Euba, pertsonaia aipagarriak eta euskararen sustatzaileak

Duela hirurogei urte Eubara hamalau pasiotar iritsi zirenetik, hamaika pertsona arduratu da bertan sortu zen proiektua aurrera ateratzen, bere arima izan direlarik

Gregorio Arrienen erreportajea

aurreko idazki batean DEIAn Eubako 60 urteko historiaren lerro nagusiak azaldu baziren ere, egoki iruditzen zait lan hau osatzea, aparteko lana egin zuten hezitzaile-talde eta pertsonaia aipagarri batzuei buruzko datu berriak gehituz. Dudarik gabe, beraien heziketa-lanaren fruiturik baliotsuena Eubako geletatik igaro diren ikasleak dira: ikasle ohiak dira ikastetxearen emaitzarik oparoena.

1956an Eubara iritsi ziren lehen hamalau pasiotarrak, itzelezko eraikin dotore eta erraldoia aurkitu zuten bertan, baina edozein erakunderen hastapenetan gertatzen den bezala, inauguratu berri zen ikasturtea aurrera eramateko hezkuntza-komunitate batek behar zituen baliabideen eta baldintza egokien gabezia zen nagusi. Baina talde haren egokitze-gaitasunak oztopo guztiei egin zien aurre. Pasiotarren lehen talde hura honako hauek osatzen zuten: Balendin Mendibe (nagusia) Leonides Otegi (espiritu-zuzendaria eta irakaslea), Gabino Zugazaga (prefektua eta irakaslea), Asensio Belamendia (prefektuaren laguntzailea eta irakaslea), Lorentzo Iza, Jose Mª Larrarte, Koldo Sarasola, Jose Mª Garijo, Isaak Calle irakasleak eta Feliziano Gerrikabeitia, Blas Barinaga, Martzelo Jaio, Pablo Areitioaurtena eta Andres Gezuraga anaiak, azken hauek obren, soroen, sukaldearen, jostundegiaren, garbitegi zerbi-tzuen… ardura zeramatzaten. 1956ko irailaren 14an inauguratu zen Eubako Apaiztegia.

Ehunen bat ikaslerekin lan egin behar zuen Eubako lehen hezitzaile-talde hartan, irakaskuntzan eskarmentu handia zuten eta euskal kulturan paper adierazgarria izango duen jendea zegoen; adibide bat Jose Mª Larrarte da: hezitzaile handia eta euskararen ikastuna, Bidegileak bildumaren pertsonaietako bat da. Frankismoaren urte gogorretan, euskara sakontasunez eta gogo beroz landu zen Eubako geletan.

Ikasturteak aurrera joan ahala, ikasleriaren kopuruak gora egin zuen, eta irakasle berriak gehitu ziren: Kamilo Letamendi, Miguel Blanco, Jabier Gallastegi, Luis Lopategi, David Arrieta, Rosendo Díaz, Jesus Mª Iturrioz, Martin Camino, Eleuterio Larruskain, besteak beste. Gabiriako garaietatik Miguel Blancok literaturan eta, orokorrean, didaktikan erabiltzen zituen metodo berritzaileengatik nabarmendu zen eta Euban bide berberari ekin zion.

Aipatutako irakasleen ondora, goi mailako musika irakasleak heldu ziren: Jesus Etxeandia, Alfonso Mª Aizkorbe, Gregorio Paredes eta beste batzuk.

Egunero egin behar ziren lanen aniztasunak eta kopuruak gora egin ahala, anaia pasiotarren zenbakiak ere gora egin behar izan zuen: Julian Gerrikagoitia, Isaak Irazabal, Luis Zarrabe, Plazido Gojenola, Luis Mª Lauzirika… etorri ziren Eubara.

Apaiztegiaren garaian, Nagusiak zuen aginpidea eta bere eragina pertsonengana eta etxeko hainbat alorretara heltzen zen: lan handiak egin ziren ikastetxearen baldintzak hobe-tzeko. Horrela, Karlos Lizarragaren agintea, 1966-69 urteen artean, kon-tzilioaren osteko aldian, une mugitu eta berritzaileetakotzat hartzen da: Apaiztegian egin ziren lanez gain, bere garaian 4. eta 6. mailetako errebalidak eta PREU ezarri ziren. Ikasturtero handitzen zihoazen hezkun-tza-beharrizanei erantzuteko, irakasle laikoak kontratu ziren: natur zien-tziak, matematikak eta hizkuntzak irakasteko irakasleak izan ziren.

1956 eta 1969 urteen artean, nagusi, zuzendari, irakasle eta anaien artean, berrogeita hamar pasiotarretik gora igaro ziren Eubatik. Ikasleen kopurua 1.029 ingurukoa izan zen.

JENDE BERRIAREN ETORRERA 1969-70 ikasturtean aldi berri bati eman zi-tzaion hasiera Euban: Apaiztegia San Gabriel Ikastetxe bihurtu zen, gehienbat bokazio, erlijio eta soziokultural arrazoiengatik. Urte horietan nagusiak izan zirenak -Atanasio Amundarain, Jose Jabier Armendariz, Fermin Iraolagoitia…- instalazioetan zein ikasketetan burutu ziren berrikun-tzen arduradunak eta, aldi berean, lekukoak izan ziren, eta azkenean ikastetxearen errekonozimendu ofiziala eta OHO (EGB), BBB (BUP) eta UBI (COU) ezartzea lortu zuten. Asko izan ziren ikastetxe berriaren hastapenetan lan gogor eta adoretsua egin zutenak: J. B. Belamendia, Dositeo Aldai, Jose Jabier Armendariz, Jabier Gallastegi, Kalixto Uriarte eta beste batzuk.

Ikastetxearen irakasle zerrenda osa-tzeko, 70eko eta 80ko hamarkadetan irakasle berriak etorri ziren Eubara: Felix Zubiaga, Gregorio Arrien, Luis Elordi, Paskual Barturen, Sabin Barruetabeña, Juan Miguel Saez de Lafuente, Juan M. Santamaria, Javier Areitioaurtena, Jesus Goikoetxea, Esteban Aurre, Jose Antonio Garro, Luis Antxia, Jose Larruskain… Eman behar zituzten ikasgaiak irakasteko eta lanak eskatzen zituen helburuak betetzeko gaituta zeuden denak. Aldi horretan, gora egin zuen irakasle laikoen -gizonezkoak zein andrazkoak- kopuruak, eta epe laburrean klaustroaren gehiengoa osatu zuten.

Aipatutako pertsonaien artean, honako bi hauek nabarmentzea merezi dute: Kalixto Uriartek eta Sabin Barruetabeñak. Arlo ezberdinetan aritu ziren, baina oso maite zituzten eta oroitzapen ikaragarri ona utzi zuten lankideen eta ikasleen artean.

Kalixto Uriarte (1930-1996), Zuzenbidean lizentziaduna zen. Irakasle, disziplina prefektu eta kiroletako arduraduna izan zen Euban. Denbora eta lan gehiena kirolen antolaketara bideratu zuen: batez ere futbolera, saskibaloira eta pilotara. Edozein atsedenaldi egokia zen kirol lehiaketak antolatzeko. Bere garaian lortu ziren kirol arrakastez gain, pedagogian oinarrizkoak ziren balioak landu zituen: esaterako, ikasleen arazoekiko enpatia, aditasuna eta interesa.

Sabin Barruetabeña (1934-2005) euskara batuan eta euskalkietan aditua zen. Ezagutzen zutenek beti azpimarratzen zuten bere euskara maila. 1977 eta 1993 urteen artean, San Gabriel Ikastetxeko eta Lauaxeta Ikastolako irakaslea izan zen. Zenbait idazkiren egilea bada ere, bere lanik nabarmenenak itzulpengintzan egin zituen; gustukoen zuen arloa zen eta denbora gehien dedikatu zuena. Goi mailako itzultzailea zen. Ekarpen handiak egin zituen parte hartu zuen erakunde eta lan-taldeetan: Radio Popular, Euskara Pausoak, Pasiotar Euskal Pastoral Elkartea, Ibaizabal Argitaletxea… 80ko hamarkadaren lehen zatian idazki asko argitaratu zituen DEIA egunkarian; ugariak dira Redención eta Angosto aldizkarietan egiten zituen kolaborazioak.

JARDUNEAN DAUDEN PERTSONAIAK Urteak aurrera joan ahala, pasiotarren Komunitateak beherakada izan du, kideen kopuruari dagokionez, baina hori ez da izan oztopo euskal kulturaren eta euskararen inguruan lan egiten jarraitzeko. 2006ko abenduan Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion Eubako pasiotarren Komunitateari, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik. Sari hau ematerakoan kontuan hartu ziren: Eubako Komunitatearen euskararen aldeko urteotako lana; euskaraz egindako predikua eta liturgia-zerbitzuak; pasiotarrek idatzitako liburuak eta argitaratzeak. Hainbat irratitan egindako lanak, Bidea.net web orria, sortutako beste erakunde eta ekintza batzuk: Ibaizabal argitaletxea, Orue aldizkaria, Karramarro aldizkaria, Lauaxeta Ikastolaren lana …

Jarraian aipatzen diren autobiografietan azaltzen dira gaur egun Euban bizi diren pasiotarren ibilbide profesionala eta Eubako errealitatea isla-tzen du:

ANDRINUA LARIZ, Martxel: Bolibarren (Bizkaia) 1930ean jaioa. 1961ean Euskaltzain urgazle hautatua. Alfontso Irigoienekin batera bertsolari txapelketaren eratzaile eta epaimahaikoa. Eubako Euskal Jaien (1957-77) era-tzailea. Lau antzezlan idatzi ditu. 1956an hasita gaur arte etengabeko predikaria izan da Hego Euskal Herrian. Hainbat irrati eta aldizkaritan lan egin du. Bilboko Elizbarrutian gotzain bikario-ordezkaria (1973-1984). Pasiotarren artean kontseilari eta erretore. 1997tik Bizian Gora adinekoen mugimenduaren kontseilari euskal alderdian. 12 liburu ditu argitaratuak.

2007an omenaldia jaso zuen aita Martzel Bertsolari liburua oparituz.

ZUBIAGA, Felix (1932): Humanidadeak (1948) egin zituen Elizako Apaiztegi Txikian, eta Filosofia eta Teologia (1953) Apaiztegi Nagusian. Erromanika ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean (1976) eta bere tesiaren izenburua: Unamuno y las Lenguas Peninsulares. Bere erakarpena: Vascuence, inconsciente coletivo (2005).

Doktorego Ikasketak Deustun egin zituen (1999) eta tesiaren izenburua: Vascuence y Mitoanálisis (2000) Ez onartua. Zehaztasun gehiago Amarekin topo (2011).

Euskeraren inguruko lanak argitaratu ditu, Redención Idazkaritzan (1963), Redención-Ikastola (1977), Maisutza Lauaxeta Ikastolan (1977) Ikasketa gaiak Euskara, Artea, Irakurketak, Ipuina, Teatroa, Poesia, Elaberria, Eleiker Bloga, Eleiker mitoanalisiaren jarraipena eta ikerketa honen azken titulua Ama Eskolako Hizkuntza Bakarra (2016).

Jaio, Jabier: Iurretan jaioa (1951). 1962an Gabiriako Apaiztegira joan zen eta hurrengo urtean Orue-Eubakora, batxiler ikasketak egitera. Urte haietan Apaiztegian euskara irakasten zen eta hantxe alfabetatu zen. PREU Irunen eta Filosofia-Teologia ikasketak Gasteiz eta Deustun burutu zituen. Abadetu ondoren, Lauaxeta Ikastolan erlijio klaseak ematen zituen eta pastoraltzan parte hartzen zuen. Orue, Berriz, Elorrio eta gaur egun Zornotzan dabil pastoral lanean. Laiko batzuen laguntzarekin, 10 urte dira Bidean.net webgunea sortu zuela eta eguneratuta jarraitzen du bizkaieraz, batuaz eta gaztelaniaz, batez ere pasiotar gaiak eta liturgiako hainbat arlo eskainiz.

LARRUSKAIN GARITAGOITIA, Jose: Markina-Xemeinen jaio zen 1939an. Soziologian lizentziaduna eta EGA tituluduna. Gazte-gaztetatik irakaskuntzan jardun da. Irakaslea izan da Cajicá-ko (Kolonbia) ikastetxean; Erlijio irakaslea Erandioko Konpasionisten Ikastetxean, Balmasedako Maristetan eta Lauaxeta Ikastolan. La Paz-eko ikastetxeko (Dominikar Errepublika) zuzendaria ere izan zen.

Pastoralari dagokionez, Medellineko (Kolonbia), Deustuko San Felizisimoko, Iurretako eta San Sebastiango (Puerto Rico) koadjutorea izan da. Espainiar emigranteen kapilaua izan zen Parisen, eta La Pazeko (Dominikar Errepublika) eta Traslaviñako (Balmaseda) erretorea.

ARRIEN, Gregorio: Kortezubin jaioa (1936). Historian doktorea. Irakaslea izan da Eubako San Gabriel Ikastetxean eta Lauaxeta Ikastolan. Bere ikerketa lanak hiru arlotara bideratu ditu: hezkuntza Euskal Herrian; erbesteratze politikoa: bereziki ume euskaldunen ebakuazioa, eta pasiotarren kongregazioaren historia.

Erbesteratuen oroimenak (2013) lanean biltzen da erbesteratzeari buruz argitaratu dituen liburu gehienen zerrenda, baina gai horri buruzko lanik onena eta osoena bere azken liburua da: ¡Salvad a los niños! Historia de los niños vascos en Gran Bretaña (2014). Zenbait errekonozimendu eta sari hartu ditu, esaterako 2008ko Urrezko Luma.