Urratsak egin eta ez eman

Gaztelaniari begira dugu euskara, morrontza sistematikoan, hark egiten duenari beti so, geuk zerbait antzeman eta berehala, arineketan imitatzeko. Berdin dio zein aberatsa den gure altxor linguistikoa, zenbat gure baliabideak: gaztelania da gure ibilbidea artezten duen argia. Euskararen arima deabruren bati merke saldu diogula esango nuke…

Kasu horietako bat urratsa edo pausoak hitzak erabiltzean dugu, geroz eta gehiago erabiltzen delako egokia ez den forma. Edo, behinik behin, ez da erabiltzen egokiena den aukera.

Urratsak eta pausoak egin egiten dira euskara jator eta tradizionalean, ez eman. Eman aditzak ‘entregar’ esanahia du euskaraz, hots, ez da batere egokia gure beharretarako.

Adineko baserritar batekin hitz egingo bagenu ez legoke zalantzarik, berez irtengo litzaiokelako forma klasikoa. Baina Hego Euskal Herriko euskaldun ikasi batekin hitz egingo bagenu, gauzak aldatuko lirateke, praktikan, guzti-guztiek erabiltzen dituztelako “etorkizuna konkistatzeko gaur hasi behar dugu pausuak ematen” tankerako formulak. Ia salbuespenik gabe. Hori delako eskoletan, euskaltegietan edota hedabideen estilo liburuetan zuzentzen ez den formula arrotza, ez egokia.

Klasikoetatik hasita gure garai modernoetara iritsi arte, urrats(ak) / pausu(ak) egin izango dugu. Harago oraindik, urrats egin ibili aditzaren sinonimoa da.

Aurrera edo atzera ez dakit, baina ez ditzala gaztelaniak gure hizkuntzak egin beharreko pausuak marka.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *