Mantrak hitz edo esaldi sakratuak dira, hinduismoan eta budismoan behin eta berriz errezitatzen direnak jainkoren bat deitzeko asmoz. Ez dakit antzeko zerbait ari den gertatzen azken urte hauetan gero eta egokiago erabiltzen diren «herrikoi» eta «parte hartzaile» esapideekin, han-hemen errepikatuak, batzuetan agerpen behartuarekin ere. Eta ez gutxitan, motibazio politiko batekin. Baina, beste gogoeta batzuk alde batera utzita, arreta jar diezaiogun hizkuntzaren aldetiko okerrari, gure euskararen erabilera desegokiari.
HERRIKOI. Herrikoi hitza ‘popular’ adjektiboaren baliokide moduan erabiltzen da azken boladan eta baita lehenagotik ere. Aurreratu dezagun, beraz, ez dela okerra kasu gehienetan. Baina beste gauza bat da egokia izatea. Horregatik, zertzelada bat gehitu nahiko nioke.
«-koi» atzizkiaz, ‘zerbaiterako joera, zaletasuna’ edo antzeko zerbait islatzen du. Eta beti pertsonei, bizidunei lotua. Horrela, amakoi ‘enmadrado’ da, haragikoi ‘lascivo’, berekoi egoísta, elizkoi ‘meapilas’ edo suminkoi ‘irascible’, besteak beste. Eta ez ‘maternal’, ‘cárnico’, ‘propio’, ‘eclesiástico’ o ‘irritado’. Horregatik, herrikoi hitzari popular baino POPULARISTA edo POPULISTA —konotazio txarrik gabe— esanahia egokitu behar zaio, zalantza barik. Popular baino gehiago, tartean, ñabardura semantiko bat dagoelako.
Edo behinik behin, ez ditu azken urteotan hain modu sistematikoan aurretik ditugun beste baliabide tradizionalak ordeztu behar.
Orain eta esparru soziologiko-politiko zehatz batzuetan, badirudi debekatu direla herrikoi hitz sakratua txertatua ez daramaten esapideak. Horrela «herri bazkariak» (besteek antolatzen dituztenak) tituluaren ordez, «bazkari herrikoiak» (haiek antolatutakoak) topatuko dugu, adierazteko benetako «popularrak» haiek beraiek direla. Eta adimendua lardaskatu arteko abidideak aurkituko ditugu, popular hitzaren jabe egiteko, gehiegizkoak gehienetan: mus txapelketa herrikoia, paella herrikoiak, indaba herrikoiak, kantu herrikoiak edo lasterketa herrikoi modukoak. Lehen horiek herri jaiak, herri bazkari, herri kantua, herri basoa, herri kirolak… moduan erabili ohi ditugu.
PARTE-HARTZAILEA. Esapide hau, bai eta zalantza barik, gaizki erabiltzen da, oinarrizko nahaste semantiko batean duela jatorria. Parte-hartzailea gaztelaniazko ‘participante’ da eta ez ‘participativo’. Horrela, jai parte hartzaileak«, gehienez ere, izango lirateke ‘jai horretan parte hartzen duten lagunak’. Baina aurrekontuak, plangintzak, politika… ezin dira inolaz ere parte-hartzaileak izan.
Participativo esateko, bestelako formulak ditugu eskura, baliatzeko: partaidetzako…, parte hartzeko, edonorentzako«, guztiontzako, irekiak eta abar.
Hau esanda, nahi duenak irakurritakoa erabil dezala. Eta nahi ez duena, segi dadila idazle herrikoi eta parte-hartzailea izaten: guztiontzako tokia dago.