Irakasleak ere bueltatuko al dira eskolara?

Ikasturtea bukatu zenetik denbora luzea joan dela sumatuko dute batzuek agian; beste batzuei ziztu bizian joan zaizkie udako hilabeteak. Dena den, eskolara itzultzeko garaia iritsi da.

Horretan ari garela, eta robotek bizitzan (eta lanpostuetan) izan dezaketen eragina kezka-iturri, mintzagai eta aztergai denean, Txinan eskoletara ere heldu direla irakurri nuen Jorge R. López Benitoren bidez.

Lehenengo eta behin, ustez Carles Monereorena den esaldi bat gogoratu nuen. Halaxe dio: makina batez ordezkatu ahal den irakasleak ordezkatua izatea merezi du.

Handik gutxira, berriz, artikulu batekin egin nuen topo; zergatik konputagailuek ezin dituzten irakasleak ordezkatu azaltzen da bertan; oro har, ados nagoela esan behar. Are, La Sextan erabilitako informazioaren arabera, irakasleena ez dago errazen ordezka litezkeen ogibideen artean (eta BBCk duen aplikazio txiki batean ere egin daiteke froga).

Gerora, jatorrizko berrian haur hezkuntzaren esparrua agertzea egin zitzaidan deigarri.  Beste bi hausnarketa egitera eramaten nau gertakari horrek. Alde batetik, ematen du arlo hori dela aldatzeko errazena edota aldaketak zein berrikuntzak errazen onartzen (edo jasaten) duena. Bestetik, horren azpian zer dagoen azaleratzea komeniko litzatekeelakoan nago; izan ere, ematen dit eskolako aro horri ez zaiola behar besteko garrantzirik ematen beti (eta horregatik ausartu direla Txinan aro horretan sarten robotak, lana errazena delakoan edo).

Enpin. Momentuz (behintzat), ez dut uste Nao izango denik bertso-eskoletan irakasle berria.

Nao, robot bertsolariaren argazkia

Hizkuntzak eta politikariak

Ez zait gustatzen hizkuntzak jaurtitzeko armak bezala erabiltzea. Azken finean, gizarte osoaren kontrako ekintzak direlakoan nago, nahiz eta epe motzeko etekinei begira dagoenak dena dela zilegi pentsatuko duen.

Euskarari buruz Pablo Casado politikariak esandakoak eragin zidan berotua pasa ondoren iritsi naiz ondorio horretara . Izan ere, linguae navarrorum bezala ezaguna  dena Nafarroako hizkuntza ez dela esaten duenak (Noticias de Navarran berria) ezagutza eskasa edo aholkulari txarra duela pentsatu nuen hasiera batean. Halaber, niri orain dela urte batzuk gertatutakoa gogorarazi zidan: Nafarroako Arantza herrian topatu nuen emakume zaharrak harro-harro esan zidan legez,  han den-denak ziren euskaldunak, Gipuzkoako edozein herritan baino ehuneko handiagoan. Zer gertatuko litzateke emakume nafar hari euskera ez dela berea esango balio inork?

Joxemai https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Arantza_2016.jpg CC By SA 4.0

PP alderdikoa den ezagun bati (kuota ordaintzen duena, bere esanetan) adierazi nion nire hasierako susmoa, baina berak beste aldagai bat aipatu zidan: entzuten ari denak entzun nahi duena esatean egon litekeela oinarria, esandakoa egia ez dela jakin arren. Oso arriskutsua iruditzen zait halaxe jokatzea; esaera zaharrak dioenez, hazi txarretik uzta onik ez (edo gaizki esatea baino, hobe isilik egotea).

Areago oraindik: hizkuntzak eta emozioak-sentimenduak lotuta daude; ez dugu berdin jokatzen edota sentitzen gure ama-hizkuntzan edo beste batean aritzean, Jon Andoni Duñabeitiari  hitzaldi batean aditu nion bezalaxe. Ikuspegi hori kontuan izan dute seguruenik, Pedro Sánchezen ingurukoek katalanaren erabileran, Antoni Gutiérrez Rubi-ri irakurri diodanaren arabera .

Isiltasuna eskolan

“Bost aholku zure ikasleak gelan isilik egon daitezen” izeneko sarrera batekin egin nuen lehengoan topo Sarean, berez berrikuntzaren esparrutzat daukaten gune batean. Sartu egin nintzen jakin-minez, eta hasiera bera oso esanguratsua iruditu zitzaidan; ziotenez, eskoletan ikasleak isilik egotea eta arreta ez galtzea da irakaslearen zereginik zailenetakoa. Alegia, eskolaren kudeaketa eta diziplina kontua ei zen nagusi nire ustez.  Bost aholkuen artean ere bazegoen bitxikeriaren bat; besteak beste, argiak bapatean itzaltzea edo kontagailu bat jarri eta sariak ematea.

Umeek egiten duten legez, “zergatik” galdera erabiltzea komenigarria eta lagungarria delakoan nago, arazoaren benetako jatorriaren bila. Hala, neure buruari honelako pare bat egin nizkion: zergatik ez dira isiltzen ikasleak eskolan? zergatik egon behar dute isilik ikasleek eskolan?

Nire ezagun batek zioen bezala, bitxia da hizkuntza gaia duten hainbat eskolatan irakaslea izatea hitz egiten duen bakarra edo ia bakarra… urteetan errealitatea hori izan den arren.

Halaber,  gertakari bat gogoratu nuen isiltasuna zela tartean. Lehen hezkuntzako irakasle batek zioen bere ikasle bati buruz ona eta fina zela, baina aldi berean berritsua. Eta lehenengo “zergatik” galderari honela erantzun zion: ondokoarekin sarritan hitz egiten zuelako. Horren ondorengo bigarren “zergatik” galderari berriz hau erantzun zion: agindutako lanak azkarrago bukatzen zituela eta aspertu egiten zela antza zenez. Ondorioz, bestelakoa zen arazoa, zergatia eta irtenbidea; are, ume hark esan zuen bezala, lanak azkar amaitzekotan gelako “ordenagailuaren txokora” bidaltzen zituzten eta ez ei zen batere erakargarria, jokoak eta ariketak zaharkituak zeudelako eta errepikakor samarrak zirelako gainera.

Laburbilduz, nire iritziz, ikasleek noiz egon behar duten isilik eta noiz ez da aztertu beharreko jokabide metodologikoa, diziplina eta kontrola baino areago. Adinaren araberako bideaz, joko-arauak esplizituki jakitea ere egokia izango da. Eta, seguruenez, ikasleek hitz egitea nahi denean isilik badaude ere kezkatu egingo da irakaslea, ezta? Izan ere, “egun batzutan isiltasunak ere desafinatzen du” dio euskaratutako fado batek.

Artizarra eta ziberkomunitateak

Ez natzaizu egunsentian edo ilunabarrean eguzkiaren inguruan ikus daitekeen argizagiaz; ezta Donibane Garazin aurki daitezkeen “artizarra” izeneko gailetez ere. Atzo aurkeztu zuten Bilbon Artizarra, “euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala” izango dugu gaurkoan mintzagai.

Atzoko aurkezpen-saioan, baikorregi sumatu nituen hizlari guztiak. Horrexegatik, besteak beste, nire atzoko txioa zertxobait argitzea izango da sarrera honen helburua.

Ikusi beharko dugu zein den dagoeneko 400 kidetik gora duen ingurune honen bilakaera. Ingurune edo webgune diot; izan ere, sare sozialak modu presentzialean ere badaudela esan ohi dut sarri (UEU bera aztertzea nahikoa litzateke adibide bat baino gehiago izateko). Halaber, Internetek horrelako egitura sozialak hedatzeko,  zabaltzeko, indartzeko balio dezakeela, denbora eta espazioaren mugak gaindituta. Horregatik, ez dut gustuko “sare sozial” besterik gabe erabiltzea.

Bestetik badaude, eta nik egindako ikerketa nagusia dut gogoan (txiotesian laburtua; “Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza” artikuluan landuago aurkeztuta; tesi osoa ere eskura duzu, hala nahi baduzu), komunitaterako bidea (edo ziberkomunitaterakoa) erraztu, zaildu,  oztopatuko… duten kontu edo faktore batzuk; 16 zehaztera heldu ginen. Seguruenik horiei (eta gehiagori ere bai) erreparatu diete proiektua martxan jarri aurretik, baina azpimarratu dezagun horietako baten bat.

  • Partaidetza (eta partaidetza pasiboa) da oinarrizko puntuetako bat, zalantzarik gabe. Alegia, zein mailatan hartzen dute parte modu aktiboan izena eman dutenek. Are, partaidetzaren kalitateari ere erreparatu beharko litzaioke, “partaidetza soziala” deritzona (agurrak eta antzekoak) nagusitu ez dadin.
  • Lidergoa, dinamizazioa. Hona hemen beste alderdi garrantzitsu bat: nork eta nola egingo duen lan hori, zein baldintzatan…
  • Espazio batean egotea bai da funtsezkoa, baina espazio horrek ez du zertan itxia izan behar. Neure burua ere badut orain gogoan; “beste gune bat, hau nagia!” pentsa dezakeenik egon liteke, pentsatzen duena egongo da. Beste profil bat sortu eta zaindu beharra, beste gune batean sartu behar berriak ikusteko eta komunikatzeko… Orain artekoak nahikoa ez balira bezala.
  • Gehiago ere badaude: helburu komunak, partaide-kopurua…

Azken finean, sarritan aipatzen dut Remei Campsek idatzitakoa ematen ditudan hitzaldi eta saioetan zein idazkietan: edukiagatik heltzen dira pertsonak komunitateetara, baina erabilgarritasunagatik eta harremanengatik geratzen dira. Geroak esango digu zein izan den Artizarraren bidea.

Euskararen erabilera sustatzeko baliabideak

Euskararen tresnak izena du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarean duen  bildumak. Erreminta sorta berri bat aurkeztu zuten otsailaren 8an euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko, aipatutako bilduma hori eguneratuz.

Aurkeztutako tresna beri horien artean, Elhuyar hiztegiaren bertsio berria eta berorren hiztegi digitalaren aplikazio berritua, bederatzi hiztegi terminologiko berri, Hiztegibar plugin-aren bertsio eguneratua (Chrome eta Explorer nabigatzaileetan modu errazean erabiltzeko orain arte Firefoxerako zegoena) eta Hizketa ereduak argitalpenaren aplikazioa gailu mugikorretarako.

Oso ondo dago baliabideak ugaritzea, eta izugarri hedatzen ari den mugikorren esparrua kontuan izatea. Hala ere (beti dago “baina”-ren bat) ohartxo batzuk partekatu nahi ditut zurekin.

  • Deigarria, material batzuk pdf hutsean argitaratzea eta copyright-a dutela espresuki adierazita gainera, deskargatzea doakoa den arren.
  • Sare Sozialak Hiztegia dago hiztegi berrien artean, eta horren inguruan zerbait kontatu nahi dizut:
    • Aurreko puntuan azaldutakoaz aparte, ez dakit izena bera egokia den, teknologiei “berria” adjektiboa eranstea bezalaxe (zer da berria? noiz arte da berria?).
    • Maiz aipatzen dudanez, ez dira oraingoak sare sozialak nire ustez, aspaldikoak baizik; horiek hedatzeko, handitzeko, zabaltzeko aukera ematen dute teknologiek. Eta hiztegia “sareena” baino zabalagoa da.
    • Ez dute NIA (norberaren ikas-alorra) onartu ingelesezko PLE (personal learning environment) itzultzeko, erabiltzen hasi arren (Irakasbil esparruan, besteak beste). Jasotakoak, “ikaskuntza-ingurune pertsonala”-k alegia, ez du akronimorako bidea ematen (IIP?).
    • “Ikaskuntza-komunitate birtuala” erabaki dute… eta badakizu nire hautu pertsonala,   “ziberkomunitatea” dela (ikas-ziberkomunitatea kasu horretan, hain zuzen), besteak beste birtual horrek kutsua eta ukitua  baduelako (erreala ez dena, “izan litekeena baina ez dena” da Euskaltzaindiaren hiztegian lehenengo adiera; are,  zenbaitetan, bigarren mailako kontua balitz bezala hartzen delako Interneten gauzatzen dena aurrez aurrekoarekin alderatuta). Gogoan izan nire bertsoa Txiotesian: “ziber birtualaren ordez / errealak dira moldez…”

Tira, hemendik aurrera, agian,  blogaria naizela esateaz gain, edukiez arduratzen den komunitate-kudeatzailea ere banaizela esan beharko dut neure burua aurkezteko.