Gurasoengandik jaso nuen natura hurbiletik sentitzeko ahalmena, harekiko sentsoreak beti piztuta eramatearen ohitura.
Horrelako zama genetikoarekin, ezinezko suertatzen zait goizaldeotan ez ohartzea eta hunkitzea, lanera bidean, txoriek duten egunsentiko algarekin: txorrotxioka zoratuta, kantuan itsuki, zeinek hobeto egin norgehiagoka zurruburrutsuan.
Baina, ohartzen ez garen arren, jakin ezazue txorien udaberri guztiak ez direla uste bezain alaiak, zenbaitetan… negar ere egiten dutelako. Noiz? Zuhaitzak gaixo daudela ikustean.
Nire inguruko Nerbioigoien eta Arratia-Nerbioi eskualdeetan —eta baita horietatik kanpoko askoan ere—, txori-negar esaten zaie euskaraz zuhaitz batzuek isurtzen duten goma edo erretxina modukoari. Horrela deituko zioten gure arbasoek, txorien malkoak zirelakoan.
Eta gaur den egunean erretxina- edo goma-era guztiak izendatzeko balio balezake ere, bereziki esaten zaio gereziondoek duten isuriari.
Gomosia (gomosis) izena du gaixotasun horrek eta zuhaitzek kanporatzen dituzte tanta horiek sentitzen dutenean erasotuak, bortxatuak, kaltetuak… izan direla: dela inausketa bat, dela onddo, bakterien edo intsektu baten erasoa, dela erroetan dagoela ur gehiegi, dela…
Hil ere egin daitezke arbolak gomosi hori ez bada eteten, udaberriari aurre egin ahal izateko behar duen odola galduta.
Larria da kontua, nahiz eta guk ez diogun erreparatzen ia: zer axola guri? Gizaki handinahikoen harropuzkeria!
Baina bai daude artega txoriak, gu ez bezala, besteon zoriontasunarekin erne eta adeitsuak direlako beti; Enborraz eta adarrez eraikitako izaki bizidun horiengan dutelako bizitzeko eta bazkatzeko leku airosoa, maiteminetarako bazter ezkutua eta lanera noaneko goizaldeetan, euren kantuekin ni miretsita eta liluraz errendituta uzteko agertoki paregabea.
Horregatik maite dituzte txoriek zuhaitzak. Horregatik negar-malkoak ere botatzen dituzte, eurekiko bihotz-bihotzeko enpatiaz. Hori bai: beti ezti koloreko malkoak, albiste txarra emateko zotinka ari direnean ere, goxo eta maitagarriak direlako gure hegaztiak.
Zozo emeak gorteatu nahian, gure etxe aurrean zeharka ibiltzen den zozo ar txotxolo eta maitagarri horri eskainia