Santurtzi herriaren izena «San Jorge» da, jatorriz. Niretzat aski ezaguna bada, lehengo egunean santurtziar bati aipatu nion eta ez zekiela erantzun zidanean ohartu nintzen blog honetarako egokia zela. Eta gaurkoa —apirilak 23— Jaun Done Jurgiren eguna denez, urregorrizko aukera plazaratzeko!
Erdi Aroan modan jarri zen santu honekiko benerazioa eta, horregatik eskainiko zitzaion hari egungo Santurtzi herria artikulatzeko baliatuko zen eliza. Hori dela-eta, lehenbiziz aipatzen denetik (1075) ez dago zalantzarik: «Monasterium SANT GEORGIS, quod est in insola maris in Summo Rostro». Zer esanik ez, azken toponimo hau, Somorrostro da.
Herri tradizio baten arabera, Done Jurgi (San Jorge) omentzeko monasterioa itsasotik iritsitako monje batzuk izan ziren baina, egiatan, ez dago horri eusteko probarik.
Herriaren izendapenari dagokionez, urrats nahikotxo egin da tartean Sant Georgis hartatik egungo Santurtzira iristeko: San Jurdic (1249), Santurce (1333), San Yurdie, Santurçi (1372). XV. mendean ere S. Turse, Santurse, Santursi… ditugu.
Zalantza barik, euskara mantendu zen herrietan Santurtzi erabiliko zen. Laudio nire herriko dokumentazioan, esaterako, ikatz partida batzuen kontuetan, Santurci aipatzen zen oharra gaztelaniaz bazen ere. Baina, ezaguna denez, euskaraz arruntak diren –i eta –u amaierak ez ditu gogoko gaztelaniak, horregatik bere ezaugarria da haiek –e eta –o bihurtzea. Hortaz, beraz, gure erdal Santurce.
Hau esanda eta gehiago luzatu barik, gora Done Jurgi eta, nola ez, gora une honetan jaia ospatzen ari diren santurtziar guztiak.