Maiatzean laian eta orduan jaian

«Maiatzean laian eta orduan jaian» dio euskal esaera zahar batek. Bestela esanda, behin lurra iraulita, ar eske dago, beroaldian, animaliei gertatzen zaien bezala. Prest azaldu zaigu, horrenbestez, hazi maskulinoa bere barrunbeetan besarkatzeko, gozatzeko eta goratzeko, irudika daitekeen elkartze idealizatuenean.

Hori, ni bizi naizen tokian eta aurreko post batean kontatu nuenez («Quiero ser arcángel«), maiatzean egiten zen: maiatzaren 8rako (Done Mikel Goiangeruaren agerpena) soroak laiatuta eta 11n (San Mateo) ereinda. Nekearen nekez, «nekazari» hitzari dagokion moduan…

Hortik aurrerakoa, laborari familia horren zoriona ala zorigaitza, patuaren indarrak erabakiko zuen. Alea jacta est, erromatarrek zioten moduan gauza baten etorkizuna euren eskuetatik kanpo zegoenean. Itxarotea besterik ez zitzaien geratzen gure arbaso baserritarrei. Eta zeruari begira, otoitz egitea, naturaren indarrak norberaren beharren aldera erakartzeko.

Horregatik dugu gaurkoa egun esanguratsua: maiatzaren 15a, San Isidroren omenezkoa.

Aurreratu behar dut ni ez naizela batere fededun, are gutxiago kristau edo elizkoi. Baina aitortu behar dut biziki gustatzen zaidala Elizaren kontuei erreparatzea, euren ohiturek eta egun gailenek sinesmen edo egite oso arkaikoen isla ematen digutelako. Ikasi behar dugu horien mintzaren atzean irakurtzen. Hortaz, egun honi, neure esparru pertsonalerako, eman nahi diodan garrantzia. Beste aitzakia bat egun arrunta egun berezi eta aparta bihurtzeko…

Duela gutxira arte, oso ospatua izan da San Isidro, nekazarien zaindaria delako eta, haren hedaduraz, baita abeltzainena ere. Hots, gure baserritarrentzako patroi bikaina.

Batzuk dira pertsonaia horri egozten zaizkion mirariak. Ezagunena diosku, behin batean Isidro morroi zebilenean jaun ahaltsu eta pagano batentzat, golde-lanetan idi pare batekin, gelditu egin zuela bere lana jainko kristauari otoitz egiteko. Jabeak, bazter batetik begira ostendua zelatan zebilela, harrapatu zuen bere eginbeharra utzita. Eta errieta egiteko prest zegoenean, zigortzeko asmo maltxurraz, aingeru bat agertu ei zen eta berak zuzendu zituen idiak, lan bikaina eginez, santuak bere otoitza eten barik. Hain izan zen liluragarria bertan ikusitakoa, ezen Isidroren jabea kristau bihurtu baitzen eta, bere atzetik, beste asko eta asko.

Umeentzako ipuina dirudi baina erreferentzia izan da gure baserritarrentzat urte eta urteetan.

Gauk, hainbat ospakizun berezi eta ganadu feria dugu: bat aipatzearren, Aiarako Arespalditza herrian egiten dena. Ihes egiten zaigun kultura baten azken postal bizidunak ikusteko aukera. Gutxi barru betiko joango zaigulako gure kulturaren azken belaunaldi hori. Eta orduan, hutsune hori izango dugunean, orduan bai, faltan izango dugu orain arbuiatzen ditugun San Isidro ospakizun eta feria.

Egun zoriontsua izan dezaten Euskal Herriko baserritar guztiek.