Chim Seymour argazkilari poloniarrak 1937. urteko hasieran Lea-Artibain ateratako argazkiek gerra zibilaren egoera larrian euskalde honetako biztanleek erakutsi zuten bizitza aurrera ateratzeko kemena islatzen dute
Patxi Juaristiren erreportajea
David, Chim, Seymour (1911-1956), Robert Capa (1913-1954) eta Gerda Taro (1910-1937) errepublikazaleen aldean argazkiak ateratzen aritu ziren Gerra Zibilean. Eta, egia esan, euren lanak, balio historikoa eta artistikoa izateaz gainera, iraultza izugarria ekarri zuen garaiko kazetaritza grafikora, hasiera emanez gerrako argazkigintza modernoari.
1936tik 1939ra egin zituzten argazkien 4.500 bat negatibo eta baita inprimatutako argazki batzuk ere ia 70 urtez egon ziren gordeta (edo galduta) Mexikon, gerora Maleta Mexikarra izenarekin ezagutu den kartoizko hiru kaxatan.
Robert Capa hiru kaxok Frantziatik ateratzen saiatu zen 1940. urtean, naziak hurbiltzen ari zirelako beldurtuta, eta oso argi ez dauden gora beherak medio, 1941ean edo 1942an, jeneral mexikar baten eskuetara heldu ziren. Cornell Capak, Robert-en anaiak, bazuen argazkion berri, eta urteetan aritu zen horien bila, baina arrakastarik gabe. Dena dela, 2007an, ustekabean, jeneralaren ondorengoek bere eskuetan utzi zituzten hiru kaxok. Horrela, 2011n ikusi ahal izan ziren, New York-en, Cornell Capak bere anaiaren argazki-ondarea kudeatzeko sortu zuen International Center of Photography-ri esker.
La maleta mexicana. Las fotografías redescubiertas de la guerra civil española de Robert Capa, Chim y Gerda Taro liburuan esaten da Chim 1937ko urtarrilean eta otsailean egon zela Lea-Artibai eskualdean. Bertan agertzen den sekuentziari kasu egiten badiogu, lehenengo Lekeitio bisitatu zuen, ostean Berriatua eta azkenik Ziortza-Bolibar.
Lekeition Txatxo kaia eta eliza erretratatu zituen, baita bertako edo inguruko azoka bat ere. Argazki multzo berean, lau argazki daude moja bat zauritutako gudari edo miliziano bat zaintzen erakusten dutenak. Pentsatzekoa da argazkiok Lekeitioko Zita enperatrizaren jauregiaren beheko solairuan Eusko Jaurlaritzak eratu zuen ospitalean ateratakoak direla. Ospitale honek 68 gaixorentzako tokia zuen, eta bertan Lekeitioko Sektoreko borroketan zauritzen zirenak artatzen zituzten.
Lea-Artibai eskualdera egin zuen bigarren bidaia ere Lekeitioko Sektorera izan zen; zehatzago esanda, Berriatuako Asterrika auzora. Kontuan hartzekoa da Deba, Mutriku, Ondarroa eta Mendaro inguruan zeuden errekete eta falangistengandik Bizkaia babesten zuen Gipuzkoako Frontearen zati bat Berriatuko lurretan zegoela, nahiz eta gerrako gune horri Lekeitioko Sektorea dei-tzen zitzaion; hain zuzen ere, bertan kokatu zirelako komandantzia, soldaduen kuartelak eta ospitalea.
Bigarren bidaia horretan, Chimek mezaren prestaketak egiten ari ziren Mungia batailoiko Txorierri konpainiako gudariak erretratatu zituen, Asterrikako Alipasolo baserriaren aurrean; baita Jesus Jaio Urionabarrenetxea Aita Julian (Ziortza-Bolibar, 1911-Lima-Peru, 2008), konpainiako kapilaua, meza esaten, eta inguruko baserritarrak eta gudariak meza entzuten. Mezatan herritarrak daudela kontuan hartuta, gure ustez, argazki horiek igande goiz batean aterakoak dira. Argazkiok 1937ko martxoaren 4ko Regards aldizkarian argitaratu ziren.
Markina eta Ziortza-Bolibar Badirudi Chimek Berriatuan atera zuen argazki honetan agertzen den emakumeetariko bat Engrazia Bikandi dela; frankotiratzaile frankistek hil zutena 1937ko otsailaren 24an, 18 urte zituela.
Engrazia Asterrika auzoko Asterrikakua baserrian bizi zen. Luis Almagro tenientearen 1937ko martxoaren 5eko txostenaren arabera, 1937ko otsailaren 24an, 13:30ak inguruan, Bikanditarrak etxean zeudela, frankistek, Urkixamendi edo Goikomendi ingurutik botatako balek (ziur asko metrailadore baten bidez) etxaurrean jo zuten. Horietariko bi bala atetik sartu, eta Engrazia hil zuten.
Hirugarren bidaian, Chimek Markina eta bereziki Ziortza-Bolibar bisitatu zituen, 1937ko otsaileko igande arratsalde batean.
Markinako sarreran argazki bakarra atera ostean, argazkilari poloniarra Ziortza-Bolibarrera abiatu zen.
Herri horretan ateratako argazkietan, herritarrak agertzen dira San Tomas elizatik ateratzen, arratsaldeko arrosarioa entzun ostean; baita bi abade ere, Chim berarekin eta beste gizon batekin hitz egiten. Abadeetariko bat Pedro Zenarrutzabeitia Urionabarrenetxea (Ziortza-Bolibar, 1901 – Bilbo, 1987) da, Ziortza-Bolibarko abade laguntzailea eta nire emaztearen aitaitaren anaia.
Bonetearekin agertzen den beste abade altua Domingo Txomin Ugartetxea Urkieta da (Markina, 1885 – Lamiako, 1958) (Jose Domingo Santa Teresa karmeldarraren anaia), garai hartan herriko parrokoa.
Lea-Artibai eskualdean Chimek 1937ko hasieran atera zituen argazki hauek guztiek gauza asko adierazten dituzte, baina nik sei gogoeta egin nahiko nituzke:
Lehenengo eta behin, gerrako egoera zail hartan herritarrek bizirauteko zuten gogoa erakusten digute. Chimek giro latza topatu zuen Lekeition, Berriatua, Markina edo Ziortza-Bolibarren. Zibilen zein Lekeitioko eta Markinako sektoreetan borrokatzen ari ziren gudari eta miliziarren heriotzek ezinegon eta urduritasun izugarria sortzen zuten; gainera, asko izan ziren, bonbardaketa eta tiroekin beldurtuta, euren etxea utzi eta beste nonbaitera bizi-tzera joan zirenak, eta oinarrizko elikagaien gabezia gero eta mingarriagoa zen. Edozelan ere, bere argazkiek oso ondo adierazten dute jendeak euren bizimoduekin eta egunorokotasunarekin jarraitzeko zuen grina: azokara eta mezetara joaten ziren, elkarrekin egoteko eta hitz egiteko momentuak topatzen zituzten, umeak kalean jolasten zuten…
Bigarrenik, Chimek argi erakutsi zuen herritarrak zein gudariak fededunak zirela eta elizari izugarrizko errespetua ziotela: mojak zauritutako gudariak zaintzen agertzen dira Lekeition, gudariak meza prestatzen eta meza entzuten Berriatuan, herritarrak eta abadeak Ziortza-Bolibarko eliza aurrean, igande arratsaldeko arrosarioatik ateratzen… Fedearekin eta elizgizonekin loturiko argazkiokin, errepublika babestu zutenen, eta, zehazki, gudari eta milizianoen aurka, batez ere Frantzian, hedatzen ari zen propagandaren aurka egin nahi zuten.
Chimek militar eskuindarren altxamenduaren bidegabekeria ere erakutsi zuen. Eta horrekin batera, baita errepublikazaleen kausaren alde hartu zuen konpromisoa ere. Alegia, Capak eta Tarok bezala, Chimek ere errepublikarren aldeko argazkigin-tza egin zuen, militarren estatu kolpeak eragin zuen drama nazioartean salatzeko.
Argazkiak ikuskatuz ateratzen dugun laugarren ondorioak Chimen argazkietan agertzen diren pertsonekin zerikusia dauka. Aipagarria da Lea-Artibai eskualdean erretratatu zituen elizgizon guztiak harreman estua zutela Ziortza-Bolibarrekin. Alipasolo baserrian meza esaten agertzen dena Jesus Jaio, Aita Julian, da, Ziortza-Bolibarko Karakate baserrikoa. Bestetik, Ziortza-Bolibarreko parrokoa, Domingo Txomin Ugartetxea, eta bere abade laguntzailea, Pedro Zenarrutzabeitia, agertzen dira.
Larreako komentua Hipotesi bat da, baina iruditzen zaigu Chim Seymourrek Jose Sotero Urionaguena fraide karmeldarraren aholkuz bisitatu zituela elizgizon hauek Lea-Artibaira etorri zenean. Izan ere, Jose Sotero Urionaguena – Rafael San Joserena Amorebieta-Etxanoko Larreako karmeldarren komentuko priorea zen, Chimek komentu hori ezagutu zuenean, 1937ko urtarrilaren bukaeran.
Larreako komentua gudarien kuartela izan zen 1936ko abuztuaren 4tik 1937ko maiatzaren 18an frankistak hartu zuten arte. Chimek komentuko bizitza eta fraideen eta gudarien arteko elkarbizitza erretratu zituen. Larrean egin zuen erreportajeko argazki batzuk 1937ko otsailaren 4ko Regards aldizkarian argitaratu ziren.
Jose Sotero Urionaguena fraideak Chim Berriatura edo Ziortza-Bolibarrera joateko izan zuen eragina onartuta, hipotesi gisa bota nahi dugun bosgarren ondorio da Alipasolo baserriko eta Ziortza-Bolibarreko argazkiak 1937ko otsailean ateratakoak direla. Hori pentsatzeko bi arrazoi ditugu: Alde batetik, kontuan hartu behar dugu Chim urtarrilaren bukaeran egon zela Larreako komentuan, eta, argazkien sekuentziari kasu eginez, Jose Sotero Urionaguena fraidearekin egon ostean etorri zela Lea-Artibaira.
Bestetik, aipagarria da Alipasoloko argazkian agertzen den Engrazia Bikandi 1937ko otsailaren 24an hil zutela. Beraz, Chim egun hori baino aurretik egon zen Berriatuan. Alegia, pentsa daitekeena zera da: Chimek otsaileko lehen hiru igandeetariko batean (7an, 14an edo 21ean) atera zituela Alipasoloko argazkiak.
Azkenik, Chimen argazkiek zuzenean ikusten ez den beste zerbait ere erakusten dute: Frankoren errepresioa. Izan ere, erretratatu zituen Ziortza-Bolibarko lau elizgizonak atxilotu eta kartzelan sartu zituzten, Bizkaia frankisten eskuetan jauzi zenean.
Jesus Jaio, Aita Julian, Santoña inguruan preso hartu, eta 1937ko irailaren 6aren bueltan, Duesoko kar-tzelan sartu zuten. Espetxean bi urte egin zituen, abertzalea izateagatik eta errepublikazaleen alde kapilau-lanetan aritzeagatik. Ostean, Francoren kapilau izatera behartu zuten. Bizkaian eta Galizian abade lanetan aritu ostean, Hego Ameriketara joan zen, eta Liman hil zen.
Pedro Zenarrutzabeitia eta Domingo Ugartetxea 1937ko maiatzaren lehenengo egunetan atxilotu zituzten, eta beste abade batzuekin batera Bilbon epaitu zituzten, 1937ko abuztuaren 31n. Epaiketan libre gelditu baziren ere, ez zieten utzi Zior-tza-Bolibarrera bueltatzen
Azkenik, Jose Sotero Urionaguena fraidea 1937ko apirilean atxilotu zuten, eta abuztuaren 2an atera zen sententziaren arabera, 16 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 1940ko uztailaren 29ra arte egon zen Carmonako kartzelan, eta baldintzapeko askatasunarekin atera ostean, Santanderreko Hoz de Aneroko komentuan bizitzera kondenatu zuten.
Chimen argazkiek gerrako drama, herritarren bizitzeko gogoa, eskuindarren altxamenduaren bidegabekeria, herritarren zein gudarien fedea edota Bizkaia frankisten eskuetan jauzi osteko errepresioa erakusten digute. Zalantza gabe, bere begira-tzeko modua gure memoria historikoa jorratzeko eta gerra zibilaren drama ulertzeko iturri ezin hobea da.