Berrehun sarrera eta agur bat

Dagoeneko 199 sarrera argitaratu ditudala adierazi dit blog honen kudeaketa-orriak. 199 aletxo 2013ko otsailaren 7tik. 200. honetarako gidoitxoa baneukan; 201. sarrerarako ere bai. Hala ere, eta behin baino gehiagotan izan dudan zalantza bat berriz sortu ondoren (2016ko udan, esaterako), agurra esateko ordua iritsi dela erabaki dut. Parentesia irekitzekoa. Puntua jartzekoa: puntu eta jarrai, puntu eta bereiz, amaiera ematekoa… auskalo.

2007an, muslaria izan ez arren, garai hartan DEIAren online kontuetako arduraduna zen Josetxu Rodriguezen enbidoari erantzun eta blog hau sortzea proposatu nion: euskara hutsean eta hezkuntzari buruz. Gaietan gehiegi ez sakontzeko eskatu zidan eta halaxe egiten saiatu naiz. Sarrera bakoitzean argazki bat jartzeko aholkuari ere jarraitu diot zintzo-zintzo (nahiz eta gerora konturatu DEIAko argazkiek iraungitze-data antzekoa bazutela, hori izan baitzen nire lehenengo sarreretako iturria).

Zazpi urtean berrehun sarrera ez dira asko; badakit. Gutxiago izan dira iruzkinak: ehun eta hogeita bederatzi. Eta, errepasoa egin gabe, hortik erdiak gutxienez nire erantzunak. Estatistikiei buruz ere ez dago askorik esateko: xumeak, nik dakidala. Arrazoitu egin zidan behin Josetxuk berak daturik eman gabe baina: badakizu, sarrera askorik ez…

Beste kontu bat ez ahazteko: DEIAko blogosferan maila desberdinetako txokoak zeudela konturatu nintzen gerora. Hau ere ez da hemen kontatzen dudan lehendabiziko aldia; 6. urteurrenean adierazi nizun.

2020ko Euskaraldia bukatuta eta Euskararen Nazioarteko Egunaren ondoren ez dakit hartu dudan erabakia egokiena den. Ez dakit blog honek urteotan zertxobait gehitzen edo biderkatzen lagundu duen; ez dakit hizkuntza ahogozatzeko balio izan dion inori. Saiatu, saiatu naiz gutxienez.

0903_World Cafe-zuri beltza

Agur beraz, irakurle; Ez dakit “agur ta banoa…” izango den edo “agur baina ez betiko”. Edo ez adiorik. Seguruenik, beste toki batzuetan, beste gune batzuetan ere elkartzeko aukera izango dugu, hitz egiteko, iritziak trukatzeko… ziberespazioan eta aurrez aurre. Bitartean, ondo segi. Senez eta zentzuz jokatu eta zaindu!

Hizkuntzen heriotza

Bueltaka dabilkit sarrera hau abuztuaren hasieran Mamen Hornok idatzitako “Por qué mueren las lenguas” sarrera irakurri nuenetik. Bi arrazoi nagusi azaltzen ditu bertan.

Halaber, Juan Tortosak idatzitako “Filólogos cabreados” testua ere irakurri dut gerora. Latina eta grekoa hizkuntza hilak ote diren aipatzen da. Arestian azaldutako sarreran, arrazoietako bat ematen dio Mamenek latinaren “desagerpena”ri (irakurri bere sarrera jakin nahi baduzu, merezi du-eta). Ohi bezala, pentsatzeari ekin eta nire bizitzako pasadizoekin lotu ditut kontu hauek guztiak.

Izan ere, eta Botxotik Ziberespaziora blogean kontatu nuen iaz, BUPeko ikasle nintzela, bigarren mailan hain zuzen, latinarekin egin nuela topo. Egia esan, latinarekin eta irakasle berezi batekin; asko zekielakoan nengoen… eta nago. Ez zaitez harritu: latinez hitz egiten zigun klasean irakasle horrek. Gogoan ditut, bai, “Urlia, surge / sede” [alegia, Urlia altxatu / eseri] edo “aperum librum in pagela ducentesima prima” bezalakoak. Garai hartako klasekide batek oso oroimen onekoa naizela esaten dit; ez dakit ba halaxe izango den, baina latinaren bestelako ikuspegi bizi bat eman zigula begien bistakoa da.

Mamenek azaldutako bigarren arrazoian euskararen kasuan sumatu dut. Eta horrelako arriskuei aurre egiteko egindako ahaleginak. Besteak beste, “Fisika nuklearra ere euskaraz” sarreran azaldutako ikuspegiak tarteko. Azken finean, sarri (eta aspalditik gainera) esan dut ez dudala hizkuntza kontuengatik museoko ataltxo bat izan nahi.

Eta nola ez, ezin ahaztu sarritan irakurri ditugun Joxan Artzeren hitzok:

Hizkuntza “arraroak”

Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da otsailaren 21ean. Wikipedian, esaterako, “lehen hizkuntza” egokiagoa dela azaldu arren eta Kike Amonarrizek ere antzekoa azaldu zuen, gaurko kontua ez da horren ingurukoa, ezta Jone Uriak Berria egunkarian planteatutakoen esparrukoak.

Edonola ere, UNESCOk antolatzen du aipatutako egun hori urtero 1999tik, kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz. Horren harira, harritu egin nau El País egunkarian atera den berri bat: “Hay vida más allá del inglés: estos son los idiomas más raros que puedes estudiar“.

Neure buruari galdetu diot ea nork erabakitzen duen zer den arraroa eta zer ez; nork duen horretarako ahalmena eta nork aitortua. Izan ere, bakoitzak duen esperientziaren arabera sumatuko duela, eta ez hizkuntza nagusien betaurrekoak erabilita ezinbestean. Bestela esanda, nagusien “normalitatetik” urruntzen dena izango da arraroa, ezta?

Iturria: Photographer Nazrul Islam. Wikimedia Commons.

Gainera, ohi baino sentiberago egon ninteke agian. Izan ere, MOOC batean ari naiz parte hartzen azken asteotan, eta une honetan lantzen ari garenaren artean, Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ageri den bezala, honako hauek daude: ezagutza soziokulturala eta kulturarteko kontzientzia.

Aipatutako online ikastaro ireki masibo horretarako blog bat sortu dut (bai, beste bat). Euskara ikastera hurbil litekeen ikasleriarekin estereotipo eta aurreritzien balizko lanketarako playlist bat sortu dut proposatutako erronketako bati erantzuteko asmoz… eta egon badaudela konturatu naiz. Entzun dut, behin baino gehiagotan, euskara zaila eta arraroa dela, baina, orain arte idatzitakoarekin bat eginez, ez nator bat jakina. Niri, berriz, euskara eta arraroa horrekin, Nafarroa euskararik gabe arraroa litzatekeela datorkit burura.

Euskal blogosferaz X. Getxoblog Topaketan

Aurtengo Getxoblog Topaketan Su Saria jasoko dudala kontatu nizun aurreko batean. Eta berriarekin batera, euskal blogosferaz hitzaldi laburra prestatzeko eskatu zidan Mikel Agirregabiriak. Hau honela, hemen duzu erabili dudan aurkezpena (egia esan, sarrera hau hitz egiten ari naizen bitartean argitaratzeko egongo da programaturik).

Zertaz mintzatu(ko) natzaien?

  • Zer ote da euskaldun blogosfera, bloga edota euskaldun izatea
  • Euskal blogosferaz idatzitakoa, ikertutakoa
  • Irrati-izarra hil ote zuen bideoak? Eta blogak Twitterrek?
  • Txioak euskaraz
  • Omenaldien egunean eta Euskaraldian murgilduta
  • Niretzako ondorioak: pizgarri? akuilu?

Eta, nola ez, eskerrik asko nitaz gogoratu direnei eta urteotan bidaide zaituztedanoi (senideok, adiskideok, blogosferako auzokideok,  txiolariok…). Hori bai: ibilbide batengatik saria jasotzen duzunean, kezkatu ere egiten zara, ezta? 😉

 

Getxoblog Su saria

Getxoblog Su saria emango didatela jakinarazi didate. Hilaren 24an izango da, Getxoblog X. Topaketan. Botxotik ziberespaziora blogean argitaratu dudan sarreran adierazi bezala, aspalditik ezagutzen dut  Getxoblog ekimena; sustatzaileetako bat Mikel Agirregabiria baita. Are, antolatzen denetan lana tarteko izaten dudan arren, agertu izan naiz inoiz eta bertan eratutako mahai-ingururen batean parte hartu ere bai, 2015an esaterako (Mikelen beraren kronika lekuko). 

Iaz Jonjo Agirrek proposatutakoari jarraikiz, euskarazko blog bati emango diote lehenengo aldiz Su saria, orain arteko UrAire eta Harea sariekin batera. Eta niri ematea erabaki dute. Egia esan, beste sari baten ere izango naiz partaide oraingo honetan, Aprendices taldeak jasoko baitu aipatutako Ur sari hori.

Blog jakin bat baino, ibilbide bat saritu dutelakoan nago. Blog elebakar hau bere anaia nagusi elebiduna baino gazteagoa (jakina) eta xumeagoa da; gainera, ez da hain emankorra. Edonola ere, bi blogak aintzat hartuz, 1800 sarrera inguru dira dagoeneko sareratutakoak; txioak gehitzen badizkiogu, askoz gehiago. Eta hainbatetan euskara erabilita. Bestelako abenturaren batean ere ibilia naiz blogari gisa, “Euskal lerroak abian” ekimenean besteak beste.Horretaz gain, nire alderdi profesionalak ere badu euskara eta Sarearekin lotura zuzenik, seguruenik ezezagunagoa izan arren.   

Encuentro Anual #GetxoBlog 2015
2015ko edizioan, mahai-inguruetako batean. Mikel Agirregabiriak ateratako argazkia.

Saria jasotzearekin batera, hitzaldi labur bat emateko eskatu didate. Zein gai jarriko eta “euskal blogosfera”. Hasia naiz dagoeneko informazio bila, neure ideiak osatze aldera: Wikipedian dagoena (ez omen dago guztiz eguneraturik), Joxe Arantzabal lehengusuak 2007an Faroa bere blogean idatzi zuena, Azkue Fundazioak 2017an egindako ikerketablog eta webgune interesgarrien bidumarekin duen esparrua zein  Blogetan! Blog izarren bila gunea (gogoan izan 2013-14an Blogetan! sarian partaide izan ninduzula, arrakastarik gabe hori bai)…

10 minutuko hitzaldia osatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango.  Horrelakoak egiten ere ikasten ei da, eta eginez ikasi ere bai. Asmatuko ahal dut oraingoan!