2017. urteko laudioarra

Joan den ostegunean oroitarri bat eman zidaten ekitaldi xume batean, haren bitartez gogorarazteko «2017. urteko laudioarra» hautatua nintzela, hil batzuk atzerago antolatutako galdeketa ireki batean. Aurreratu behar dut emandako plaka ederra dela eta oso gustatu zaidala nire aurpegiarekin batera, Jose Arrue margolariaren irudi bat jarri dutelako, neurri handi batean, 2017. urtea haren memoriari eskaini diodalako.

Bozketaren antolatzailea, «La Ventana de Laudio / Laudioko leihoa» elkartea izan da, batik bat Facebook-en bitartez koordinatzen dena. Aurtengoa bigarren edizioa izan da.

Laudio Arabako herri bat da, gehienok dakikezuenez, eta 18.399 biztanle bizi dira bertan (Eustat, 2017). Izan ere, biztanleriari dagokionez, Arabako bigarrena da Gasteiz hiriburuaren atzetik. Aipatutako tokiko kolektibo horretan 6.944 kide daude lerro hauek idazteko orduan. Hau da: adineko herritarrak eta umeak kenduta, gehiengo soziala dagoela bertan. Talde ahaltsua da, eraginkorra udalerriko bizitzan.

Zeresanik ez, pozarren nago albistearekin, ikusteagatik nola maite eta baloratzen nauen jaio nintzen herriko jendeak. Egunotan igarri dut kaletik gainera, ezinezko izan zaidalako ehun metro ibiltzea zoriontzeak jaso barik.

Ez naiz ni halere, honelako hautaketen aldekoa. Eta iaz ere —esan bezala aurtengoa bigarren edizioa izan da— adierazi nuen ez nuela botorik jaso nahi ez niolako zentzurik antzematen. Zergatik?

Bizitza honetan ahal duguna egin behar dugu. Nolabait, moralki, horretara gaude behartuta. Eta ahal dugun hoberen egin behar dugu, gainera. Bestela esanda: gauza batzuetarako gaiturik banago, nahitaez egin behar ditut.

Bestela iruzurra egingo nioke gizarteari edo, behinik behin, prestakuntza akademikoa ahalbidetu didan familiari. Hori ez da beraz sarigarria, nire oraingo kasuan bezala; bai salagarria edo gaitzesgarria kontrako jarrera: ez egitea egiteko gai garena. Barkaezina…

Hau esanda, ez dut uste nik meritu gehiagorik izan dudanik «urteko laudioar» izendatzeko parkean bilobak zaintzen dagoen amama batek baino. Seguru meritu isildu handiagoak dituela hark bere bizitzan… Edo egunero ogirik onena ekoizten ahalegintzen den okinak edo oinetakoak txukun-txukun konpontzen dituen zapatariak, besteak beste. Horiek «urteko pertsonaiak» baino, bizi osoko «heroiak» direlako.

Ez dago beraz aldamenekoa baino gehiago den inor, herria guztiok garelako: argalak, potoloak, azkarrak, dorpeak, gizon, emakume, luzexkak, txaparrak… guztiak. Eta sariketa hauek lehiaketa baten emaitza dirudite askotan, garaile eta galtzaileekin. Horregatik ez ditut oso gogoko…

Nolanahi ere, pozarren nago eta apur bat beldurturik: lagun batek esan bezala, omenaldiak dira zahartzen ari zarenaren adierazle gardena. Ez dabil oso urrun egiatik…

Gainera bat dator, hilabete berean —azaroan— blog honi Euskalduna Jauregian emandako sariarekin, antza, blog «ezustekoena» izateagatik. Urte oparoa…

Beraz, eskerrik asko Laudiori eta eskerrik asko gainerako guztioi. Neuk ere maite zaituztet…

 

Artikulu guztiak