Ugazaba zital eta ankerrenak ere errespetatzen zien Gabonetan etxera itzultzeko baimena.
Otseinak ziren, duela gutxira arte figura arruntak, egun eskandaluzkoak izango liratekeenak. Zehatzago azalduta, otseinak baliabide urriko familietan jaiotako umeak ziren, gehienetan eskasiagatik behar bezala elikatu ezin zitezkeenak eta, beharrak bultzatuta, mantenu soilaren edo ogerleko batzuen trukean dirudunen etxeetara zerbitzatzera zihoazenak.
Otsein izena Euskal Herriaren mendebaldekoa zen, bizkaierakoa. Eta geroago kridu edo krida [‘criado’ / ‘criada’] entzun baditugu ere, behinola berba orokortua izan zen. Ogi eta sein hitzen batuketa krudeletik datorkigu eta agerian uzten digu norainoko miseria duen bere barnean: ogiaren truke lan egiten zuten ume txikiak. Bai, seinak «umeak» zirelako.
Arrotz zuten etxe batean urte osoan beharrean zeuden sabela betetzearen trukean. Dirudunekiko morrontza, gurasoek eskaini ez ziezaieketen biziraupena bermatzeko. Eta denboran ez da hain kontu urruna…
Gaztelaniaz ere, paniaguado antzeko hitza dugu, morroi zihoana pan y aguaz ateratzeko bizibidea.
OTSEIN. Bikain asmatu zuen izena Bergarako lantegi hark 1941. urtean jaio zenean, baldintzarik gabeko zerbitzariak ekoiztea zutelako helburu, etxetresnak ez zirelako lan-zamaz kexatzen, ez zutelako opor beharrik. Benetako otseinak ziren.
Obra gorena, enpresa sortu eta hamar urtera (1955) kaleratu zuten: etxeetarako lehenengo ikuzgailu automatikoa Estatu osoan, sekulako iraultza ekarri zuena eta geroko Balay, Newpool, Fagor… markei bidea ireki ziena.
Orain Amerikako Hoover empresa-taldearekin bat eginda dago gure marka komertziala. Eta ezer ez da lehen zena. Etxetresnak ere ez dira gaur asmatzen inoren otsein izateko, ia senitartekoak direlako. Baina bai ditugu gordeak agertu ziren garaietako oroitzapen kolektiboak, begirunez gainera. Gabonetan etxera irribarretsu eta “eguberri on” esaka itzultzen ziren ume lander haiek bezala… egun bereziak ziren, goserik gabekoak: agian gaztain erreak ere egongo ziren sutondoko mahai oparoan. Hori bai, Done Eztebe protomartiaren egunean, abenduak 26, berriz lanean egotearen balditzarekin. Egun pare familiaren goxotasunean eta hurrengo urtera arte: morroi ala esklabu ziren gure otsein isil et isilduak?