Txori-negarra

Gurasoengandik jaso nuen natura hurbiletik sentitzeko ahalmena, harekiko sentsoreak beti piztuta eramatearen ohitura.

Horrelako zama genetikoarekin, ezinezko suertatzen zait goizaldeotan ez ohartzea eta hunkitzea, lanera bidean, txoriek duten egunsentiko algarekin: txorrotxioka zoratuta, kantuan itsuki, zeinek hobeto egin norgehiagoka zurruburrutsuan.

Baina, ohartzen ez garen arren, jakin ezazue txorien udaberri guztiak ez direla horren alaiak, zenbaitetan… negar ere egiten dutelako. Noiz? Zuhaitzak gaixo daudela ikustean.

Nire inguruko Nerbioigoien eta Arratia-Nerbioi eskualdeetan —eta baita horietatik kanpoko askoan ere—, txori-negar esaten zaie euskaraz zuhaitz batzuek isurtzen duten goma edo erretxina modukoari. Horrela deituko zioten gure arbasoek, txorien malkoak zirelakoan.

Eta gaur den egunean erretxina- edo goma-era guztiak izendatzeko balio balezake ere, bereziki esaten zaio gereziondoek duten isurtzeari.

Gomosia (gomosis) izena du gaixotasun horrek eta tanta horiek kanporatzen dituzte zuhaitzek, erasoak, bortxatuak, kaltetuak… sentitzen direnean, dela inausketa bat, dela onddo eta bakterien edo intsektuen eragina, dela erroetan dagoela ur gehiegi, dela…

Hil ere egin daiteke arbola gomosi hori ez bada eteten, udaberriaren eskakizunei aurre egiteko behar duen odola galduta.

Larria da kontua, nahiz eta guk ez diogun erreparatzen ia: gizaki handinahikoen harropuzkeria!!

Baina bai txoriek, gu ez bezala, besteon zoriontasunarekin erne eta adeitsuak direlako beti; Enborraz eta adarrez eraikitako izaki bizidun horiengan dutelako bizitzeko eta bazkatzeko leku airosoa, maiteminetarako bazter ezkutua eta lanera noaneko goizaldeetan, euren kantuekin ni miretsita eta errendituta uzteko agertoki paregabea.

Horregatik txoriek maite dituzte hainbeste zuhaitzak. Horregatik negar-malkoak ere botatzen dituzte, eurekiko bihotz-bihotzeko enpatiaz. Hori bai: beti ezti koloreko malkoak, sotinka ari direnean ere goxo eta maitagarriak direlako txoriak.

Zozo emeak gorteatzean zeharka ibiltzen diren zozo ar maitagarriei eskainia

 

ARTIKULU GUZTIAK

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *