Kanpaia min dagoenean

Bizien eta hildakoen arteko mugaketa zorrotza kontzepzio modernoa da gure artean, duela gutxira arte, ez zirelako mundu bi horiek zerbait estankoa, erabat irekiak eta elkarrekiko iragazkorrak baizik.

Gai horretaz jardun behar nuen joan den zapatuan, Orozkoko Olarte auzuneko eliza zoragarriaren elizpean, halaxe egitea enkargatu zidatelako betako museoan. Gau ilunean eta argizari baten laguntza bakarraz… Baina ez zen asmoa erabat bete, ilargia ere harro azaldu zitzaigulako bertan geunden guztioi, inoiz baino distiratsuago, akaso zakar zebilen hego haizeari protagonismoa kendu nahian. Baina argizariko argiak, duin bete zuen bere eginbeharra, uneoro sugarra kulunka ibili bazen ere. Ezin zitekeen giro aproposagorik asma, heriotzari buruz eta euskaldunok haren inguruan eraiki genuen unibertso sinbolikoari buruz aritzeko.

Han botatako kontu guztien artetik, bat bereziki dut gogoko, gure etxean gertutik bizi izan dugulako: herioak bizidunak bere mundu ilunera eraman aurretik, helarazten dizkigun zantzuak, helduko denaren abisu modukoak.

Horretarako, soberan nekiena beste behin entzutera hurbildu nintzen gurasoen etxera, denborak iraganik eta etorkizunik gabekoa dirudien sutondo hartara. Barikua zen, diru-gose ustelak «ostiral beltza» izendatutakoa. Eta hantxe zeuden gurasoak, elkarri begira, tarteka sua hauspotzen, denbora eta bizia bera igarotzen uzten. Haritik tiraka, gogoz hasi ziren bilatzen nuena kontatzen.

Txakurraren gaueko ulua, heriotzaren iragarlea da

 

TXAKURREN ULUA. Txakurren bat uluka ari bazen gauean, berehala hilko zen auzuneko pertsona bat. Amak berretsi zidan esanez seinale hori hutsezinezkoa zela: hala jazoko zen, nahitaez. Antza, txakurrek usaimena sano garatua dute eta herioaren presentzia usnatzeko gauza dira. Badakigu, bestetik, herioa gauez dabilela, iluna delako bere mundua. Etxe-abereak ere artega zeuden ukuiluan, berehalako ezbeharraren seinale ziren une berezi horietan.

Txepetxa, etxe inguruetan dabilen zoritxarreko txoria da, herioa erakartzen duelako

 

TXEPETXA. Zoritxarrekoa zen ere txepetxa txoria —gure inguruan epetxa deitua: chochín gaztelaniaz eta troglodytes troglodytes izendapen zientifikoan— eta, ikusiz gero, ahalik eta azkarren tragatu behar zen. Edota bere habia suntsitu. Ha etxe inguruan ibilita, norbait hilko baitzen.

HONTZ ZURIA. Eta zer esan hontz zuriaz, bere aiene beldurgarriak entzuten zirenean etxeko leihoan… gizakion argiak dituztelako gogoko eta bentanetara hurbiltzen direlako ahal duten guztietan, beste aldekoak diruditen garrasiak botatzera.

OILARRA. Bestalde, ezagun dute ez zela auzokoontzat zantzu lasaigarria oilarrak «ordu txarrean» kukurruka entzutea, hau da, ilundu berritan edo, behintzat, ez espero zitekeen egunsentian.

Badirudi nire gurasoek dakizkiten heriotzaren zantzuen zerrenda animalietara mugatzen dela. Eta seguru asko aurretik izan ziren beste batzuk ahaztuak dituzte betiko. Horien artetik aipatzekoak dira hitzaldia eman nuen Orozkoko Olarte auzunean Jose Miguel Barandiaranek berak jaso zituena 1923. urtean, garai hartarako oso zaharra zen Pedro Mª Sautua auzokoaren ahotik.

Aurretik aipatu ditudan nire etxeko sinesmenez gain, hauek jaso zituen Ataungo apaizak, elizako kanpai-hotsei lotuak.

KANPAI-HOTSA MEZAN. Haietako bat da mezako kontsagrazioaren unean kanpaiek jotzen baldin badute: «…es señal de muerte próxima si el alzar de la hostia o del cáliz coincide con el toque de la hora del reloj de la misma iglesia«.

KANPAI MINA. Bestalde, eta niri gehien gustatzen zaidana, herioaren bisitaren zantzua zen kanpai-hotsa normala baino gehiago luzatzen zenean, oihartzun moduko batez. Horri, kanpaia min egotea esaten zaio bertan. Min, triste, goibel, etsituta, penaturik… omen du soinua, antzematen delako bere seme-alabetako bat iluntasuna nagusi den bizilekura bidali behar izanagatik.

«Cuando, después del toque de las campanas, se oye resonancia prolongada (kanpaia min dagonian=cuando la campana está dolorida), es señal de que alguno de la vecindad morirá pronto». Kanpaia min dagoenean… zein esapide eder, zein humanoa, zein goxo… Sano ederra, beste barik.

Olarte (Orozko) auzuneko eliza. Bertan jaso zuen ohitura hau J. M. Barandiaranek 1923. urtean. Atzean, Itzina (Gorbeia), Mari jainkosaren bizilekua. Argazkia: Indalezio Ojanguren, 1952

 

Gaur astelehena da. Eta lehengo zapatuko hego-haizea, euri eta hotz bihurtu zaigu gaur. Beti delako horrela. Hego haizeak, ezinbestez dakarrelako euria atzetik. Bata bestearen hutsezinezko antzua delako. Gorago aipatutako heriotzari buruzko gure uste tradizional horiek bezalaxe…

Letra hauek argitaratu eta gurasoenera joango naiz berriz, argia lehenbiziz ikusi nuen etxera. Eta esango diet zein esker onekoak diren kontatzen dizkidaten bizipen horiek guztiak. Eta zenbat maite eta behar ditudan. Trukean neu arduratuko naiz, basorantz uxatuz, etxe inguruan epetxik ibili ez dadin. Nirekin batera luzaroan nahi ditudalako ama eta aita, aita eta ama.

Eta kanpaiak… ez min ez alai: gure etxean ez dira entzuten. Guztion onerako…

 

 

Sorginak, baheak eta artaziak

Atzo gauean, sorginei buruzko informazioa bilatzen ari nintzela sarean, Gustav Henningsen ikertzaile daniarrak Galizian 60ko hamarkadan egin zuen argazki zoragarri bat aurkitu nuen: emakume bi, bahe eta artazi batzuez, antzematen ea meigarik –sorginik– ote zegoen euren ingurune hartan. Behinolako Galizia sakon, ilun eta galdua…

Pozarren hartu nuen aurkikuntza hori gogoan nuelako Artziniega (Araba) herrian ere horrelako metodoak erabili izan zirela bestelako garaietan edo, behinik behin, horrela dokumentatu zituela J. M. Barandiaran (1889 – 1991) apaiz antropologoak.

Horrela zioen bere oharretan: «En Arceniega [Artziniega] recurren a los servicios de una mujer de la localidad para saber quién esta embrujado. Ella toma una criba, mete por uno de los orificios unas tijeras hasta su eje, las abre y hace que la criba cuelgue de ellas. Entonces pregunta: “¿Fulano es brujo?”. Si la criba oscila es señal de que la persona nombrada está embrujada»

Galbahea eta artaziak ouija baten modura erabilita…

Etxe edo ingurune batean sorginik bazela susmatzeko nahiko zen gauerdia baino lehenago oilarraren kukurrukua entzutea edo behi baten azalpenik gabeko marru arranguratsua. Edo, beste barik, uste izatea bolada bateko zortea normala baino txarragoa zela: kasuistika hutsa zena sorginkeriei egozten zitzaien.

Artaziak dira, bestetik, sorginen kontrako babes preziatuak, batez ere gurutze itxura hartzen dutenean. Horregatik da hain ohikoa beste kultura askoan umeen burukoaren azpian artaziak jartzea, sorginekiko harresi gisa. Arrazoi beragatik ezartzen dira tximinien beheko partean egur zatiak hartzeko burdinazko suhatzak, gurutze baten forman, tximinia baita euskal tradizioan sorginak etxera sartzeko bide ohikoena.

Azkenik, eta bat-bateko lerro hauei amaiera borobildua emateko asmoz, aipatu nahiko nuke argazkia egin zuen Gustav Henningsen dela, seguru asko, sorginei eta sorginen kontrako prozesuei buruz gehien ikertu duen gizakia.

Eta hari zor diogu akelarre hitzaren jatorriaren interpretazioa: Akelarre toponimo zehatza zen lehenbizikoz aipatu zenean 1609ko maiatzaren 22an, Auzitegi Gorenera bidalitako gutun batean. Bertan, Nafarroako hainbat tokitan egindako sorgin-batzarrak deskribatzen dira. Hortik hiru hilera, azken “ustezko sorginak” atxilotu zirenerako, tokiari emandako izen hura generiko bihurtua zuen prozesua zeraman Valle Alvarado inkisidoreak, agian, aker demoniakoarekin lotzeko primeran zetorkiolako. 1609ko maiatz eta abuztu bitartean asmatu zen akelarre hitz arrunta, esan bezala, leku-izen zehatz batetik eratorria. Eta geroztik dokumentu guzti-guztietan aipatuko zen akelarre hitza, amesgaiztozko batzar lizun haiek izendatzeko.

Valle Alvarado inkisidore hari zor diogu Akelarre toponimotik akelarre berba arrunterainoko bilakera. Geroztik, mundu osora zabaldu zen izendapen hori, gaztelaniak ere beretzat hartu zuelako: aquelarre ‘junta o reunión nocturna de brujos y brujas, con la supuesta intervención del demonio ordinariamente en figura de macho cabrío, para sus prácticas mágicas o supersticiosas’.

Hala dio Espainiako RAE Akademiak eta horrek esateak susmo txar guztiak uxatzen ditu. Eta hala ez bada, bahe eta artaziek erabaki dezatela…

=======
Era honetako ohar gehiagorik jaso nahi baduzu, aktibatu lagun izateko eskaera nire “felixmugurutza” facebook kontuan. Saiatu naiz zintzo izaten…
=======

Artikulu guztiak