Euskara hutsezko irratiak apal ekin zion lanari eta erreferente bihurtu da
Donostia. Jose Mari Otermin
MILA bederatziehun eta larogeita biko azaroaren 23a zalantzaz beteriko eguna izan zen goiz-orduetan. Hodei garaiak han eta hemen, baina ezin esan ostarterik eskaintzen ez zuenik. Areago. Aldian aldian, eguzkia lotsagabeki nagusitzen zitzaien hodei nagi haiei. Hegoa zebilen, baina bunbada arriskurik gabe, ahul. Hori horrela, Andia kaleko solairu argi-tsu hartatik begiratuta, ikusmira aparta zeukan Julian Belokik, Arantxa Irastortzari dei egin eta estudio nagusira hurbildu zenean. Den-dena prest zegoen kontrolean ere. Proba-saioak eginda zeudenez, bihotz-taupadak ez zitzaizkien bizkortu ez Juliani eta ez Arantxari. Tenple ederrean egindako agurra izan zen hura, gaur egungo belarriekin entzunda ere.
Azken hilabeteetan isilean egindako lanaren bururatzea zen «Hemen, Zuekin Euskadi Irratia» aitorpen hura. Hamar egun baino ez ziren seinalea Jaizkibel, Ganeta, Oiz eta Zaldiarango zentro igorgailuetatik seinalea hedatzen, zabaltzen hasi zela irrati berria; musika seinalea soil-soilik.
Oso modu apalean ekin zion, beraz, bidean aurrera egiteari. Azaroaren 24an, DEIA egunkariak bi aipamen eskaini zizkion Euskadi Irratia jaio berriari; Diario Vascok, bakarra; Eginek lerro bat bera ere ez.
Hastapenak 1982ko negu-hondarrean jaso nuen Ramon Labaien Kultura sailburuarengandik Euskadi Irratia antolatzeko mandatua. Herri Irratia utzi eta maia-tzaren 1ean lotu nintzaion lan berriari. Edonondik begiratuta ere, proiektu erakargarria zen. Donostiako Andia kaleko 13.ean, zazpigarren solairuan, Informazio eta Turismo delegatuak zituen bulegoak eraitsi eta irrati batek eska-tzen zituen languneak egokitu behar ziren: estudio eta kontrolak, erredakzioa, disko-gela, artxiboa, publizitatea… Besteak beste, Bordeleko Fr3ren instalazioak ikusten izan ginen Josu Zubiaur, Iñaki Beobide eta ni neu. Josu Zubiaurrek bi zeregin bizkarreratu zizkidan, itzulerakoan. Kontrol bakarretik, bi edo hiru estudio zaintzeko aukera eskainiko zuen sistema kontutan hartzea, batetik; eta bestetik, informazio buletinak egiten hasten ginenean, hutsik egin gabe, beti ordu-orduan sartzea. Izan ere, garai haietan, aitzakia gutxi behar izaten zen zerbait berandu sartzeko.
Lehenengo agindua betetzea ez zen lan neketsua gertatu; bigarrena, aldiz, aldapatsua erabat, hasiera hasieratik.
Ekainean, plantila osatze aldera, lanpostu deialdia prestatzea izan zen betebehar nagusia. Erantzunak uztailaren erdi aldera hasi ziren Kultura sailera, Lakuara, ailega-tzen. Bakan batzuk, komunikabideetan zihardutenenak; Magisteritza egindakoak ere bai; Zuzenbideko ikasketak amaitu berriak zituztenak ere bai. Oso oker ez banago, hauen artean zegoen Jesus Egiguren Imaz, gerora, PSE-PSOEren barnean, zeregin eta eran-tzukizun handiak izango zituena. Eta orain arte aipatutakoez gainera, euskararen inguruan zebiltzanak, baina titulurik gabeak. 1982ko uda partean, lana gogotik egin zuten igeltseroek eta teknikariek 400 metro koadro haiek irrati baten egiturara egokitzen.
FM frekuentziak bakarrik Euskadi Irratia plazaratu zen urte haietan, salbuespenak salbu, FMan ziharduten komunikabideak bigarren mailakoak edo ziren. Uhin ertainetan emititzen zuten irratietan -onda median, alegia- zegoen entzuleria. Hori zen Euskadi Irratiaren ametsetako bat ere, baina ezinezkoa izan zen. Sarri askotan gertatu izan den bezala, arrazoi teknikoek galarazten omen zuten, eta Madrilgo Gobernua Genevako Akordioan babesten zen lizentziak ukatzeko. Sasi-arrazoia zen hura, zuribide hutsa. Urte asko egin zuen Madrileko gobernuak erabaki horri eusten, maltzurki argudiatuz.
CIES-en datuak Ez dut inor asko ikusi puntu honi kasu egiten eta, nire ustez, berebiziko eragina izango zuen faktore bat ipini zen abian 1984an. Iruñeko CIES enpresa irratiaren merkatua aztertzen hasi zen, eta urte hartan hasi ginen lehendabizikoz irrati bakoitzari entzuleria tarta hartatik zenbaterainoko pusketa zegokion jakinarazten.
Aurreko urteetan irrati bakoitzak uste zuen berea zela seinalerik oparoena, eta lausotasun hartan, inor gutxi zen bere egiazko tamainaren berri zuena. Euskadi Irratiak 1984ko abenduan jakin ahal izan zuen lehen aldiz bere luze-zabalaren berri. Urte hartan, batez beste, 45 mila entzule zituen. Horixe erakusten ziguten CIESek bildutako datuek. Guk nahi baino gutxiago, baina bazen zerbait…
Hori horrela, kopuru hura, tantaka-tantaka, gehitzea izan zen gure helburu bakarra.
Aldats-gora CIESen ikerketa 1984ko abenduan jaso eta handik hilabete gutxira disko konpaktuaz baliatzen hasi zen Euskadi Irratia. Garai hartan biniloa eta magnetofoi-zinta ziren musika eskaintzeko moduak; ez zegoen besterik. 1985eko neguan soinua erreproduzitzeko teknika berri baten -iraultzaile izango omen zen- zurrumurruak zabaldu ziren mundu osoan. Donostiako Bengoa denda izan zen Euskal Herrian lehenengoetakoa aparailu hura lortzen. Publizitate trukean joan zen Euskadi Irratira garai haietako 270.000 pezeta balio zuen tramankulua. Teknika berrira egokitutako diskografia oso urria zen bolada hartan, baina egunero ordubeteko saioa eskaintzen hasi zen Euskadi Irratia. Philips firmak egundoko ahalegina egin zuen teknika berriaren zabalkundeari begira; besteak beste, 1985eko ekainaren 1ean Bilboko zezen-plazan jo zuen Dire Straits talde famatuak. CD soportearen marketing-kanpainaren barnean zegoen kontzertua. Ongi bataiatutako plazaratzea izan zen hura, kontzertu garaian berebiziko ekai-tzak jo baitzuen.
Teknika arloan aurreratua zegoela erakustea ez zen aski, eta urte hartan, 1985ean, Fernando Amezketarra Herriarteko Bertsolari Txapelketa antolatzeari ekin zion Euskadi Irratiak. Erantzun ona izan zuen lehiaketak. Tolosan, finala, Segura eta Zestoakoen artean. Lehenengoak, txapeldun.
Hurrengo urtean, eta hau ere bertso eremuan, urrats berria eman genuen. Garai hartan bertsoari eskainitako irratsaioek estimazio izugarria izaten bazuten ere, horretan gabezia nabarmena zuen Euskadi Irratiak: artxiboan ez zeukan bertso zaharrik. Loiolako Herri Irratiak batik bat, eta Bilbokoak ere bai bere neurrian, alde handia ateratzen zioten horretan. Baina, irtenbidea ez zegon urrun…
1986an hasi ginen Patxi Mujikaren euskal perlak deiturapean, bertso zaharrei eskainitako programa zabaltzen. Patxi Mujika zena, orain urte pare bat zendu baitzen, lan eskerga egindakoa zen bertso-bilketan 1960-1970 urteetan. Biltzaile aspergaitza urte haietan. Asko kostata, baina, azkenean behintzat, lortu genuen berarekin tratua ixtea. Jira-buelta asko emanzalea zen Mujika, eta gogotik saiatu behar izan nuen kontratu hura izenpetzeko. Berebiziko bultzada eman zion irratiari akordio hark. Nahiz eta ordubeteko edukia hamazazpi mila pezeta kosta, bertsozale asko bildu zitzaion Euskadi Irratiari bertso haien kariaz.
80ko hamarkada bukatzera zihoala, teknika munduak keinu berria egin zion irratigintzari: telefono zelularra. Hasierako haiek tramankulu handiak ziren, baina askatasun itzela ematen zuten seinalea ia edonondik estudioetara igortzeko. Tolosako mendizaleek antolatzen duten XIV Orduko Martxan izan zuen bere bataioa, Eneko Sansinenea eta Iñaki Elor-tzarekin. 1988ko kontua da hau. Aurrerapauso nabarmena hura ere.
ehun mila entzuletik gora Euskara hutsean egindako irratigintzaren historian atal berezia zor zaio 1990. urteari. Batetik, Euskadi Irratiak ehun mila entzule izatea lortu zuelako; eta bestetik, Euskadi Gaztearen jaiotza urte hartakoa delako.
Josu Ortuondo zen garai hartan EITBko zuzendari nagusia, eta berea izan zen Euskadi Gaztearen aldeko apustua. Bazituen bere dudak, ordea. Sarritan galdetzen zidan: Gauza izango ote gara proiektu hau aurrera eramateko? Gai izango ote gara?
1990eko martxoaren 21ean aireratu zen eskaintza berriaren sintonia. Bitartekoz urri, entzulerik gabe, zalantzak ugari… Merezi beste laguntza ere ez genion eman hasiera hartan, seguru asko.
Egia esan, ahaleginik handiena Euskadi Irratiari eskaintzen genion. Nahiz eta bere aurrera egitea etengabekoa izan, gero eta bide latz eta pikoagoa egiten ari zitzaion Euskadi Irratiari entzuleak bereganatzea. Behin baino gehiagotan burutik pasa ere egin zitzaidan ehun milako ataka hura ez genuela gaindituko inoiz; guretzat ezin iritsizko helburua zela, alegia.
Oparia, ordea, 1990eko abenduan jaso genuen. Isilean eta ozenki egindako lanaren fruitu, agerian eta ezkutuan egindakoaren ondorio eta emaitza… Ehun mila en-tzule!
Akuilagarri gertatu zitzaigun lorpena, eta lan eta lan jarraitu genion bideari. Hurrengo urtean, 1991.ean, hiru bider gutxienez irten ginen plazara.
Azpeitiko zezen-plazan, Mariano Harok zeukan marka hobetzera ekarri genuen Ezekiel Bitok etiopiarrarekin.
Urte hartan bertan, Azpeitia-Everest Espedizioaren jarraipena, Antxon Iturrizarekin.
Hirugarren gertaera: Abenduaren 17an hasi zen Euskadi Irratia bide berri bat urratzen: Bernardo Atxagak HABErentzat idatziriko istorioak irratirako egokitu eta 45 atal grabatzea. Antzoki iluna zeri-tzan programa.
2012ko datuak Euskadi Irratiaren 1982 eta ondoko urteetako kontuak gero eta urrunago geratzen ari zaizkigu. Lerro hauen bidez, dena den, fokua eta arreta-gunea urte haietan ipintzen saiatu naiz. Bide berri asko urratzeko egokiera eman zigun proiektuak bolada hartan, eta saio askotan murgiltzekoa.
Bederatzi urte eginda, bederatzi urte eder haiek emanda, kargua uzteko garaia zela deliberatu nuen eta baita eskatu ere zuzendari nagusiari. Esku onetan utzi nuen Euskadi Irratia. Julian Belokik hartu zidan lekukoa, 1991n.
Harrez gero, gogotik astindu ditu ekaitzak bere antenak, etengabeko eguneratzean ahalegindu da euskara hutsean diharduen irratia. Eta egunak joan egunak etorri, hor ari zaigu mundu hau zertan den eta bere taupadak nolakoak diren argitzen, euskaraz.
Euskadi Irratia, egun, sustrai sendo, enbor lerden eta altuera handiko zuhaitza da. Joan den abenduan jasotako datuei erreparatuz gero, oso estimagarriak dira bereak:
-Euskadi Irratiak, 111.000 entzule.
-Euskadi Gazteak, 133.000 entzule.
-EITB Irratiak, 22.000 entzule.
Radio Euskadiren 213.000 eta Radio Vitoriaren 29.000 entzuleak gehituz gero, Eusko Irratia osatzen duten eskaintza ezberdinek duten oihartzuna ozen entzuten da euskal gizartean.