Emakumeak eta euskara: ORAI BERDIN GIRADE

17098334_279250782495582_6908922710470426889_n

Gainean dugu martxoaren 8a eta, nahi eta nahi ez, guztiok dugu zer hausnartu, zer hobetu eta zer eman ospakizun horren aitzakiaz.

Niri, gure herriari lotutako txikikeria bat gehitzea otu zait: eskaintzea, opari, euskaraz berdintasunari buruz dugun aurreneko erreferentzia idatzia.

Eta horra hor, Bernart Etxepareren gure lehenengo liburuaren (Linguae Vasconum Primitiae, 1545) eskutik, bilatutako altxorra:

«ANDRIA, Ieinkoak drugatzula; ORAI BERDIN GIRADE; ni errege balin baninz, erregina zinate»

(‘ANDREA, Jaungoikoak lagun diezazula; ORAIN BERDINAK GARA; ni errege banintz, erregina zinateke’ / ‘MUJER, que Dios te ayude; AHORA SOMOS IGUALES; si yo fuese rey, tú serías reina’)

Hizkuntzaren aldetik, bitxia oso “lagundu” aditzaren forma trinkoaren erabilera (“drugatzu”), aspaldi-aspalditik euskal ahoetan entzuten ez dena.

Badakit, bestetik, “berdintasunaren ikurtzat” jartzen dudan esaldi batean ezin daitezkeela errege edo erreginarik agertu, berdintasun sozialaren antonimo direlako, berez. Edo irudi gisa erabili dudan Errenazimendu itxurako neska hori edertasun femeninoaren paradigma maskulinoa izan daitekeela. Nahi dena… Baina ez zentratu horretan eta jar zaitezte XVI. mendean… Orduan soilik ulertuko dugu norainoko ibilbidea duten Etxepareren bertso abangoardistek emakumeez ari denean…

Zuhur gutik andregatik gaizki erran diroite. Haiez hongi erraitea onestago lizate / Emazteak zerengatik gaiz erranen dirate / Handi eta xipi oro haietarik girade…

Andria ieinkoak drugazula… ORAI BERDIN GIRADE Gora munduko emakumeak, gora martxoaren 8a.