[Frantziako ikazkinak euren txosnan]
Uda iritsita, jaiak nonahi. Eta jaiekin batera, egun horietarako espresuki ezartzen diren behin-behineko tabernak. Baina, izena emateko orduan, alaitasuna eteten da sarri: nola jarri, «txosna» ala «txozna»? Hori zalantza!!
Ezbairik gabe, TXOSNA da zuzen dagoen forma bakarra eta Hiztegi Batuan hala jasoa duguna. Beraz, amaituta gaurgero eztabaida.
Baina zer da txosna bat? Nire gurasoei galdetuta, erdaraz erabilita ere, argi dute erantzuna: iraupen gutxirako egiten zuten aterpe bat. Esaterako, abeltzain batek «txabola» egiten du mendialdean, urtez urte hara joango delako egotera. Baina, ikatz-txondorretan edo karobiko lanetan ibiltzen zenean, egun batzuk jagoten pasatzeko aterpetxo bat behar zenean, edonola egiten zen, adar batzuez edo, eraikin sendoa izan barik: hori da «txosna» bat. Zer esanik ez, izen horrekin ere ezagutzen dute jaietan ipini ohi diren taberna modukoak.
[Ikazkinak, txondorra zaintzeko txosna prestatzen]
Esanahiaren aldetik, gaztelaniazko «choza» hitzetik ez dabil oso urrun. Eta nik uste dut horretatik datorkiola «z» soinua «txozna» aldaki ez zuzenari, herri-etimologia oker batengatik seguruenik, hitz biak, «txosna» eta «choza» baliokideak izan direlako esanahian eta oso hurbilak soinuetan.
Nahaste hori dela-eta, Emiliano de Arriagak berak argi esaten digu bere Lexicón bilbaíno (1896) liburuan «txosna» erdal «choza» hitzetik datorrela. Beraz, herri ustekoa izango zen iritzi hori duela mende bat bederen:
«Chosna (Del castellano «choza»). Tienda de campaña que arman en las romerías con cuatro [h]orcones metidos en tierra y otro más largo en sentido horizontal, sirviendo de cumbre a la cubierta que es de lienzo ó lona, lo mismo que los costados. En su interior se guisa y sirve de comer y de beber a los romeros».
Eta, gehigarri, txosnen arduradunak, beti emakumeak antza:
«Chosnera (de «chosna»). La dueña o explotadora de una chosna, entre las cuales se contaron cocineras de fama para aderezar un guisado de cordero, una casuelada de sardinas o una fuente de bacalao en salsa o de merluza frita».
Bitxia da, lehenbiziko sarreran, txosnei buruz egindako deskribapena, beroriek baitira irudi zaharretan agertzen zaizkigunak. Urrutira jo barik, nola ez, Jose Arrueren margoetan.
Hori guztia alde batera utzita, jakin badakigu «txosnak» erabili izan direla feria esanguratsuenetan, herrietako mugaz kanpoaldean itxaroteko merkantziekin edo saltzeko ganaduarekin, autoritateen sartzeko baimena jaso arte. Edota azoka horietara zihoazenen atseden-lekua. Horietatik datozkigu «Alto de la Choza«, «Txosnagana» eta horrelako toki-izenak, ugari samarrak gure toponimian.
Baina ez dirudi —ez behintzat hizkuntzaren aldetik— «txosna» eta «choza» zerikusirik dutenik elkarren artean. Azken hau, «choza», Penintsulako ipar-mendebaldeko hizkuntzetatik —galiziera edota portuguesa— datorkigu eta latinaren «pluteum» hitzetik letorke. Harago oraindik, «plutea» bere plural formatik: azken honetatik sortuko zen «choza» hitza, alde horretako pl > ch bilakaera ezagunaren bitartez (alderatu chover, chubasco, chano, chantar, chopo… hitzekin)
[Cazorlako ikazkinak euren txosnen ondoan]
Izatez, Erromanizazioaren garaiko «pluteum» («pluteus») horiek ziren aldi baterako eraikinak, txabolak. Baina batez ere, gerretako setioetan erabilitako eraikin mugikor bat zen, barruan zeuden soldaduek kanpoko erasoetatik babestuta jarduteko, dela arietearekin, dela harresiak zulatzen edo…
[Pluteum, gerra-arma, «choza» hitzaren sorreran]
Baina, esan bezala, printzipioz ez du gure «txosna» hitzarekin zerikusirik. Kenduta herrietako jaietan gorputzari litroka ematen zaion «gerra»…