“Haragia” “okela” bihurtu genuen eguna. Euskararen beste bitxikeria bat.

16251772_263464370740890_262084362988037388_o

Euskarak, munduko gainerako hizkuntzek bezala, badu hainbat bitxikeria bere barruetan. Horietako bat, ezezaguna, orain doakizuena: okela eta haragia hitzen arteko nahasketa zaharra. Has gaitezen…

OKELA ALA HARAGIA, HUTS ALA BETE
Ni bizi naizen eskualdean, Euskal Herriaren mendebaldean, okela besterik ezin da aipatu etxetik kanpo jaten gaudenean. Nahikoa litzateke haragi hitza aipatzea, aiztoa baino zorrotzagoak liratekeen begiradak sentitzeko gure bizkarrean. Hemen, okela delako. Eta gauza bera Gipuzkoako sagardotegi zoragarrietara goazenean eta, edariaren arduragabekeriaz, “samur dago okela” bat eskapatzen zaigunean: badakite zein aldetakoak garen.

gf_posts_oarso-1060x460

HARAGIZKO BEKATUAK
Hala ere, gurean, okela bai. baina… harakin eta harategi besterik ez dugu. Okela hitzari erreferentzia egiten dionik ez dugu. Gainera, “haragizko bekatuak” ere badira Bizkaian, jaten ez den haragi horrekin egiten direnak… Horretan maisu, Joannes Leizarraga apaiza, bere Testamentu Berriaren itzulpenean (1571): «Iunktaturen zaio bere emazteari eta izanen dirade biak haragi bat», ‘bere emaztearekin batu eta haragi bakarra egiten dute’… ez da txarra adibidea. Baina utz ditzagun lizunkeriak eta itzul gaitezen bidera.

sexo-edad-media-5-644x362

Gaur egun, lurraldeen arteko horren bereizketa “dialektal” argia iruditzen zaiguna oso berria da. Bere horretan zebilen Azkue gizajoa, zoro baten moduan: «En gran parte de Bizkaya [Bizkaia] no llaman así a la de comer, sino okela, a la común; […]. En algunas partes de V [Bizkaia], como Plencia [Plentzia], Barrika, llaman haragi a la carne de comer». Hau da: gauza bat eta bere kontrakoa.

Gainera, Bizkaiko klasikoetara joanda, Peru Abarkan edo Lazarragan esaterako, haragia eta ez “okela” erabiltzen da. Eta amaitzeko, gain-gainean ditugun Aratuste (inauteri) mendebaldeko izena “haragia” uztetik ei datorrena.

OKELA: ZATI TXIKIA
Jatorrian okela zen jaten zen edozein gauza txiki, janaldi nagusien artekoa, “askari” baten moduan: “ogi-okela”, ‘ogi zati bat’ edo, urrutira joan barik “haragi-okela”, ‘haragi apur bat’.
Horretaz ondo ohartu zen Larramendi (1690-1766) trebea: «Carne en un dialecto, y en otro, pedacito de carne». «Pedazo de cualquiera cosa comestible» zela argitaratu zuen geroago Araquistainek (1700-1765).

Eta ez dakigu nola edo zehazki zein garaitan, baina noizbait okela hitzak haragia berbaren lekua inbaditu zuen. Zaharra izango da aldaketa hori, halere, Lagran (Arabako) herriko ordenantza zahar batzuetan esaten delako abere talde ezberdinak elkartzeko erabiltzen zen modua. Horien artetik, bitxikeria hau «…los bueyerizos [itzainak] harán su reclamo […] llamandooquela, oquela, oquela”» (1569). XVI. mendean… horra hor.

Chuleton de buey7

BAINA ZER DA OKELA?
Okela substantiboaren urrutiko jatorria latinezko buccela hitza da, ‘ahotxo’, “aho txikia”. Erdal boquilla hitz berbera da. Baina hortik, latinez ere, egun euskal ‘ahamen, mokado, otamen, kopau’ edo erdal ‘bocado’… hitzek duten esanahi berbera hartu zuen. Esan bezala, baita latinez ere. Gurean, “ogi-kopau”, “ogi-okela”… formak hasi ziren erabiltzen. Eta, suposa dezakegu, haragi-okela (‘haragi apur bat’) hartatik iritsiko ginela gure egungo txingarren gaineko okela goxora.

Aurrekoaz gain komeni da aipatzea, sarri gaizki esaten den arren, “okela bat” dela eta ez “okel bat”. Hain zuzen ere, buccela hitzaz ari garelako…

122

URDAI OKELEA
Beste barik. Baina irakurtzeari utzi baino lehen, gogoan izan bihar “basaratuste” eguna dela. edo “kanporamartxo” edo “sasimartxo” edo “basokoipetsu” edo dena delakoa. Eta hor ohitura dela txitxi-burduntzian jatea “urdai xerra” bat. Edo Nicholaus Landuccio bisitariak esanahi berberarekin argitaratu bezala (1562)… “urdai-okelea”.