Erraza da, sano, bizi ari garen itxialdiari alde txarra antzematea, kalteak alde guztietatikoak direlako, ezbairik gabe.
Baina, etxeaz bestaldean jazotzen ari den hondamendia (heriotzak, beldurrak, ezintasunak…) alde batera utzita, nik egoera honetan irabazten ari garena lehenetsi nahiko nuke. Ez dadila izan baikortasun faltagatik…
Etxean honen denbora luzea emateak, norberaren buruarekin topatzea ahalbidetu digu, baita sarritan ondoan baina ez gertu genuen senitartearekin.
Korrika, belu, iradu, berandu eta karraka genbiltzan beti azken hamarkadetan, existitzen ez zen helmugara heldu ezinean. Zeruak, lurrak eta urak gure mende ipinita, gure nahietara bortxatuta, lor ezin zitekeen entelekia horretara iristeko.
Aitzitik, itxialdiak, bat-bateko iraultza ekarri digu… Hausnarketarako beta —aukera— berreskuratu dugulako, egiten ari ginen guztiaren hankaz gorako itzulipurdia izan delako. Eta ekarritakoa ez da iraultza aurrerakoia, izan ginenera itzultzekoa baizik. Bestela esanda, atzearekin besarkatutako aurrerakoitasuna. Ez da makala…
Eta, nahigabean eta nahitaezean, falimiarekiko harreman estua deskubritu berri dugu. Umeei ipuinak kontatzeko ohitura lasaia berpiztu, lilura-berbak bihotz-taupaden erritmoa daramatela… Eta sukaldean elkarrekiko lana, gerora gustura jango dugun jaki konplexu eta miresgarria atontzen. Legamia bota diogu etxe barruko gure harremanei.
Leihoak irekita, aurrean bizilagunak ditugula aurkitu dugu: ez soilik etxekideak, auzokideak, herrikideak… pertsonak baizik: bizilagunak, lagunak… Ahaztua genuen zerbait.
Hor, bentanen bestaldeko eremuan, aldi berean urrutian eta aldean, txoriak, inoiz baino ozenago jarduten, txorrotxioka, ero, giza-oztopo gutxi dutelako euren bizia aurrera ateratzeko. Tartean, urak garbi-gardenak, eta zeruak hegazkin-lorratzik gabekoak. Noiztik?
Gaurko elurte iragarpena ere ez da albiste izan. Ez behintzat itxialdi aurretiko anplifikazioarekin, arruntaren barruko berezia ezohiko bihurtzeko obsesio modernoarekin.
Martxoan elur aritzea ez delako apartekoa. Bizian, tamalez, heriotza arrotza ez den bezala. Agian gu ginen itxialdi hau izan arteko munduarekiko arrotz bakarrak. Arrotzak, harrotzarrak.
Zaindu zaitezke eta bizi eta goza galdua genuen bizipoza. Baita itxialdi itxaropentsu honetan ere.