XiX. mendearen hasierako gerra. Lekeitio ia-ia erre zutenekoa

1812an Lekeition gerrillariek eta britainiarrek, batetik, eta frantsesek bestetik izan zuten batailan gertaturiko gorabeherak

Iñaki Goiogana

MILA zortziehun eta hamabiko udaberrian Espainiako independentzia gerra, edo, britainiarrek esaten dioten modura, Iberiar Penintsulako gerra, artean erabakitzeko zegoen, ordurako lau urte borrokan eman arren. Gerra hura pizteko aitzakia Portugalek Frantziako enperadore Napoleoni emandako ezetzean zetzan. Hain zuzen ere, Trafalgarko porrotaren ondoren, korsikarra Erresuma Batua itsasoz ezin garaituz gelditu zen eta britainiarrak makur arazteko Europako kontinente osoaren blokeoa agindu zuen, eta Portugalek ezetz esan zion. Ondoren, Fran-tziak eta Espainiak Portugali gerra egin zioten eta, Portugaleraino joateko Espainia zeharkatu behar zuenez, Napoleonek tropak bidali zituen penintsulara eta batzuk Espainiako lurraldeetan gelditu ziren. Ondoren, penintsula osora zabaldu zen borroka.

Aitzakia hau izanda ere, benetan penintsulan eta kontinente osoan borrokatzen zena, besteak beste, Erresuma Batua eta Frantziaren arteko nagusitasuna zen. 1812ko udaberrian hainbat bataila eta borroka egindakoak ziren elkarren artean etsaiak, baina oraindik argi eta garbi balantza alde batera edo bestera jarri gabe. Portugal aliatuen (Erresuma Batua, Portugal bera eta espainiar frantsesen kontrakoak) esku zegoen, baina penintsulako lurralde gehienak ez. Bizkaiko golkoko kosta osoa Gaztela biak ia osorik (Madril artean) eta Mediterraneoko kosta osoa frantsesen menpe zegoen. Aliatuek, esandako lurraldeaz gain, Andaluzian zuten beste gune bat beraien menpe. Honetaz gain, esan behar da baita ere, frantsesen esku zeuden lurralde zabaletan Napoleonen soldaduen agintea ez zela erabatekoa gerrillarien erasoak tarteko.

Batzuk eta besteak etsaia garai-tzeko indarrez justu zebiltzan, baina Wellingtonek, aliatuen buruzagi nagusiak, aurrea hartzea erabaki zuen Napoleonen Errusia inbadi-tzeko asmoen berri izan zuenean. Urruneko enpresa hartarako enperadore frantsesak soldaduak behar zituen eta Espainian zituen unitateetatik hartzen hasi zen. Hala eta guzti ere, frantziarren indarrak ez ziren gutxi eta garaipena berma-tzeko modua Marmont jeneral frantsesak penintsulan zituen indar guztiak ez batzean zetzan, besteak beste euskal kostan, Kantabrian eta Asturiasen ziren soldadu frantsesak Gaztela aldera joatea eragotziz.

Euskal Herria enperadorearen indarren esku zegoen, nahiz eta gurean ere gerrillari partidak asko eta indartsuak izan eta ejertzito espainiarreko unitate batzuk ibili. Itsasertzean frantsesak ziren nagusi, hain zuzen ere bide hori erabiltzen zutelako ingelesek gerrillarien partidak armaz hornitzeko eta talde militar ez erregular hauei aurre egiteko biderik errazena zelako, kosta itxi eta itsasoan kortsarioak zabaldu.

‘artzaina’ gerrillaria Lekeitioko kasuan 1808tik 1811ra bitartean frantsesek bisitak egiten bazituzten ere azken urte hartako urritik aurrera bertan hirurehun gizonetik gorako goarnizio bat jartzea erabaki zuten. Ordura arte gerrillarien, batez ere Gaspar Jauregi, Artzaina ezizenez, urretxuarrak gidatzen zuen partidarekin, baina baita Juan Ansotegirenarekin ere, pertsekuzioan izan ziren borroken eskenatoki bilakatu zen Lekeitio behin baino gehiagotan, baina borrokak izan ondoren frantses indarrek alde egiten zuten herritik. 1811ko urritik aurrera berriz bertan geldi-tzea erabaki zuten. Ez zen izan hartu zuten autu bakarra. Lekeitiarrez osaturiko guardia zibikoa osatzen ahalegindu ziren, baina, antza denez, arrakasta handirik gabe. Bestalde, herrian kokatu zen destakamendu frantsesak herria gotortzeko hainbat lan egiteko agindu zuen.

Badakigu gerra hasi zenean, 1808an, Lekeitio zaintzeko lau fortin bazirela herriaren mugen barruan. Bat Santa Katalinan, eta gainerako hirurak herriko sarreran bertan, San Juan Talakon eta behean eta San Nikolas islan. Leku bakoitza 18 liberako munizioa erabiltzen zuten kanoi biz hornituta zegoen Beheko Talaia izan ezik. Leku honetan zeuden piezak txikiagoak ziren, 12 liberakoak hain zuzen ere.

Frantsesek gotorleku guztioz gain beste bat prestatu zuten Kalbario mendian, Lumentza tontorrekoa. Mendi honen gailurrean kanoiak jartzean frantsesek argi erakutsi zituzten beraien ardurak, itsasotik zetozen britainiarrak eta lehorrean zebiltzan gerrillariak. Izan ere, Lumentza gainetik herriko sarrera guztiak kontrolatu zitezkeen eta bertara irtetea ez zegoen edozeinen esku. Aurrerantzean, denborak erakutsiko zuenez, gerrillarien kemenaz gain zerbait gehiago beharko zen frantsesei aurre egiteko Lekeition.

1812ko ekainaren 14an itsasoratu zen A Coruñan Home Popham kapitainaren buruzagitzapean, Venerable lerroko ontziaz gain, Surveillant, Medusa eta Rhin izenak zeramatzaten fragataz eta beste hainbat itsasontzi txikiagoz osaturiko ontziteria britainiar bat. Eskifaiaz gain mila itsas infante ere ontziratu ziren bertan. Kontuan hartzeko zenbaterainokoa zen itsas armada honen indarra esan behar da, Venerable bezalako ship of the line batek 18 liberako munizioa erabiltzen zuten 74 kanoi zeramatzala aldean eta fragata bakoitzak, bestalde, 30 kanoitik gora zeramatzala, denak ez 18 liberakoak baina potentzia handikoak bai. Ontzi txikiagoez ez dugu informaziorik baina pentsatzekoa da ez zirela armarik gabe joango. Neurria hartzeko esan baita ere Venerableren moduko lerroko ontziak (lerrokoak borroka egiterakoan lerroan jartzen zirelako) armada britainiarreko hirugarren mailakoak zirela, hau da, ez potentziarik handiena zutenak, baina bai handikoak eta itsasoan maniobrak egiteko aproposak. Honako ontzietan oinarritu zen itsas armada britainiarraren indarra eta, ondorioz, inperioa ere bai.

Untziteri honen lana, Pophamek hartu zuen agindua, gerrillarien laguntzarekin bat eginez, frantsesak zirikatzea izan zen; hain zuzen ere, frantziarren Iparraldeko ejertzitoaren buru zen Cafarelli jeneralak ez ziezazkion bidali Marmonti Gaztela aldean Wellingtoni aurre egiten laguntzeko agindu zizkion 8.000 gizonak.

Ondorengo egunetan Lekeition eta itsasalde guztian gertatu ziren borroken berri zehatza dugu, batetik garai hartan Ingalaterrako egunkarietan honen berri eman zelako, baina, baita ere, Lekeitioko udal artxiboan hainbat agiri gorde direlako orduko kontuen berri zehatza ematen dutenak. Garai hartan Londresen argitaratzen zen Gentleman’s Magazinek uztailaren hasieran argitaratu zuen albiste baten esaten zen zelan ekainaren 20an heldu ziren britainiarrak Lekeitio aurrera, itsasotik egindako erasoei aurre egiteko gauza izan zirela frantsesak eta eragozpen hau saihesteko kanoi bat lehorreratu zutela eta, inguruko baserrietan 36 behi hartu eta, Lumentza mendiaren aurrean kokatu zutela artilleria pieza, handik egun bereko arratsaldean tiroka hasteko. Aldizkari ingelesak ez du zehazten non kokatu zuten kanoia baina pentsatzekoa da Algorta inguruan, Santa Luzia ermitan edo hurbil, izango zela, hau da Kalbarioaren aurrez-aurre eta altueraz parez-pare. Britainiarren indarrak ere lehorreratu ziren (ehun gizon) baina, behin Lumentza tontorreko babesak haustea lortu zutenean kanoia erabiliz, mendian gora egin zutenak Jauregiren mutilak izan ziren, laurehun inguru guztira. Frantsesek lehenengo erasoari aurre egitea lortu zuten baina bigarrena burutzen hasi zirenerako, gerrillariak alde batetik gora, Lea ibaira ematen duen aldetik, ekialdetik hain zuzen, eta bestetik, iparraldera ematen duen hegaletik frantsesak beherantz abiatu ziren.

herria txikitzeko mehatxua Honetara, gerrillariek eta britainiarrek etsaia gotorleku nagusitik edo arriskutsuenetik kentzea lortu bazuten ere ez zuten oraindino, ekainaren 20ko iluntzean, borroka osorik irabazi. Lumentza mendian behera ihes egin zuten frantsesek herrian bertan ziren gainerako lagunekin bat egitea lortu baitzuten, eta denak babesa hartu kuarteltzat egokituta zuten urte batzuk lehenagora arte Lekeition jesuitek izan zuten kolegio eta etxean, Konpainiako elizaren ondoan zegoen eraikina, gaur egun kulturetxea dagoen lekuan zegoen jauregian hain zuzen ere. Jesusen Lagundiaren lehenagoko etxean sartu zirenez gain, frantses batzuk islako gotorlekuan gelditu ziren eta ekainaren 20a eta 21a bitarteko gauean zehar britainiarren eta gerrillarien ahaleginak leku bi hauetan gotortu ziren Napoleonen soldaduak errenditzea izan zen.

Udal artxiboan gordetzen diren Venerabletik alkateari William Parker Carrol jeneralak bidalitako eskutitzek argi erakusten dute zein zen egun haietan Lekeition agintzen zuena. Carrolek argi diotso alkateari frantsesak errenditzeko gauza ez baziren gerrillariak herria txiki-txiki eginda uzteko agindua emango zuela.

Bitartean, gau hartan bertan, O’Reilly izeneko teniente baten aginduetara zegoen soldadu talde bat San Nikolas islan lehorreratu zen eta han zeuden frantsesak errenditzea lortu zuen. Honetara, itsasoko atea zabalik, britainiarrek 26 liberako kanoi-tzar bat sartu zuten herrian eta arma honekin frantsesak mehatxatu. Hauek, ikusirik laguntzarik har-tzeko modurik ez zutela eta egoera beltza baino ilunagoa zela errendi-tzea erabaki zuten.

Errenditzearen aldeko hautua hartzeko eta errukia itxaroteko bazuten arrazoirik frantsesek. Hain zuzen ere, lehenago Mutrikun izandako Artzainaren eta frantsesen arteko borroka baten gerrillari bat hartu zuten hauek preso. Ohikoa zenaren kontra, Napoleonen soldaduek gerrillari gaztea ez zuten hil eta, horren ordez, Jauregik bizia errespetatuko ziotela agindu zien jesuiten aspaldiko kolegioan babesa hartuta zeuden frantsesei. Hala ba, ekainaren 21ean, Gillort komandanteak errenditzea erabaki zuen eta berarekin batera 290 gizonez osaturiko 119. Errejimendukoa zen taldeak. Hauek guztiak eta islan preso hartuak, 300dik gora denetara, britainiar itsasontzietan hartu eta preso eraman zituzten. Borroketan 36 gerrillari hil edo zauritu ziren, badakigu, baita, frantsesak ere kalteak izan zituztela, handiak nonbait, baina ez dugu beste zehaztasunik. Britainiarrek, berriz, ez zuten ez herio-tzarik ez zauriturik izan.

Ez ziren hemen bukatu kalteak. Carrol jeneralak jesuiten eskola eta eliza eraisteko agindu zuen eta hauekin batera kanoiak eta frantsesek egindako gotortze lanak honda-tzeko, bistan denez berriz ere frantsesek erabili ez zitzaten. Kanoiak itsasora jaurti zituzten, baina jesuiten ondasunak eraistea beste kontu bat zen eta, azkenean, britainiarrak kolegioa desegiteaz konformatu ziren, eliza bere horretan utziz, gaur egunera arte mantendu den bezala.

Lekeitiotik alde eta Bermeora joan zen ontziteri britainiarra, handik Plentziara eta hemendik Algortara. Hiru lekuetan gauza bera egin zuen: frantsesek aldetzen ez bazuten, beraien kontra egin eta gotorlekuak hondatu. Algortan, baina, Napoleonen soldaduak gehiago zirenez, britainiarrek borrokatu gabe alde egitea erabaki zuten, Kantabriara joz. Hemen ere antzeko lanetan jardun zuten, Santander askatzeraino, gero Getariarantz abiatu zen Pophamek gidatzen zuen ontziteria hau bai-tzen benetako frantsesen gotorlekua, baina Gipuzkoako herri hau hartzerik ez zuen izan komodoro irlandarrak lehorretik laguntza eman behar zioten gerrillariak, Jauregi eta Espoz y Mina nafarra, berandu heldu zirelako aldez aurretik jarritako hitzordura.

Pophamen eta gerrillarien erasook ondo probestu zituen Wellingtonek, uztailean Los Arapilesko edo, ingelesen esanetan, Salamancako batailan Marmont jeneralak ez zuen izan eta Cafarellik eskainitako 8.000 gizonen laguntza, besteak beste, honexegatik porrot egin zuen frantsesak.

Ez zen horregatik gerra aliatuen aldera erori, oraindino enperadore frantziarrak izango zituen eta garaipenak, baina handik urte betera, 1813ko ekainaren 22an, Gasteizko bataila galdu zuenean, orduan bai, jarri ziran frantsesak penintsulako lurrak uzteko bidean eta porrotaren atean. Lekeitiokoa, eta kostan zehar izan zen gainerakoa, gerraren barruan txikia baina, gerrillarien esfortzuaren antzera, ezinbestekoa izan zen gerra osotasunean hartuta.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *