Astelehenean, Gernikako Bonbaketaren 80. urtemuga gogorarazi zuten Gernikan. Xabier Irujok idatzitako ‘Gernika. 1937ko apirilak 26’ liburua aurkeztu zuen eta Ane Undurragak itzulitako ‘Gernika bonbatu zuten eguna’ liburua, William Smallwood ‘Egurtxikik’ bonbaketatik bizirik atera zirenen lekukotzekin osatutako lana.
Xabier Irujo eta Ane Undurragaren erreportajea
Gernika sutan 1937ko apirilaren 26tik 27rako gauean. Argazkiak: Sabino Arana Fundazioa
Frankismo garaian, bereziki diktadurako lehenengo urteetan, bonbaketa hitza aipatzea soilik arriskutsua zen. Horregatik, 1972ra arte ez zen lekukotza zuzenik erregistratu eta transkribatu eta ezta bilduma zabal batean bildu ere. Hala ere, konpilazio honen historia eta idatzi zen modua zinez interesgarria da.
2011ko neguan, Pete Cenarrusarekin batera, Boisen (Idaho) nengoen lanean. Idahoko Ordezkarien Ganberak euskal gatazka politikoari buruz antolatu zuen laugarren memorialerako lanetan nenbilen eta bere etxean hartzen nuen ostatu. Egun batez, hamabi orduko lan-egun baten ostean, The Day Guernica was Bombed izeneko eskuizkribua eman zidan Cenarrusak, Egurtxiki ezizenez sinatuta. Irakurtzea gomendatu zidan eta gau berean irakurri nuen, ia lorik egin gabe igaroz gaua.
Eskuizkribua ikaragarria zen. 1972ko udaberri-udan Gernikan egindako 129 elkarrizketen bilduma zen. Bonbaketatik bizirik atera zirenen lekukotzak ziren. Guztiak helduak ziren bonbaketa bizi izan zutenean eta horietako asko zaurituen erreskate, errekuperazio eta identifikazio lanetan aritutakoak ziren eta baita biktimen gorpuzkinak lekualdatzen ere. Inoiz argitaratu gabeko lekukotzak ziren eta inork ez zekien ezer horri buruz Gernikan, elkarrizketatuak izan zirenak eta euron gertuko familiakoak izan ezik, noski. Gerora, horietariko batzuk bisitatzeko parada izan dut, esaterako, Jon Beiztegi komandantearen alaba.
Gosaltzen geundelarik, Cenarrusak zehaztasunez kontatu zidan nola burutu ziren elkarrizketak eta, telefonoz, egilea aurkeztu zidan. Minutu erdiko elkarrizketan Arizonako bere etxera gonbidatu zidan eta astebete beranduago berarekin elkartu nintzen. Lau egunera, lana argitaratzea erabaki genuen eta hilabete batzuk beranduago Gernikan aurkeztu zen.
Euskal artzainekin harremana Eskuizkribuaren egilea William Smallwood da, biologoa eta gerrako pilotu izandakoa. Biologoentzat eta akademia militarretako ikasleentzako arrakasta handiko liburuak idazten igaro du bizitza. Uneotan, 86 urte ditu eta kontatzeko historia oso bat.
Euskaldun lagun asko zituen Smallwoodek eta 1966an euskara ikastea erabaki zuen. Lau hilabetez ingelesez nekez hitz egiten zuten euskal artzainekin egon zen Idahoko mendietan eta, han, Ketchumgo mendietan, ardi artean, Basilio Iriondo izan zen bere irakaslea. Euskarazko ikastaro trinko haren ostean, bera izan zen Smallwood Egurtxiki izenez bataiatu zuena; izena ingelesetik euskarara literalki itzulia.
Lau urte beranduago, euskara hobetzeko helburuz, Egurtxikik Euskadira etortzea erabaki zuen. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko irakasle zen Jon Bilbaok antolatutako ikastarora etorri zen. Jon Bilbao erbestean zegoenez, ikastaroa Ipar Euskal Herrian izan zen eta 40 laguneko taldea 1970ean iritsi zen Uztaritzera. Egurtxikik bi eserlekuko Triumph Spitfire kabrioleta erosi zuen eta Ingalaterratik Baionara bidali zioten barkuz. Han egon zen bi hilabetez eta uda hartako azken bi asteetan Gernikara joan zen, euskara praktikatzeko asmoz, Pete Cenarrusaren seme Joeren laguntzarekin.
Isiltasuna eta samina Gernikan Egun batez, goizeko seietan, bere azken asteko ospakizunez gozatu ostean, kafea hartzera joan zen, amerikanuak koadrilarekin. Dena zarratuta zegoen eta Lumorantz joan zen paseatzen. Cuatro Bancoseko bihurgunera heltzean Gernikari begira jarri zen eta ohartu zen Gernikako erdiguneko etxeetako teilak koloretsuagoak zirela inguruetakoen aldean. “Horiek izan behar dute bonbaketak suntsitutako etxeak” pentsatu zuen eta, presaz, Gernikara itzuli zen. Bar Boisera sartu zen, Ameriketak egin zituen jabearen tabernara.
Egurtxikik zerbitzaria ezagutzen zuen eta adiskidetsu agertu zitzaion beti, bonbaketari buruz galdetzen hasi zitzaion arte. Adierazpena eta tonua aldatuta gaitzespen jarrera erakutsi zion Egurtxikiri eta prestatu behar zituen edarientzako limoiak mozten hasi zen; astelehena eta merkatu eguna zen. Egurtxiki ordaintzera hurbildu zenean, zerbitzariak ingelesez erantzun zion ez zezala politikaz hitz egin Gernikan: bat baino gehiago izan zen horigatik zigortua.
Gertatutakoa samintasunez adierazi zion berekin uda ikastaroa egin zuen neska bati. Honek erantzun zion, jende askori eragin ziola atsekabea bonbaketari buruz hitz egiteak eta zera kontatu zion: “Bonbaketaren ostean, apaiz berriak behin eta berriz errepikatzen zien eliztarrei pulpitutik penitentzia zorrotza egin behar zutela bekatua garbitzeko: herria gasolinaz busti, etxeak errautsetan utzi eta herria hondakinen artean uzteagatik. Egun batez, bi emakume sakristiara joan ziren, isiltasunez sermoia entzun ostean, apaizari modu pribatuan zera adieraztera: eurak ez zutela Gernika erre, Frankoren hegazkinek suntsitu zituztela etxeak. Apaizak, hitz gogorrez, elizatik irtetera behartu zituen biak. Biharamunean, Guardia Zibila euren etxeetara joan, derrigortuta kalera atera eta etxe aurrean ilea larru-arras moztu zieten kale erdian. Gero, eskuak bizkarrera lotuta Gernikako kaleetatik paseatu zituzten eta 36 hilabeteko epai guztiz sumariora kondenatu zituzten, horietatik 27 betez”.
Egurtxikik orduan ulertu zuen bere lagunak adierazitakoa. Haatik, euskara ikasi eta bonbaketari buruzko liburua idaztea jarri zuen helburutzat. “Orain, inoiz baino gehiago, Gernikan 1937ko apirilaren 26an benetan gertatutakoa jakin nahi dut”, esan zion bere buruari. Eta horrela egin zuen. 1971ko irailean Euskadira etorri zen, 15 urteko bere semearekin. 1972ko apirilera arte euskara ikasten egon zen eta Arrien Hotelean egon zen ostatuz. Ordurako etorri handia zuen euskaran, Boiseko amerikanuekin hitz egiten aritzeagatik. Gernikan, koadrilakoekin txikiteoan ibiltzen zenetan gramatikako oharrak hartzen zituen oraindik gordeta dituen ohar liburuxka beltz batzuetan. Eta Gernikan guztiek ezagutzen zuten Egurtxiki izengoitiz.
1972ko elkarrizketak Martxoaren 22an, Joe Cenarrusak eta bere emazteak bisita egin zioten Egurtxikiri. Euskadira etorri ziren eztei-bidaian eta Gernikan martxoaren 29ra arte egon ziren. Eurei esker eta Jon Oñatibiaren bitartez, martxoaren 27an, Jose Antonio Aranarekin jarri zuten harremanetan. Bikote ezkonberriak Egurtxiki bazkaltzera gonbidatu zuen eta honakoa esan zioten: “Aranak bere liburutegia bisitatzeko aukera ematen badizu, erresistentziako sarearen barruan zaude”. Eta horrela izan zen. Aranak bere etxera gonbidatu zuen.
Gerora, Aranari esker, Beiztegi komandantearekin jarri zen harremanetan Egurtxiki eta lehenengo hitzordua 1972ko apirilaren 5ean izan zuten Bilboko Arriaga Antzokiaren parean. Beiztegik, BH markako txirrinduen jabeak, denda zuen Arriagatik gertu. Elkar ezagutu zutenean, Egurtxikik euskaraz egin zion, baina komandante ohiak honela esan zion: “Speak to me in English!”. Dudarik gabe, seguruagoa zen.
Apirilaren 5etik aurrera, egunero, elkarrizketak burutzen hasi zen Euskadiko hainbat tokitan. Beiztegirekin harreman ona egin zuen Egurtxikik eta Loiolako Batailoian gudari izandakoen bazkarira gonbidatu zuen; 1972ko maiatzaren 1ean, Donostiako elkarte gastronomiko batean. Egurtxiki sartzen ikusi zutenean denak isildu ziren, ez baitzuen inork ezagutzen. Beiztegik aurkeztu egin zuen eta denbora dezente pasata elkarrizketak egiten hasteko zerrenda luzea lortu zuen. Guztiak bonbaketaren lekuko zuzenak ziren. Hala nola, Joseba Elosegi, Kaxtor Amunarriz eta Sabin Apraiz. Egurtxikik Ramon Sota eta Martin Ugalde ezagutu zituen eta euroi esker Joseba Elosegi eta Leizaola lehendakaria baita ere. Gero, uztailaren 14an, Bastillaren Hartzearen egunean, lehendakaria elkarrizketatu zuen Parisen eta uztailaren 15ean, Parisen, bertan, Faustino Basurde Pastor.
Guztira, 78 elkarrizketa egin zituen Egurtxikik Maria Angeles Aingerua Basabek Gernikan euskarazko klaseak ematen zizkion bitartean. 1972ko abuztuan, Estatu Batuetara itzuli behar izan zuenean, Basabek jendea elkarrizketa-tzen jarraitu zuen Juanjo Mintegiren laguntzarekin; ingelesezko klaseak ematen zituen Mintegik Gernikan. Guztira 129 elkarrizketa egitea lortu zuten eta Egurtxikik bi pertsona hauei eskaini zien liburua.
Elkarrizketak burutzeko lan-prozesua konplexua zen. Poliziaren errepresaliak saihesteko helburuz (bere egunerokoa gertutik jarraitzen ari zen polizia), Egurtxiki elkarrizketatuekin euren benetako izena jakin gabe biltzen zen. Gehienetan Beiztegiren edota erresistentziako beste kide batzuen laguntzarekin egiten zituen elkarrizketak eta ia inoiz ez euren etxeetan. Elkarrizketatuak izengoiti bat hartzen zuen eta elkarrizketa bukatzean transkripzioa Baionara bidaltzen zuen erresisten-tziako posta zerbitzuak. Egurtxikiri Ketchumera itzuli arte ez zioten bidali elkarrizketatutako pertsonen benetako izenen zerrenda. Artxibo guztia du gordeta Arizonako bere etxean eta Gernikako Bonbaketaren Dokumentazio Zentroari eman dio. Dokumentazioan elkarrizketen agenda dago gordeta, bakoitzaren tokia, data eta ordua zehaztuta, Jon Beiztegiri egindako grabazioak, Beiztegik berak eta beste elkarrizketatuek emandako hainbat argazki eta Faustino Basurde Pastorrek bonbaketari egin zizkion argazki originalak, duela 40 urte Parisen eman zizkionak.