Gaur egun gero eta euskara gehiago entzuten da Ezkerraldean eta bertako gazteek bere ikasketak euskaldunen hizkuntzan burutu ditzakete. Errealitate horren atzean, Portugaleteko kasuan behintzat, duela ehun urte hasitako lana dago, herri horretako EAJk bultzaturikoa
Con el objeto de difundir el idioma patrio, ha acordado la junta directiva de este Centro Vasco, crear una clase de Euzkera de cuya sección con un desinterés que le honra, se ha encargado el ilustrado socio del mismo D. Juan de Makiaga. Horrela argitaratu zuen Euzkadi egunkariak 1914ko urtarrilaren 6an Portugaleteko EAJk bertoko herritarrak euskalduntzeko luzatu zuen deia.
Klaseak Batzokiko liburutegian ematen hasi ziren handik gutxira Portugaleteko seme-alaba ugari bertara hurbilduz. Laster, 1904an sortutako lehengo egoitzarekin gertatu zen bezala, 1912ko apirilak 13an El Solar enparantzan estreinatutako egoitza berria txiki geratu zen, izan ere, euskara klaseak ez ziren jeltzaleen egoitzan burutzen ziren ekimen bakarrak; gure hizkuntza irakasteaz gain, dantza, an-tzerkia edota hitzaldiak ere bertan gauzatzen ziren, Centro Vasco zelakoan. Gauzak horrela, Portugaleteko jeltzaleen artean egoitza berri baten premia zabaldu zen, baina 1934ra arte ez zuten lortu Kasilda Iturrizar kalean lur sail bat erostea, Berriozabal ahizpei, egoitza berri bat egiteko.
Ordurako Primo de Riveraren diktadura gaindituta zegoen eta bere lekuan haize berriak eta demokrazia indarrean, baina hala eta guzti ere, 1934an agintean, gerora, biurteko eskuinekoa legez ezagutuko zena zegoen. Bere ezaugarri nagusia, Errepublikak 1931an ekarri zituen aurrera pausuetan atzera bidea hartzea. Gainera, CEDA alderdi katoliko eskuindarrekoak geroz eta eraginkorragoak ziren Gobernuan eta laster jabetuko ziren bere gidaritzaz, atzera bidean abiadura handiagoa hartuz.
Baina, zailtasunak zailtasun, Portugaleteko jeltzaleek legeek jartzen zituzten oztopoak gainditzeko zirrikitu apurrak baliatuz, gaur egungo esamoldea erabiliz, marka zuri bat eratu zuten, Gure Kabija elkartea. Aterpe horretan ibili ziren diruak biltzen eta gainerako kudeaketa zeregin guztietan, besteak beste, Luis Ezeiza Zapirain, Eusebio Madariaga Anasagasti, Benedicto Euzkiagirre Babio, Cecilio Alday Larrosa eta Eliseo Ijalba Iturralde. Beraiekin batera Ramón Bikuña Rabik, Portugaleteko aber-tzale historikoa, 1933an diputatu aukeratua. Eurok izan ziren Gure Kabija elkarteko lehen zuzendaritza osatu zutenak. Beraien lana izan zen Euzko Alderdi Jeltzalearentzat eta Portugaleteko euskaltzaleentzat, elkarte berriaren izenak zioen bezala, kabi edo egoitza duin eta eroso bat lortzea, eta gainera propioa, garaiko agintarien harrokeria eta agintekeria saihestuz.
Agirre eta Irujo Portugaleteko abertzaleen euskaltzaletasuna eta indarra zenbatekoa zen ikusteko konturatzea besterik ez dago 1934an hasitako egoitza berriaren egitasmoa 1935eko udazkenerako burututa zegoela. Lorpena handia izan zen, baina bidean galdu genuen Ramon Bikuña, urte hartan bertan zendua.
Tamainako ahaleginak eskatzen zuen modura, inauguraziorako Manuel Irujo eta Jose Antonio Agirre, diputatuak, azken hau urte beteren buruan lehendakari izango zena, gonbidatu zituzten. Adierazgarriak izan ziren zentzu horretan Jose Antonio Agirrek entzuleei erderaz botatako hitzak:
…merece plácemes el esfuerzo realizado por Portugalete para levantar el soberbio edificio donde se alojan las entidades patrióticas, pero haciendo una especial mención, porque no se ha olvidado de la escuela vasca, de tanta importancia y tan imprescindible en el desarrollo de las actividades si queremos hacer Patria, pues si formamos cien corazones cultos para nuestro pueblo, si seguimos aumentando la cultura, veremos como alcanzamos insospechados resultados por su bondad.
Gure Kabijan babesa hartu zuen herriko ikastolak, Federación de Escuelas Vascas zeritzonaren barruan kokatzen zen eskola. Ezkerraldeko lehen ikastola honetako irakasleak izan ziren Ines Zubeldia, Eudoro Isasi eta Pedro Basurko, besteak beste. Haien esku 50 neska-mutil.
Honela ba, 1914an osatzen hasi zen kateak bazirudien sendo iraun behar zuela, eta luzaroan, baina ez zen holakorik gertatu. Manuel Irujok, 1935ko irailaren 15an Gure Kabijaren inaugurazioan botatako hitzak profezia bat bezala agertu ziren:
…gure eskubideak zeintzuk diren argi daukagu, horrela dela eta, gerraren aurka eta elkartasun unibertsalaren alde hemen azaltzen gara.
1936an Espainiako eskuinak hauteskundeak galtzearekin batera Gobernua utzi behar izan zuen eta legez lortu ezin izan zuena berreskuratzeko, militarrek Estatu kolpea eman zuten. Ondorioz, urte horretako uztailean gerra lehertu zen eta honekin batera 40 urte iraun zuen gau iluna hasi zen.
Sustrai sendoak Gau iluna bai, baina ez izarrik gabea. Urteetan ereindako hazia, eta honengandik sortutako arbola, ez ziren ihartu. Ez ziren nahikoa izan gerrako bonbardaketak, kartzela eta errepresioa, ez eta gerraosteko giro hitsa. Alperrekoa izan zen Gure Kabijaren jabetza lapurtzea. Sustraiak lurrari lotuak zituen Portugaleteko abertzaletasunak enbatak gainditzea lortu zuen eta frankismoak, aurreko beste garai ba-tzuetan legez, izpiren bat igarotzen uzten zuen zirrikitu estu apurrak baliatuz Burtzeñako Luis Arredondo, Santurtziko Eduardo Leizaola eta Portugaleteko gure Sabin Ipiña bezalako gizonek aurreko belaunaldien eta berrien arteko zubi lana egin zuten. Ez bakarrik politikan, baita euskaltzaletasunean ere.
Joseba Arredondo idazleak, Asti-Leku ikastolaren 40. urteurrena ospatzeko 2003an idatzitako liburuan zioenez, «gudari zaharrak» gazte kementsuen borrokarako grina behin baino gehiagotan apaldu beharrean aurkitu ziren. Bihotza bero, bai; baina burua hotz gordetzeko garaiak ziren haiek. Guda eta kartzela garaia gomutan zutela, zenbait ekimenek sor zitzaketen arrisku gordinak gogora araztea komeni zen. Kontua egitea zen, kosta ala kosta.
Egin beharretako bat zen 1914an lehenengo urratsak eman zituen euskara ikasteko deialdia eta geroago etorri zen ikastolari jarraipena emango zion euskal eskola berri bat sortzea. Honetan batu ziran, ordurako 60ko hamarkadako urtean ziren, ezinbestean eta zorionez, gudari zaharren esperientziari eta gaztetasunaren adorea.
Urte haietan, frankismo gordinean, euskararen aldeko borroka eta askatasunaren aldeko ekimenak batera azaltzen ziren. Izan ere, euskararen kontra eta askatasunak ukatzen zituena aginte bera baitzen. Juan de Ajuriagerra, BBBko buruzagiak, gizarte lanaren bidez frankismoari aurre egiteko agindua eman zuen, kultura arloa diktadura ahultzeko abagune-tzat hartuz. Erabaki honen ondorioz, elkarte kulturalak asko ugaritu ziren, eta, Errepublika denboran legez, sarritan marka zuri bihurtu ikastola berriak sortzeko. 30eko hamarkadan Gure Kabija izan zena oraingoan Francisco Javier bihurtu zen, baina helburua ber-bera. Orduan legez, eraikin bat behar zen, garaiko Batzokia OJEren (Organización de Juventudes Españolas) egoitza bihurtuta zegoen eta, Portugaleteko gurasoek nahi zuten eskola euskalduna eta kalitatezkoa, beraiek apenas izan zutena baina seme-alabentzat beharrezko-tzat jotzen zutena, nonbait kokatu behar baitzen. Honetara, berriz ere, Ezkerraldean euskararen aldeko lanetan Portugaletek bere aitzindaritasuna erakutsiz, Sabin Ipiña, Pablo Escudero, Alejandro Etxebarria, Andoni Uriguen eta Josetxu Beitia etxez etxe ibili ziren euskara irakasten eta Itziar Beistegi bihurtu zen Ezkerraldeko lehen irakasle profesionala bost umetxoz osaturiko talde bati eskolak ematen hasi zenean. Asti-Leku ikastolaren sorrera, Anastasio Olabarria apaizak errazturiko lana.
Kabia berreskuratuta Erregimenak uzten zituen bitarteetan garatzen hasi zen ba, gerora Ezkerraldeko makroikastola bihurtu dugun Elai Alai, baina Francok berean zirauen eta gerra denboran lapurtutako jeltzaleen egoitzak esku arrotzetan. Injustizia hau zuzentzeko eguna ere etorri zen. 1977ko sanrokeetan, Portugaleteko jeltzaleek ikurrinak eskuan eta txistu-danbolin soinuz alaituz, bistan denez era baketsuan, 42 urte lehenago ateak zabaldu zituen kabira abiatu ziren eta jabetza berreskuratu zuten.
60-70etako hamarkadetatik hona urteak joan dira eta Batzokian eta ikastolan hezitako ikasleak gurasoak eta irakasleak dira egun, euskararen berreskurapenaren isla. Izan ere, gaur egun euskaraz ikasteko ikastola eta eskola ugari daude Ezkerraldean, eta euskara eskolan ikasterik izan ez dutenentzat euskaltegiak ere bai. Guzti horrek euskararen erabilpenean eragin zuzena izan du, euskara gero eta gehiago entzuten baita Ezkerraldeko kaleetan. Hala eta guzti ere, Ezkerralde euskaldun bat ikusteko asko falta zaigula oraindik esan beharra dugu.
Ikastola eta euskaltegien alboan, Portugaleteko Batzokiko ikastolak bizirik dirau. Aurton, 40 ikasle ditugu Ana eta Garazi andereñoen ardurapean, XX. Mendeko hasieran abian jarritako ametsari eusteko asmoz: gazteon artean euskara sustatzea, hori da gure erronka eta horri ekingo diogu herria euskaldundu arte.
Zorionez, euskararen irakaskuntza profesionalizatu egin da. Umeek ikastoletan ikasten dihardute euskaraz, nagusiak euskaltegian euskalduntzen diren bitartean. Gu erdian kokatzen gara, euskalduntzeko bidean geure bultzada apala ematen, euskarari diogun maitasuna zabalduz.
Portugaleteko jeltzaleok ondo dakigu adorea zer den. 100 urteko garrak sutsu berotzen gaitu gaur ere, eta su-tzen jarraituko dugu EAJk segituko duen bitartean. Geure konpromisoa argia da: lan eta lan Portugalete eta Ezkerraldea euskaldundu arte! Katea ez da eten.
Unai Garabietaren erreportajea