Adolfo Arejita
Louis-Luzien Bonaparte jaio zela 200 urte bete ziren atzo. Euskararen ikerkuntzak, eta berariaz euskal dialekto eta hizkerenak, izan duen atzerritar eragile eta laguntzailerik gorena izan zen
BILBO. Berrehun urte beteko ziren atzo, Louis-Luzien Bonaparte jaio zela; euskararen ikerkuntzak, eta berariaz euskal dialekto eta hizkerenak, izan duen atzerritar eragile eta laguntzailerik gorena. Zor eskergea diogu euskaldunok euskaralogo berdingabe honi, bereziki euskara hain zurtz zegoen garaietan, hor XIX. mendearen erdialdetik aitzina, bultzada esanguratsua eskaini ziolako gure hizkuntzari; batetik, gure arteko zenbait euskaltzale eskolatu euskaraz idazten ipiniz eta eurok ondutako hainbat testu argitaratuz, eta bestetik, berak zuzenean euskal hizkeren morfologiaz ikerketak burutuz eta inprimatuz.
Bonaparte abizena Napoleon enperadoreari eta haren ondorengoen politika jardunari atxikia dago Europaren historian, baina euskaldunontzat, berariaz euskarari loturik gaudenontzat, izen hori haren iloba Louis-Luzien Bonapartek, Napoleon I.aren anaia Luzianoren semeak, gure hizkuntza ttipiari erakutsi zion eraspen-atxikimendua eta beronen alde bultzatu zituen ekimenak eta diru-eralgitzeak beste inork ez bezalakoak izan zirelako da ezaguna. Berau izan genuen euskaldunok aldi horretan, Antoine d’Abbadie irlandar semearenekin batera, aitabitxi nagusia. Atzerri seme euskaltzale biok suharki lehiatu ziren euskararen alde, bata iker sailean, bestea jagon sailean, gaur egungo Euskaltzaindiaren ildo nagusi bien izendapenak erabilita.
Ingalaterran jaiotzea egokitu zi-tzaion, aitari han bizitzeko katigualdia ezarri ziotelako. Urtebete pasatxo igaro ondoren, gaur Italia diren Elizaren Estatuetara aldatu zen familia bizitzera, Viterbo probintziako Canino herrira. Eskola trinkoaz eta sendoaz jantzi zen gaztetxotan, eta gaztezaroan Europan eta Estatu Batuetan barrena ibili zen, mundu zabala ezagutzen, gero ere gusturo landuko zuen bokazioa, ibiltari izatearena. Lehenik mineralogia eta kimikara zuzendu bazuen ere bere interesa, hizkuntzalaritza bihurtuko zen gerora bere jakintza-eremu kutuna eta nagusia. Eleanitz izatea suertatu zitzaion, bere etorkiak eta bizi ibilerek lagunduta: frantsesa, ingelesa eta italiera hurbilak zituen, eta aurrerago gaztelania eta euskara ere ikasi zituen. Eta hortik gora beste hizkuntza eta hizkera askoren azterrenak ere bildu zituen. Gazterik ezkondu zen, eta lehen emaztea hil ondoren, Clementine Richard Grandmontagne izeneko Tarbesko alabarekin ezkontzea egokitu zitzaion, hain zuzen Klaudio Otaegi (1836-1890) idazle eta musikari gipuzkoar ezagunaren koinatararekin. Emakume honek euskara ere bazekien. Euskalzaletu zen behin-tzat, eta aurrerago, Klaudio Otaegi, koinatukide zuena, euskara kontuetan laguntzaile hautatu zuen. Zegamako seme hau, euskaraz zein gaztelaniaz idazle emankorra gertatu zen, bereziki Manterolak zuzentzen zuen Euskal-Erria aldizkariko orrietan, baina printzeak euskal hizkera eta dialekto gaietan murgiltzera bideratu zuen. Gipuzkoan berau izango zuen aurrerantzean lankide hurbilena. 1863an honi itzularazi zion Gipuzkoako hizkera diferente nagusietara kristau doktrinaren testua. 1867an Bibliako liburu jakinak itzularazi zizkion: testamentu berriko San Markosen ebangelioa eta zaharreko beste batzuk.
Ibiltauna zen aldetik, munduan barrena ibili ondoren Euskal Herrira ere egin zituen ostera batzuk, baina euskararen interesak bultzatuta batipat. Bost guztira, 1856-1869 bitartean. Lehenengoa, 1856an, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurraldeetara. 1848tik aurrera hurbilago zuen euskal lurraldea, zeren Frantzian bizi baitzen, urte horretan Nazio Asanbladako kide hautatua izan zenetik. Hurrengo urtean, 1857an, egin zuen bigarren ostera. Hirugarren osteran, 1866koan, Klaudio Otaegi koinatua izan zuen lagun, eta Nafarroako Pirinio ibarretara egin zuen, hango hizkera bereziak hurbildik ezagutu nahian: Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoak batipat. Laugarrena, 1867an. Eta azkena, 1869an. Hurrengo urtean, 1870ean, Londresen jarri zuen bere egoitza; Napoleon III bere lehengusua agintetik erori zenean, Frantziatik urrundu beharra tokatu baitzi-tzaion.
Bonaparte printzeak, hizkuntzalari bezala, euskarari eskaini zion bere ahaleginik handiena, baina Europa sartaldeko beste hizkuntza eta hizkera batzuei ere bai, batez ere hizkuntza txikiei eta hizkera baztertuei. Euskararekin bezala, Bibliako zenbait liburu erabili zituen tokian tokiko hizkerara itzularazteko: Salomonen Kanta, Mateo edo Markosen ebangelioa… Zein hizkuntza eta hizkera ziren, batez ere?
Erromantze hizkuntzetara zuzendu zuen ahalegin nagusia, latinetik sortu eta garatu ziren aldaera bizietara. Frantses hizkuntzaren eremuan, Franko-konterria, Borgoña, Poitou, Lorena, Valonia, Pikardia… Franko-probentzera (Saboiakoa). Okzitaniako hizkerei ere arreta berezia eskaini zien: Tolosa, Niza eta beste. Italiako dialekto eta hizkereei arreta aparta jarri zien, ingelesari edo euskarari bezala. Gurean bezala, Italiakoen taulak agertarazi zituen, eta dialekto diferenteetara itzularazi Bibliako liburuak, ardurarik gehien isletako hizkerei eskainiaz (Sizilia, Sardania eta Korsika), agian berezienak zirelako, baina agian baita aita, Luzien, Korsikako semea zelako, Ajaccion jaioa. Retoromaniakoak (friuliera eta erromantxea) ere landu zituen. Hizkuntza anglogermanikoen ar-tean, jaioterrikoa zuen ingelesaren aldaerei eskaini zien arreta nagusia, eta gurean bezala, dialektoen mapa osatu zuen. Baina baita frisiera, islandiera eta alemanaren hainbat hizkeretara ere. Beste jatorrietako hizkuntza eta dialektoetara ere zuzendu zituen bere itzulpenak. Keltar hizkuntzak ditugu batetik: gaelikoa eta bretoieraren kasua. Eta Europa ekialdeko hiz-kuntzak, bestetik.
Euskal Herrira bihurturik, hemengo lanak bideratzeko, batez ere hasieran, izan zuen laguntzaile handietariko bat Antoine d’Abbadie izan zuen, Lore jokoen bultzagile eta babesle nagusia. Londresen ezagutu bide zuen irlandar euskaltzaleak printzea, 1855-56ko neguan, mundu-ostera luze baten ondoren. Lapurdira itzuli zenean, Urruñako Zubernoan zuen jauregira, Bonaparteren lehen euskal osterarako abiamenak prestatzen hasi zen. Berau izango zuen lagun, bai bidaia batzuetan, eta bai hark burutu asmo zituen euskararen ikerketarako laguntzaileak bilatzen.
Euskararen dialekto eta hizkera diferenteak ordezkatzen zituzten lankideak hautatu zituen. Eurotariko batzuk guztiz ezagunak euskal literaturan. Bizkaian izan zuen lankide nagusia Jose Antonio Uriarte fran-tziskotarra (1812-1869) izan zen, Arrigorriagako semea. Bizkai euskalduneko hizkerak ondo ezagutzen zituen gizona, hasi Markinako ertzetik eta bere jaioterri ibarreko beste ertzerainokoak. Printzeari aldiro-aldiro idazten zizkion gutun ugariak dira bere ezagueren lekuko. Predikari legez ezagutu bide zuen printzeak fraide hau, Bilboko San Nikolas elizan sermoiginen ziharduela. Orduxetik eta gazte samar heriotzeak hartu zuen arte, lankide zintzo, berbako eta oparoa izan zuen printzeak hamairu urteko aldi laburxean. Hari eginiko enkargurik erraldoiena, biblia osoa gipuzkerara bihurtzea izan zen, eta lapurterazkoarekin batera hasi zen inprimatzen 1859. urtean. Baina lapurterarena ez bezala, gipuzkerazkoa argitaratzea eten egin zuen printzeak.
Iparraldean hautatu zuen lankide nagusia, lapurteraren ordezkaria, Ainhoako seme bat hautatu zuen, Jean Pierre Duvoisin aduana-kapitaina (1810-1891). Larresoroko apaiz-mintegian ikasia, euskararako lehia gaztetarik zekarren, eta printzeak ezagutu aurretik ere zenbait lan ida-tziak zituen: Baigorriko Zazpi Liliak ipuin-bilduma, kasurako. Uriarterenak baino zori hobea izan zuen prin-tzearen enkarguz idatzi zien Biblia itzulpenak, osorik argitaratu baitzen atalaka Bible edo Testament zahar eta berria, haren Londresko inprimategian (1859-1865).
Gipuzkerarako zituen laguntzaileen artean, aipatua den Klaudio Otaegiz gainera, Juan Eloy Udabe tolosarra ere bada. Honek itzuli zion San Mateoren ebangelioa (1857). Baina erdiko euskalkirako lankide irmorik ez eta, Uriarte frantziskotarragana jo behar izan zuen printzeak Biblia osoa euskalki horretara moldatu nahi izan zuenean. San Mateoren ebangelioaren bizkaierazko bertsioa ere honek egina da (1857).
Zuberotar euskalkirako Emmanuel Intxauspe elizgizona (1815-1902), Atharratzeko semea hautatu zuen, artean ere idazte-lanetan ezagutua zena, debozio liburu bat behintzat argitartua baitzuen, eta gero ere zubererazko gramatikari eta literaturari ekarri ederrik egin ziona. Printzeak honi eginiko enkarguetarik, Bibliako San Mateoren ebangelioa eta Apokalipsia, eta Iturriagaren solasaldiak aipa daitezke. Behe nafarrerako M. Salaberry Ibarrolakoa, San Mateoren ebangelioa itzuli ziona (1856).
Aparteko interesa zuen printzeak nafar goi ibarretako hizkerez. Erronkarieraren ordezkari bi izan zituen lankideen artean, biak bidangoztarrak. Prudencio Hualde Maio apaiza (1823-1879) –San Mateoren ebangelioa eta kristau dotrina itzuli zituen- eta Mariano Mendigatxa (1832-1918), geroago, printzea hil ondoren, Azkueren laguntzaile izango zena. Zaraitzuerarako, Pedro Jose Samper apaiza. Baztango hizkeretarako, Bruno Etxenike. Eta izendatuko ez ditugun beste gehiago.
Bonaparte printzeak berrogeita hamar urtetik gora eskaini zizkion euskarari, batez ere euskararen hizkerei. Berari eskerrak papereratu ziren idatziz zenbait euskal hizkera, euretariko batzuk dialektotzat finkatuak geratuko zirenak ondoko belaunaldi eta ikertzaileentzat ere.
Gaur egun hedatu-ezagunenak diren lanak euskal dialekto eta hizkeren banaketa zehazteko egin zituen mapak dira. Guztira hiru mapa diferente, baina bi ezagunenak. Bata: Carte des Septs Provinces Basques, montrant la délimitation actuelle de l’Euscara et sa division en dialectes, sous-dialectes et variétés (1866). Ezagunak bihurtu dira mapa bi hauek, zeren eurak baitira lehenak Euskal Herriaren zazpi lurraldeak zehazkiro eta osorik erakusten baitituztenak.
Euskal dialekto eta hizkeren izaera ikertzeko ardatz diferenteak aztertu zituen: itzulpen bidezko testuak nagusiki, eta gramatikaren alorrean, lexikografia, fonetika eta batez ere morfologia, aditz jokora zuzendua batez ere, baina izen deklinabidea ere ahaztu gabe. Gai hauetako lan asko zirriborroak edo elaboratu gabeak dira, eta eskuizkribuz gorde ziren material ugari hauek guztiak, eta zorionez gorde izan dira. Inprimatuen artean, aipagarri da Le verbe basque en tableaux (Londres, 1869), non euskarari onartzen zizkion zortzi dialektoen adizkiak sailkatzen baititu: gipuzkera, bizkaiera, goi nafarrera iparraldekoa, goi nafarrera hegoaldekoa, lapurtera, behe nafarrera sartaldekoa, behe nafarrera ekialdekoa eta zuberera. Baina paperen artean beste hizkeretako paradigma ugariak ditu bilduak: Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoakoak, adib.
Euskarazko dialekto edo hizkera bakoitzaren izaera erakusteko testu finkatu ezagunak erabiltzea izan zen beraren metodologi ildoetariko bat. Testu horietako bat, Agustin Paskual Iturriaga apaiz hernaniarrak (1778-1851) urte batzuk lehenago eskoletarako ondu zuen Diálogos basco-castellanos (1842) liburutxoa izan zen. Lau euskalki bereizi nagusietara itzularazi zuen: gipuzkera, bizkaiera, lapurtera eta zuberera.
Canticum trium puerorum hizneurtuzko Jainko laudoriozko poemaz baliatu zen zazpi euskalki edo aldaeretara itzulirik emateko (1858), beronetan bizkaieraren eredu bi eskaintzen dituela: orokortzat jotzen duena (Añibarroren bidekoa) eta Markinakoa (Mogelenekoa).
Asteteren kristau doktrina laburra izan zuen oinarrizko beste testuetariko bat, hainbat euskalki xume plazaratzeko. Hala atera zituen batera 1869an aezkera, zarai-tzuera eta erronkariera, ibarrotan zituen lankide finei esker. Berdin-tsu Bizkai eta Arabako hizkera berezi batzuetakoak: Laudiokoa batetik, eta Bizkaikoak bestetik: Bermeo, Arratia, Otxandio eta enparatuko (1858).
Biblia osatzen duten liburuak dira bestetik, testamentu berriko zein zaharrekoak. Berriko ebangelioak (Mateo, Markos, Joan) eta zaharreko hainbat: Ruth, Apokalipsia, Salomonen Kanta eta beste. Goi nafarrera hegoaldeko hizkerarako Joakin Lizarraga Elkanokoaren itzulpen batzuez ere baliatu zen (Joanen ebangelioa eta Jesusen koplak).
Bonaparte printzea bere jaiotzaren 2. mendeurrenean gogoratzeko arrazoirik asko dugu gaurko euskaldunok. Ikuspegi luze-zabala eta urrunerakoa erakutsi zituen, eta etxekoei begiak ireki zizkien. Batetik, euskararen ikerkuntzarako oinarri sendoak finkatu zituen, mende erdi lehenago Humboldtek egin zuen bidetik, baina areago. Euskal dialektologiaren gurasotzat aitortua da gaur egun, eta haren urratsei jarraiki ekin izan diote ondorengoek, Azkuek eta bestek, beren ikerketetan. Euskaltzaindiak ere, euskalkiak eta hizkerak ezagutu eta ikertzeko kezka-asmoak sorreratik bertatik izan ditu, tokian tokiko hizkerak direlakoan hizkuntzak bizirik irauteko bermeetariko bat. Eta lehengo mendearen 80.eko hamarkadan Euskararen Herri Hizkeren Atlasa abian jartzeko lehen zimenduak harengandik datoz, eta gaur bildu emaitzetan hark ereindako hazia dago.
Bigarrenik, Bonaparterekin zordun gara, euskal idazle eskola bat sortzeko gai izan zelako: hark ipini zituen euskaraz idazten, edota diruz babestu zituen, bere aldiko hainbat gizon eskolatu, elizgizonak eta bestelakoak, euskara idatziari hats eman ziezaioten. Hitz batez, euskararekiko atxikimendua ernarazi edo piztu zuen euskaldun garaikideen artean.