Ez adarrik jo


Montes bocineros… Asteburu honetan ere berriz ikusi izan dugu hainbat lagun mendi zehatz batzuetan elkartzen, asmo onenarekin, euripean errebindikazio nazional bat egiteko. Ez edozein menditan, sinboloak ondo hautatuta zeudelako, kondairak zehazten dituenetan baizik: Bizkaiko Kolitxa, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube gailurretan hain zuzen ere.

Erdaraz “montes bocineros” ditugun horiek “mendi turututzaileak” edo, azken garaiotan eta gustu linguistiko hobeaz, “deiadar mendiak” deitu izan dira.

Deiadar mendiak, bai… Horrela esaten zaie, herritar askoren ustez, bertatik jotzen zirelako adarrak eta suak piztu, Gernikako batzarretara joateko deialdia egiten zenean. Baina… hori Gorbeiako artzain bati kontatzen badiozu barrez lehertuko zaizu badakielako praktikan Gorbeiaganan sua piztea ezinezkoa dela egun gehienetan. Eta piztuko bagenu, ia seguru, kea barreiatuko litzaiguke lainoen artean, misioa porrokatzen. Bestetik, egizue proba eta jo, bertan zaudetela, adar bat: 200 metrora ere ez da entzungo hain paisaia zabal eta haizetsuan… ez du ez hankarik ez bururik. Zergatik?

ASMAKIZUN bat delako hori guztia, nahiz eta hamaika tokitan eta wikipedian bertan horrelakorik topatuko dugun oraindik…

Foruak kendu zizkigutenean, euskal gizartean –ez soilik Bizkaian– depresio orokor bat egon zen, sentimenduen hutsunea, borrokatutako idealak eta lurraldea galduak zeudelako. Noraezean zebilen herria ginen, itxaropena akitua.

Horregatik, idazle, margolari, musikari, historialari eta abarren joera erromantiko bat hasi zen XIX-XX. mendeen bitartean eta joandako iragana inoiz baino gehiago goraipatu, irudikatu, jantzi eta idealizatu zen. Ad hoc asmatzen zelako. Dena zen loria eta dena epika gure iraganaz ari ginenean. Hori zen behar genuen salbazioa eta horri heldu genion indar handiz, egiazkotzat hartuta ipuina baino ez zena.

 

Idazle erromantiko horietako bat, Antonio Trueba idazle galdamestarra (1819-1889) izan zen, garai hartako Bizkaiko kronista entzutetsua. Eta hari zor diogu deiadar-mendien mito modernoa, bera izan baitzen lehenbiziz abiatu zuena. Horra arte ez zen existitzen eta hori eta gero mundu osora hedatu zen, emozionalki behar genuelako gure zauriak sendatzeko. Mito berria eraikitzeko, oinarritzat hartu zuen beti aipatzen zen esapide bat eta, bost zirenez bertan aipatzen ziren bozinak , primeran zetorkion bost eskualdeei erreferentzia egiteko.

Amboise (Frantzia) herriko errege-gazteluko xehetasun bat.

Alberto Santana historialariaren esanetan, batzarretako aktetan sarritan aipatzen den “tañidas las cinco bocinas y consintiendo en ellos todos los vizcainos se dio comienzo a la junta” esapidea, 1452. urtekoa da eta erreferentzia egiten die garaiko Batzar Nagusietako bost arduradunei, bertan zeuden funtzionario moduko batzuei.

Baina ez da inon mendiez eta mendi horietaz ezer aipatzen… ez dago beraz Erdi Aroko adar-deialdi fabulosorik… asmakizun berria delako.

Beraz, ospakizunetarako edo errebindikazioetarako nahi den guztia eta gehiago oraindik. Baina ez nahasi mesedez egiazko historiarekin. Bestela esanda, adarrak jo, bai, baina… ez adarrik jo!!

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *