Hizkuntzen arteko gurutzatze bitxi bati zor diogu jarraian kontatuko dizuedana.
Hainbat arazo PAIRATZEN ari naiz azken boladan eta ez nik eragindakoak. Baina, zorionez, gauzak zuzentasunez eta zilegitasunez egiten egotearen sentsazioarekin nago. Hau da, neurri handi batean, «me la trae al PAIRO» nola amaituko diren problema horiek guztiak.
Eta jarrera filosofiko horretaz ari nintzela, hausnartu bitartean, bitxikeria linguistiko bat etorri zitzaidan burura. Bitxia, polita eta jakingarria. Horregatik otu zait zuekin partekatzea.
Pairatu darabilgunean euskaraz, ‘jasan’ ‘sufritu’ esan nahi dugu edo, zehatzago izanda, ‘ezbeharrak, kalteak, minak eta kidekoak sentitu edo bizi; ezbeharra, kaltea edo gogoko ez dena amore eman gabe edo etsi gabe eraman’. Horrela dio behintzat Euskaltzaindiaren Hiztegiak.
Hitz hori Ipar Euskal Herrikoa da jatorriz, nahiz eta azken urteotan oso hedatu den Euskal Herri osora euskara batuaren bitartez. Sorburua, Gaskoinian mintzatzen zen hizkuntzan [okzitanieraren dialekto bat] dago, pairar aditzean, hain zuzen ere. Bere esanahia, euskaraz bezala, ‘egoerari eustea’, ‘ezbeharra jasatea’, ‘pazientzia izatea’ da, azken finean.
Eta gaskoizko iturri horretatik ere hartu zuen gaztelaniak, itsasoan marinelek egiten zuten maniobra berezi bat izendatzeko: pairar. Hau da, «dicho de una nave: estar quieta con las velas tendidas y largas las escotas» (RAE). Marinelen liburuetan, halaxe dago deskribatuta: «mantener la posición respecto al fondo. Cuando hay temporal significa mantenerse proa al oleaje con poco trapo (poco velamen), a fin de compensar el efecto de abatimiento». Hobeto hitzez hitz ematea, ezagutzen ez dudan esparru batean ez okertzeko.
Eta «ponerse al pairo» hori berori da: itsas korronte bat dagoenean, belak egoki erabiliz, ontziak ez egitea ez aurrera ez atzera, hots, oreka edo geldiune moduko batean jasatea. Horretatik ere, pertsonei buruz ari garenean, «estar, quedarse… al pairo» da ‘estar a la expectativa, para actuar cuando sea necesario’. Bestela esanda, erabaki bat hartu aurretik, hausnartzen eta aukera ezberdinak baloratzen gaudenean.
Ez dakigu zehazki nondik datorren azken boladan hedatu den «me la trae al pairo» baina «me la trae floja» edo antzekoetatik ez da urrun ibiliko.
Eta ez dago besterik. Beraz, bizi pazientziaz, ezbeharrak duintasunez jasaten… pairoan egon… baina, mesedez, ez pairatu hitz horrek sufritzearen adiera baldin badu.