Euskaldunak eta ondasun iraunkorrak, ikerketa arlo irekia

Euskaldunek tradizioz ondasun iraunkorrekiko (etxea, lurra, basoak…) izan dituzten harremanak ikerlarientzako lanleku izan dira, ikuspuntu desberdinak baita kontrajarriak ere agertzen direlarik.

HISTORIAS DE LOS VASCOS

Nolakoak izan dira euskaldunek tradizioz ondasun iraunkorrekin izan dituzten harremanak? Nola kudeatu, antolatu edota erabili dituzte etxea, lurrak edota basoak? Egia esan, ez da erraza galdera hauei eran-tzutea. Izan ere, gaia ikertu dutenek ikuspuntu desberdinak, askotan kontrajarriak, erakutsi dituzte, eta horrek ondorio argiak ateratzea oztopatzen du. Egiatan, euskaldunok lur, baso, soro, mendi edo etxearekiko izan ditugun harremanei buruz idatzi dena aztertzen badugu, hiru ikuspuntu edo gogoeta-eredu desberdin azaleratzen zaizkigu:

Ikerlari batzuen arabera, Euskal Herrian ondasun iraunkorrekiko harreman bereziak izan dira. Ohituraz ez da Zuzenbide Erromatarrak arautzen duen erako propietate pribaturik ezagutu (Erromako tradizioaren arabera, propietarioak botere ahalguztiduna du ondasunekiko, eta nahi duena egin dezake hauekin), eta belaunaldi batetik bestera ondasun horiekiko ardura igorri izan da; hau da, ondasunen administrazioa ondo egingo denaren konfiantza. Oinordekoen edo etxeko seme-alaben artetik etxerako aukeratuak, ardura hori beregain hartzeko gai dela frogatzen duenean hartzen ditu gurasoengandik etxea eta lurrak. Honela, etxerakoa aukeratzerakoan, oinordekotzatik baztertuak izan dira etxearen hondamendia ekarri dezaketenak (alferrak, ezinduak…). Etxeko ardura har-tzen duenak (etxerakoak), beraz, ondasunekiko eta etxean daudenekiko botere guztiahalduna baino gehiago, ardura, erantzukizuna edo betebeharrak hartzen ditu aurrekoengandik (etxeko zaharrak eta ezinduak zaintzea, etxeko hildakoen hilobiaren kargu egitea, etxaldea hobeago-tzea…). Azken helburua da etxearen eta etxean gelditzen direnen eta etorkizunean etxean biziko direnen ongizatea ziurtatzea. Are gehiago, ondasun iraunkorrei etxekoei zerbi-tzu bat ematea dagokie, eta zerbitzu horri jarraibidea emateko, nahitaezko araua da etxea eta lurrak gizaki bakar baten ardurapean jartzea. Zatiketak ekarriko lukeen minifundismoak, etxearen burujabetza ekonomikoa apurtu eta bizibide guztia deuseztatuko bailuke.

Bigarren ikusgune baten arabera, euskaldunek ondasun iraunkorrekiko harreman bereziak ezagutu dituzte tradizioz, baina zentzu erromatarreko propietate pribatua ere antzinakoa da gure artean. Erdi Aro Garaitik ezagutzen diren monasterioei egindako donazioek edota testamentuen bitartez egindako ondasun iraunkorren eskuz aldatzeek hori erakusten dute. Aurreko ereduak dionaren aurka, beraz, bi eratako ondasun iraunkorrak ezagutu dira Euskal Herrian: herritar guztiek erabiltzen zituztenak (herri-lur eta basoak) eta herritarren propietate pribatu zirenak (etxea eta lurgintzarako erabiltzen ziren soro eta baratzak).

Nolanahi ere, gogoeta-eredu honetan kokatzen diren ikerlariek argi adierazten dute propietate pribatu honek mugak zituela: baratzekiko eskubideak ez galtzeko, baserritarrek urtero landatu edota erabili behar izaten zituzten. Mendiko borda ere norbaitek erabiltzen zuen bitartean egon zitekeen zarratuta; eta erabilera uzten zen momentuan, edozeinek zuen bertan sartzeko eta erabiltzeko eskubidea. Bestalde, nekazariek soroetako uzta jaso ostean (euren lanaren fruitua eskuratu ostean, alegia), abeltzainek euren abereak bertan sartzeko eskubidea zuten; beraz, nekazariak ezin zuen lurra hesitu, bere lanaren fruitua jaso ostean. Lurren edo basoen salerosketak zein donazio eta heren-tzia bitartez egindako eskuz aldatzeak, esaterako, bailarakoen artean egin zitezkeen bakarrik. Eta orduan ere, lurraren erabilera eskubidea zen besteganatzen zena, inolaz ere ez lurra bera.

Propietate pribatu berezia Bigarren eredu honetan kokatzen diren idazle eta ikerlariek, beraz, Euskal Herrian zentzu erromatarreko propietate pribatua antzinakoa dela azpimarratzen dute, baina, horrekin batera, argi adierazten dute propietate honek mugak izan dituela. Are gehiago, euskaldunek propietate pribatu berezi bat ezagutu dutela ondorioztatzen dute.

Hirugarren ikuspuntu batek dio, inguruan izan dituen beste herrietan bezala, Euskal Herrian ere, propietate pribatuan oinarritutako ondasunekiko gizarte harremanak nagusitu direla. Eredu hau babesten duten ikerlariek ez dute onartzen Euskal Herrian ondasun iraunkorrekiko harreman bereziak izan direnik. Europako beste toki batzuetan bezala, Euskal Herrian ere morrontza harremanak egon dira indarrean, eta jauntxo guztiahaldunak izan dira lur, baso eta mendien propietarioak. Gizarte maila baxuenetan zeudenek ez zuten ez herri lurrak erabiltzeko ez ondasunik edukitzeko inolako eskubiderik. Baserritarrek herri lur eta basoak erabiltzen bazituzten ere, jauntxo feudalaren menpe eta hauen-tzako lanean ari zirelako izaten zen. Zentzu honetan, ondasunekiko harreman bereziak egon zirela esatea, euskal demokraziaren eta aitonseme-tzaren oinarri gabeko mitoak egi bihurtu nahi izatea da.

Hiru ikuspuntu kontrajarri hauen aurrean, ez da erraza euskaldunek ondasun iraunkorrekiko izan dituzten harremanei buruz ondorio argiak ateratzea. Eredu batean edo bestean kokatzen direnen liburuak irakurrita, errealitate guztiz desberdinekin aurkitzen gara ondasun iraunkorrak kudeatu, antolatu edota erabiltzerakoan. Nahasketa honen aurreran, interesgarria da ikerketarako iturri berriak aztertzea; beste ikusgune bat emango diguten iturriak. Eta hain zuzen ere, ahozko literatura izan daiteke gaiaren inguruan argitasun gehiago lortzeko bide bat. Izan ere, ahozko literatura (esaerak, ipuiak, kantuak, bertsoak…) gizarte baten iraganaren lekuko da, eta, beraz, hiztunen jarrera, pentsamolde edo burubideen berriemaile, baita ondasun iraunkorrekiko mentalitateen igorle ere. Gauzak horrela, interesgarria iruditu zaigu esaera zaharrak aztertzea, ondasunekiko harremanei dagokionez euskaldunok izan ditugun gizarte-burubideak ezagutzeko asmoz. Zehatzago esanda, 92.167 esaera dituen Justo Mokoroaren Repertorio de Locuciones del Habla Popular Vasca lokuzioen bilduma aztertu dugu.

Nola agertzen dira ondasun iraunkorrekiko harremanak esaera bilduma honetan? Alde batetik, ikerketak erakusten du ondasun iraunkorrak herriko, etxeko eta etxerako direla. Hau da, elkarte ondasunak dira (Ai geure etxaldeko baso ta mendi zabar-tsuak!). Honela, ulergarria da gizakiek ondasun iraunkorrei buruz hitz egiten dutenean, gure eta zuen kontzeptuak nire eta zure kontzeptuei nagusitzea (Beti gexopean egon gara gure etxean…).

Elkarteek eta, zehazki, herriak eta etxeak duten garrantziarekin batera, propietate pribatua oso gutxitan agertzen da. Hau da, ondasunak etxeko, etxerako eta herriko badira ere, gutxitan agertzen dira gizartekideen propietate pribatu bezala. Hain zuzen ere, ondasunekiko propietate harremana adierazten duen -ren genitibo posesiboa (gizonaren lurra, andrearen etxea, mutilaren basoa…) itzulpen kutsua duten 12 esaeratan agertzen da bakarrik (gogoratu, guztira, 92.167 esaera direla).

Esaeren azterketatik atera dugun hirugarren ondorioa da, ondasunekiko harremanetan arduraren edo erantzukizunaren zentzu nabarmena agertzen dela. Jabe, nagusi, jaun, buru eta ugazaba bezalako kontzeptuek, propietatea adierazi ordez, ondasunekiko ardura adierazten dute nagusiki (Alkar ondo eramaten bazuten gurasoak ill-arte etzan egingo gauzaren (etxaldearen) jabe…). Izan ere, jabea, nagusia, jauna, burua edota ugazaba etxeko direla adierazten duten esaera ugarirekin aurki-tzen gara, eta, aldiz, esaera gutxitan agertzen dira jabearen, nagusiaren, jaunaren, buruaren edo ugazabaren etxea (-ren genitibo posesiboa) bezalako esamoldeak. Alegia, jabearen, nagusiaren, jaunaren, buruaren edota ugazabaren etxearekiko propietatea azpimarratu ordez, hauen etxeko izatea adierazten da; etxearekiko daukaten erantzukizuna.

Nor izatea Esaera bilduma honetan, nor izatea etxeren batetakoa izateari loturik dago edo, berdin dena, nongotzak (nonbaitekoa izateak) ematen dio gizakiari nor izateko aukera. Dena dela, etxeko guztiak ez dira nahi izaten etxerako. Etxeko kide guztien artetik bat bakarra aukeratuko da etxerako. Izan ere, arduradun edo erantzule bakarra ez duten ondasun iraunkorrak hondatu eta galdu egiten dira (Denen soroan belar txarra). Etxerako etxeko lanak eta eran-tzukizunak hobekien betetzeko gai dena aukeratuko da, berezitasun baikorrenak dituena (langilea, esanekoa, ona…) (Bost seme-alaba dituzte; bat etxera jarririk; zarrena).

Esaera bilduman agertzen zaigun gizarte errealitatean, etxearekin arduratsu izatea eskatzen zaio etxerako aukeratu denari, eta horrek eskubideak baino gehiago, erantzukizuna eta ardura esan nahi du. Zuzenbide Erromatarrak aldarrikatzen duen ondasunekiko jarrera ahalguztidun eta pasiboaren aurrean, ondasunekiko jarrera aktiboa eta arduratsua aldarrikatzen da. Izan ere, etxeak bere baitan ematen duen babesa, etxekoek etxea aurrera ateratzeko duten erantzukizunaren ondorio zuzena baita.

Ikerketa honen helburua ez da izan Euskal Herrian ohituraz bizi izan diren ondasunekiko harremanei buruzko eztabaida behin betirako bukatzea. Gai honen inguruan oraindik ere ikerketa asko egin behar dira. Edozelan ere, esaeren azterketak eman dizkigun emaitzak hasieran aurkeztutako hiru eredu teorikoen aurrean jartzen baditugu, argi agertzen da azterketaren ondorioak adosago daudela lehenengo aurkezten genuen ereduarekin, hau da, elkartearen eta arduraren garrantzia eta propietate pribatuaren ahultasuna aldarrikatzen duen ikuspuntuarekin.

Patxi Juaristiren erreportajea

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *