Memoria, denbora berrietarako iragana

Gerra zibilean eta ondoren etorri zen diktadura luzean zehar gertatutakoak egia, justizia eta erreparazioa eskatzen du, eta horretan dabiltza sendo memoriaren aldeko mugimenduak.

Berrogei urtez luzatu zen jazarpenaren hasierako argazkian, Gipuzkoatik kanporaturiko ume eta emakumeak Lekeition 1936ko urrian.
Berrogei urtez luzatu zen jazarpenaren hasierako argazkian, Gipuzkoatik kanporaturiko ume eta emakumeak Lekeition 1936ko urrian. Sabino Arana Fundazioa

Paul Preston historialari britainiar handiak bere El holocausto español liburua hasten du pertsonengan izandako kalteen laburpen bat eginez, eta dio 1936ko gerra zibilean frentetik urrun 200.000 gizon eta emakume hil zituztela sasi-epaiketetan kondenatuz edo atxilo hartu eta holakorik ere gabe; 300.000 gizonezko hil zirela frenteetan; zehazterik ez dagoen beste ume zein atso-agure edo gizon-emakume herri eta hirien kontrako bonbardaketetan; 20.000 lagun gutxienez gerraosteko fusilamenduetan; hortik gorako kopuruan zenbatzeko pertsona multzoak ezin izan zuen gainditu kartzela eta kontzentrazio esparruetan nagusi ziren gosea eta gaixotasunak; milaka preso behartu zituzten esklabo lanak egitera eta 500.000rainoko jendetzak erbesterako bidea hartu behar izan zuen asko edo gutxi bizia arriskuan ikusten zutelako. Guzti hau ikusteak darama historialari britainiarra orduan gertatua espainiar holokausto izendatzera.

1936ko uztailaren erdialdera abiatu zenak badu zerikusirik industriaren garapenarekin. XIX. eta XX. mendeetan hiltzeko teknikak asko ondu ziren, baina iskiluek berez ez dute inor akabatzen. Horretarako eta bestetarako, borondatea tresna bestean da garrantzitsua, gehiago ezpada. Horrela, XX. mendea historian zehar odoltsuena bilakatu duena elementu bi horiek uztartzeak ekarri du, nahiak eta ahalak. XIX. mendeak ere bai, baina, batez ere, XX. gizaldian gerra guztiak orokorrean baina, batez ere, hilkorrenak guda ideologikoak izan ziren. Ez lurraldeak edo aberastasunak irabazteko gizarte osoa eraldatzeko baino. Borroka horietan aurkaria, bestea, kalte guztien iturri eta sortzaile izateaz gain, ezer eztzat hartuko da, pertsona ez izateraino bihurtuz, ondorioz, bere akabua bilatuko da. 36ko gerran altxatuek arerioa anti-Espainiatzat joko dute eta hor daude gordeta gorago aipatutako sarraskiaren sustraietako batzuk, sakonenak behintzat. 40 urtez, aldian aldiko haizeen arabera diskurtsoa egokituz, gerrako garaileek tinko eutsiko diote beraien jardunari eta, honekin batera, etsaiaren minari, arrazoiari edo errekonozimendurik txikienari bizkar ematen. Nonbait, Espainia eternoa galbidera eraman nahi zuten haiek ez zuten besterik merezi.

Diktadura, baina, ez zen betikoa suertatu eta Franco hil eta urte bira demokraziak erroak zabaldu zituen Espainian. Oraindino ideologien arteko borrokak bazirauen ere, europar mendebaldean ez zen onargarria eskuineko diktadura bat eta frankismoari sostengua ematen zioten indarrek demokraziara bidea erraztu zuten, baina ez dohainik. Egokitzapena ez zen bakarrik egin, garai hartan hain ezagunak ziren, txaketeroak betidaniko demokratatzat hartuz bakarrik. Horrez gain, halako ordura artekoa kito eta ordutik aurrerakoa bale esate edo sinatze antzeko bat ere izan zen. Horren seinale amnistia legea, itxura baten diktadurak zigortuak kartzelatik ateratzeko hartu zena, baina, bide batez, frankistek egindako triskantza guztiak zuritzeko ere balio zuena. Horren adierazle da ere, diktadura komunistak jausi zirenean lurralde haietan sortu ziren alderdiak izendatzeko erabiltzen zen komunista ohia adiera. Espainian ez zen izan, eta ez motiborik falta zelako, horren pareko partidu frankista edo sasi-Francozale ohirik, apenas inor ordezkatzen zuten muturreko batzuk izan ezik. Espainian, diktadura pairatu zuten Hegoamerikako hainbat errepublikatan bezala, iragan denborei bizkar eman zitzaien.

Arrazoi politikook gutxietsi barik, izan ziren beste motibo soziologiko batzuk ere XX. mendearen azken laurdenean pisua izan zutenak gerrara eta gerraostera begiratzekoan. Orokorrean hartuta, urte horietan nagusia zen belaunaldia gudua burutu zutenen seme-alabek osatzen zutena zen. Sarritan gurasoengandik, askotan borrokaren eta errepresioaren gorria eta goria sufritu zutenengandik, beldurra eta bizimodu berri bat eraikitzeko gogoa tarteko, beraien esperientziaren berri handirik jaso ez zutenak osatzen zuten belaunaldi horren zati esanguratsu bat, denbora berrietara egokitu nahiak zituena. Gizartearen zati honek ez zuen adierazi 40 urtez luzatu zen diktaduraren gertaeretara begiratzeko asmo handirik. Espainia, ordura arte ez legez, modernoa zen edo, behintzat, horra bidean, Europa mendebaldeko herrialde garatuenekin parekatzeko modukoa, zer premia zegoen geroz eta urrunago eta lausotuago geldi-tzen ari ziren denbora haietara begirada bueltatzeko? Ur nahasietan igerian ibiltzeko?

Irabazleak bakarrik ez Diodan legez, multzo honetan ez dira sartu behar bakarrik gerra irabazi zutenen seme-alabak edo diktadura lau hamarkadaz sostengatu zutenak. Honetara lerrokatu zirenen artean hainbat eta hainbat sustrai sozialistak, komunistak edo errepublikazaleak zituztenak zeuden, edo, gutxienez, garaiko ideologia hauen lekuko-tza hartu edo ordezkatzen zutenak.

Hala eta guztiz ere, honek ez du esan nahi memoriaren beharra sentitzen ez zenik eta inork ezer egin ez zuenik gaur egun ezagutzen dugun memoriaren mugimenduaren antzera lan eginez, alderantziz. Franco hil eta ia batera, kasu batzuetan lehenago ere bai, banaka edo taldean, izan zen jenderik galdezka eta bila hasi zenik jakin nahirik hurbilenekoei zer gertatu zitzaien urte ilun eta hits haietan. Baina, esanda legez, izanda ere mugitu zen lagunik, nekez hartu zuten hedabideetan protagonismorik eta hartzen zutenean ez zen inondik inora zentrala. Aitzindarietakoak izan ziren nafarrak bertan fusilatu zituzten milaka (3.000 gora) gizon-emakumeen izen-deiturak eta gainerako datu biografikoak biltzen eta ezagutzera ematen, baina aurrenetakoak izan ziren baita ere gezurrez beteriko liburuak pairatzen eta azkenetarikoak erakunde ofizialengandik argitaratu duten egia onartzen, eta hau ere, sarritan, ahopean emana.

Denborak esango du, baina nago, gutxi gorabehera  mendearekin hasi zen memoriaren mugimendua gure gizarteak urteotan erakusten duen krisiren beste ezaugarri bat da, bere sustrai propioekin eta bere logikarekin, baina gainerako elementuekin uztartuta dagoena. 70eko hamarkadan agintera etorri zen belaunaldiak berri bati eman dio bidea. Orduan sorturiko erakundeak ditugu oraindino gure egituraketa politikoan, baina ezin uka zalantzan edo gutxienez kritikapena daudela. Eztabaidan dauden bezala orduko modu politikoak, eta ez bakarrik ustelkeriagatik. Gizartearen zati batek, akaso orain arte ez lez, antolatuta, oso egitura arinetan bada ere, Estatuari, edo honen egia batzuei artean gerra eta gerraosteari buruzko egia ofizialei, aurre edo kritika egin die. Oraingoan ez da eskatzen bakarrik historia edo iraganaren kontakizun zintzoa egitea, exijitzen dena egia da.

Behetik gora Denbora berriek eska-tzen dutenaren antzera, gizartea moldatzen zuten ideologia orohartzaileak indarra galdu eta beraien lekua betetzen dute aburu erlatiboak eta ahulak garatu diren heinean, memoriaren mugimenduak dena eskatuko du, baina behetik gora, ez alderan-tziz. Kasu bakoitza, bere txikiaren txikian, garrantzitsua da. Denak dira inportanteak, bat bera ere baztertu gabe. Horregatik eta ondorioz, hasieran aipaturiko hildako, kartzelaratu, erbesteratu, errepresaliatu guztiak agertzeko nahia. Horregatik bide bazterretan fusilatu guztiak errekupera-tzeko nahia. Horixe da arrazoia horrenbeste historia txiki eta singularrean kontatuak argitaratzeko grina eta horrexegatik horrenbeste amateurren eskutik sorturiko iragana errekuperatzeko ahalegin.

Masa ideologiekin batera masak txikitu direnean, agerian norbanakoak gelditu dira eta hauek bere eskubideak eskatu dituzte. Pertsona singular hauen eskariak denbora berri batean etorri dira, Trantsizioko belaunaldiak ondorengoari bidea eman dionean, hau da, orokorrean hartuta, gerra egin zutenen iloben adinekoei. Ilobok ez dute inongo bide-ordainik sor, ez frankistei ez hauen oinordekoei, eta, zelanbait esateko, galdezka hasi dira: “Non ziren gureak orduan? Zer egin zuten? Zer egin zieten?”

Guzti hau ez da gurean bakarrik gertatzen den fenomeno bat. Mundu osoan zabaldu da gorago aipaturiko ideologia handiak indarra galdu dutenean irentsi eta zapaldu zituzten biktima guztienganako errekonozimendu baten premia. Ez dugu espero behar halako zerurik munduan eraikitzerik. Ez dugu jadesmenik izango, gurea mundu inperfektua izango da, ez da ideia orohartzailerik espero behar, beraz adostu ditzagun gutxiengo arau batzuk. Lege minimo hauek beste ezer baino lehen denon, guztion, errespetua bermatu behar dute, batez ere txiki eta ahulenak. Hortik memoriaren mugimenduaren indarra. Ez du eska-tzen nabarmenen errekonozimendua, guztiena baizik. Ez du batzuentzat bakarrik eskatzen egia, justizia eta erreparazioa, ez. Eskaera horiek denentzat dira. Horregatik horrenbeste deshobiratze eta, beste adibide bat jartzeko, horrenbeste zerrenda errepresioa, umeen erbesteratzea edo hainbat alor lantzen dituzten gerrako eta frankismoko historia liburuetan.

Memoriaren mugimenduak ez ditu hiru eskakizun horiek -egia, justizia eta erreparazioa- biktimentzat bakarrik eskatzen. Biktimei hori guztia sor zaie eta eskubidea dute horretara, baina eskatzen bada ez da bakarrik zorra kitatzeko, aurrerantzean berriz ere antzeko arazoak ekiditeko ezinbesteko bidea delako ere eskatzen da hiru mailako eskailera horretan gora egitea.

Ustez jadesmena zekarkiguten ideologiak iragana diren honetan, beraien izenean egindako sarraskiek sorturiko kaltea zuzentzeko bidea eta honekin batera antzerako gertakaririk ez izateko bide bakarra ibili nahi luke memoriaren mugimenduak. Horretan dabil, ahul akaso, baina halaber sendo.

Iñaki Goioganaren erreportajea

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *