, beharbada “errua ez da distantziarena” izango, Xabi Aburruzagaren kantuaren hitzak erabilita. Eta eraginik izango balu, ordea? Zertxobait irakurri dut, bai.

Parentesiak eta jauziak

Aste Santuan gaude bete-betean. Nahiz eta agian, Peli Huicik bere blogean adierazitakoari jarraikiz, “Santu” hori parentesi artean jarri beharko genukeen, urte gutxiren buruan egoera oso bestelakoa delako.

Pertsonen mugimenduak ugari ei dira, baita egunotan ere. Esate baterako, Bilbo bilbotarrez hustu egiten den bitartean, kanpotik etorritakoez beteta egongo omen da (eta hala espero, turismoa diru-iturri garrantzitsu bilakatzen ari zaigulako, ezta?) Dena den ez naiz gentrifikazioaz edo turismofobiaz arituko gaurkoan. Ohitura aldaketei buruz baizik.

Garai batean (eta ez da oso denbora luzea pasatu) ia erabatekoa zen deskonexioa: telefonoz edo ematen zizuten berriren bat, eta garrantzitsua bazen. Egunkari bidez hurbileko berriak jaso nahi izatekotan (gustuko kirol-taldearenak, esaterako), ez zegoen beti aukera errazik eta nik ikusia dut Mediterraneo itsasoaren inguruko tokietan aurreko eguneko egunkaria erostea zela ohikoa, hala heltzen baitzen (eta kostako edizioa gainera; azken hau ez dakit txantxetakoa ez ote zen). Irakurle sutsuren baten kasuan jakin badakit etxean kanpoan egon bitarteko egunkariak gordetzen zizkiotela, bueltan denak irakurri ahal izateko.

Egun, aldiz, Interneteko lotura da gakoa. Datu nahikoa izatea edo wifi lotura. Hala, nahi dugun egunkaria irakurriko dugu, ohiko irratiari ez diogu muzik egin beharko, telebista-katea hautatzeko modua izango dugu eta nahierara ikustekoa gainera, gizarte-sareetan murgilduta segituko dugu ohitura badugu… Ondorioz, parentesia izango da gehienez izango duguna, jauzi nabarmenik gabe, “mundu zibilizatutik” alde egiten ez badugu behintzat. Horrela egotea zibilizatua baldin bada, jakina.