Arima ez galtzeko sudokuak


Zaharren egoitzetan sudokuak egiten dituzte gure nagusiek, hala aholkatzen dietelako. Horrelako jardunez memoria lantzen delako eta gauzak ahaztea ekiditen delako. Pertsona batentzat ez dagoelako txarragorik nor izan den eta bere bizipen guztiak ahaztea baino. Amaiera…

Gauza bera gertatzen da herriekin, tamalez, zer diren ahazten baldin badute. Oroitzapen barik, arima galduko luketelako eta betiko desagertuko liratekeelako. Amaiera…


Ahanzturaren kontra, herriek ere, hainbat ariketa egin behar dute. Sudokuak. Bestela, behin galduta arima, ez dago ezer berreskuratzerik.

Atzo, herri memoriarako ariketak prestatu ditugu, Gorbeiako magaletan, gure herritarrek gogoan eduki dezaten aurretikoen ondarea. Telebistarako produktu berriak, gauza zaharrenetan oinarrituak… Hau kontraesana, hau aurkikuntza!!

Itesa produktorearekin, ETBren Sustraiak saiorako. 30 urte antenan… bat esan eta hamaika izan! Grabaketa bikoitza egin genuen, euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahal izateko. Gero share ditxosorik dutenetz ikusiko da… eta egiatan bost axola: nahikoa da uhinen bestaldean pertsona bakar bat egotea merezi izateko. Baten batzuk poztuko direlako ikustean, seguru, gaztetan bizi izandako kontuak berriz entzunda.

Grabazio-ordu pare, bai, gero maitasun-minututxo batzuk besterik ez eskaintzeko munduari. On ala txarrak ez dakit baina bai ahal izan dugun modu onenean egindakoak. Horretarako, gainera, familiari, maite ditudanei, haiekin egoteko beste opor egun bat lapurtu behar izan diet. Beste behin…

Baina uste dut mereziko duela eskuartean duguna herriaren memoria-galeraren kontrako beste sudoku bat delako… Behin arima galduta zertarako opor-egunik behar!!