Cervino. 30 urte

30 años pasan como un suspiro. Como la vida misma. Pero no parece pasar ni moverse el recuerdo de aquel día en que por fin alcanzaba uno de mis grandes sueños, perseguido desde la más tierna juventud, aquel en el que cada noche recreaba paso a paso la hazaña de Whympher sobre un póster que presidía mi habitación. Por fin estaba allí, en la cumbre de Cervino o Matterhörn en una fecha tan llena de ochos que es difícil de ignorar: 8-8-88. Hoy hace 30 años…

Cervinoren irudia ikusita, nekez gera zaitezke goitik eta behetik harekin maitemindu barik, azken finean irudimenean dugun mendi ideala delako, haurtzaroan marrazten genituen haietatik, antzekoena.

Lehentsuago esan bezala, ohearen alboko horman nuen Bilboko El Corte Inglés-en erosi nuen poster hura. Bestalde, buruaren gainean, Jesukristo bat. Biak iltzatuta, bata horman, bestea gurutzean. Eta berehala jakin izan nuen  egunetako nire azken otoitza Cervinori —eta ez beste gizajoari— eskaini nahi niola.

Hamalau urte besterik ez nuen eta argi geratu zitzaidan mendi hartara igotzea izango zela, nagusiago izatearen abantailez baliatuta, bizitzan betetzeko zerbait.

Cervino eta Hörnli ertza, gailurrerainoko bidea markatuko duena. Lerro zorrotzetik ezkerrera, Ekialdeko horma eta, eskuinera, iparrekoa. Hortik amildu ziren gailurra lehenbiziz zapaldu zuten zazpi mendizaleetatik lau (1865 07 14).

Adinez nagusi izan eta berehala heldu zen lehenengo saioa. Geroago —2001. urtean— Chimborazoko gailurretik hurbil hilko zen Txelis lehengusuarekin batera joan nintzen Bilbon antolatutako bidaia batean. Ikusi ere ez genuen egin egondako hamabost egunetan euri zaparradak ez zirelako eten.

Baina Jesús Javier Gutiérrez Goiri, Willy, laguna eta erdi familiarra izango zen nire mendizale garai onenetan soka-kide abentura gehienetan. Lehenbiziko saio batean Mont Blanc igotzea lortu genuen —Mont Blanc de Tacul (4.248 m), Mont Maudit (4.465 m) eta Mont Blanc (4.807 m) zeharkaldia eginez— baina berriz eskapatu zitzaigun Cervino eguraldi txarragatik.

2015 07 14 egunean, gailurra estreinakoz igo zenetik, 150. urteurrena. Gailurrerako bidean, bengalak aldi berean piztuta.

Hirugarren saioan asmatu genuen. Ondo aklimatatuta gindoazen, lehendik gailur nahikotxo zapaldu genuelako. Indartsu nenbilen garai haietan eta aurreko urte bietan Boliviako (1986) eta Peruko (1987) Andeetan ibilitakoa. Pirinioak ere oso ezagunak genituen eta garai horietan 3.000 metrotik gorako ehun bat gailur ezberdin genuen fitxatuta. Ahal zela, mendi-ertzetatik igota, material gutxirekin eskalada ederrak egiteko aukera eskaintzen zutelako. Horregatik esaten genuen txantxetan gu biok mendizaleak baino “aristokratak” ginela (“arista”-zaleak).

Goizaldeko 3:00etan argiak piztu eta txaloka eta oihuka hasi zen Hornlihutten (3.260 m) aterpeko zaintzailea, inor gera ez zedin iratzarri barik. Denborarekin estu ez ibiltzeko 04:00etan edo hasi behar zen gorantz ibiltzen eta hori zen jaikitzeko ordu egokia. Lo gutxi eginda eta artega, elkarri hitz egin barik gosaltzen zuen jendeak. Eta… kalera gau izartsu eta hotz hartan. Peltz bekokiko argi moderno eta garesti haiek puntako materiala izanda ere, oso gutxi argitzen zuten. Petaka-pilak zerabiltzaten, buruaren atzealdean jarriak: ez zegoen oraingo led argirik.

Cervinoa ezagun duenak badaki eskaladaren hastapenetan bertan duela zailtasuna eta lehenbiziko urratsetan egon izan direla istripuak. Guk, hori jakinda, aurreko arratsaldean igo genuen ondoko goizean, ezagun izanda, ilunpean, hobeto orientatzeko.

Zer esanik ez, ez ziren oraindik existitzen bidea markatzen dizuten oraingo GPSak eta arrisku handiena zen bidean galtzea, batez ere, gaueko orduetan. Urrutitik ikusita oso lerro gardena dirudi ertzak baina bertan egonda erraza zen galtzea. Bestalde, mendizaleek egindako markak berehala kentzen zituzten mendi-gidariek gainera, euren zerbitzuen kontratazioak amaitu ez zitezen… Dirua beti diru… Ideia bat egiteko, hauxe zen garai haietan erabiltzen zen erreferentzia: kaka usaina antzematen bazen huraxe zen bidea jendeak, beste aukerarik gabe, bidean egiten zituelako behar fisiologikoak. Zatiren batekin zikindu nuen eskua nahigabean…

Bestalde, bereziki zaila zen igoerari buruzko erreferentziak topatzea eta ahoz aho zebilen informazio preziatua. Bertaratu arte, ez libururik ez maparik ez ezer. Ez du zerikusirik egungo planteamenduekin, etxean eserita, nahi duzun informazio guztia eta gehiago bilatzen duzula Interneti esker. Baina duela 30 urte ez zegoen horrelakorik: logelako posterrean interpretatu behar nituen neuzkan informazio eskasak.

Halaber, modernitatea hasia zen, eta fibra-jantzi berritzaileak genituen dagoeneko, aurreko urteetan Andeetara joateko erosiak. Eta plastikozko botak, zaldi-gantzaz igurtzi behar ziren larruzko bota bikoitz haiek betiko baztertuko zituztenak. Lizar-zurezko makila zuten pioletak ere gordetzen hasi ziren, metalezko eta diseinuzko ponposo haiek harro-harro erakusteko.

Igoeran, oraindik sokaz elkarri lotu gabe joanda, ez dakigu nola, despistatu egin ginen. Oker, beste argi batzuei jarraitu nen baina ez zen bertan nire laguna. Geroago, eguna argituta, berriz elkartuko ginen. Gailurrerainoko igoeran 7 ordu eman genituen, erne une oro, okerrik egin Gabe, hor gaizki egindakoak garesti ordaintzen direlako.

Zailena edo behinik behin beldurgarriena, azken zatia izan zen, iparreko hormaren gainean jarrita, 1500 metroko amildegia duzunean oinen azpian. Orduan, ezinbestez, gogoratu nintzen ondo baino hobeto ezagutzen nuen historiaz, leku horretan lau mendizale amildu eta hil zirelako gailurra eskalatu zen lehenengo aldian. Zazpi lagunetik, lau hil…

Baina gailurrean hori guztia ahaztu zen eta ortziaren mugan egotearen sentsazioa sentitu nuen. Alboetan, haranak eta behiak, oso behean, oso urruti. Eta gu, zeruan, gero eta asaldatuago zeuden hodeiekin dantzan.

Jesús, Willy, eta biok Suitzako gailurrean, Italiakora joan aurretik

Gailurrak bi punta ditu eta biak Suitza-Italia mugakoak diren arren, Suitzakoa eta Italiakoa esaten zaie lehena izan zelako Suitzatik igotakoa (Edward Whymper eta bere taldea, 1865-07-14an) eta bigarrena Italiatik saiatutakoa, hiru egun beranduago, (Jean-Antoine Carrel, 1865-07-17an).

Mendiaren gailur bien arteko zeharkaldia, postal zahar batean

Urtetan egondako lehia, hiru eguneko epean amaitu zen eta Alpeetako tragediarik handienetakoarekin. Lehenbizi igotzeko Carrelekin izandako tirabirak epikoak dira eta zinemara ere eraman izan ziren.

Gailurrera lehenbizikoz igo zutenak. Haietatik hau bertan hilko ziren. Erdian, Whymper ingelesa, espedizioaren ideologoa eta sustatzailea

Bi gailurren arteko bidea zorrotza da eta oso aereoa. Hona bidearen bideo bat gaur egungo buru kameraz grabatua.

Historiara itzulita, Cervino –Matterhorn, alemanez– zen Alpeetan igotzeko geratzen zen azken tontor garai, esanguratsua. Horregatik, hura konkistatzea —duela 153 urte lortu— alpinismoaren urrezko epearen amaieratzat hartzen da. Lehenengo igoeran amilduta hil ziren Charles Hudson, Lord Francis Douglas, Douglas Hadow eta Michel Croz eskalatzaileez gain, ia beste 600 mendizalek utzi dute bertan bere azken arnasa.

Cervinoko tragedia, Charles Hudson, Lord Francis Douglas, Douglas Hadow eta Michel Croz hil zirenean. Garaiko grabatua Whymperren liburuan.

Horregatik jaitsiera inportantea zen, istripu gehienak beherantzago bidean jazoten direlako. Eta, egia esateko, ez genuen ondoegi pasatu bat-batean elurra ere hasi zitzaigulako eta, lurra zuri, gehiago kostatzen zitzaigun bidea asmatzea. Abuztua izan arren, han geunden bakardadean, estualdian, handitasun hartan kikilduta.

Eta hori gutxi balitz, pioleta erori zitzaidan ekialdeko hormarantz eta… hain berri, metalezko eta polita zenez, soka askatu eta bere bila ibili behar izan nuen luze, nahiko destrepatzen, harriak etengabeki erortzen ziren hegi arriskutsutik. Baina asumitutako arrisku hari esker, etxean dut ikusgarri…

Sei ordu behar izan genituen gailurretik beheko aterpera heltzeko, igoeran baino ordubete gutxiago. Bidearen erdian, goizean gurekin abiatutako ezagun batzuk topatu genituen, harriduraz, bidean galdu zirenez, gaua bertan pasatzeko asmoa zutelako, hurrengo egunean berriz saiatzeko. Horrelakoa da Matterhorn…

Zermatt herrian, garagardo batzuk hartu genituen pozak emandako mozkorraldia areagotzeko. Terrazetan, gure erraldoiari begira, begiak beste alde batera alboratu ezinean. Une ahaztezinak…

Gu modernitatearen hasierakoak izan ginen, baina oraindik guztiz modernoak izan gabe. Gu ginen Alpeetara hurbiltzeko Gaston Rébuffat-en Hielo, nieve y roca liburu klasikoarekin irakurtzen zuen azken belaunaldia.

Hielo, nieve y roca, Rebuffat mendizale handiarena. Garai batean, mendizaleentzako biblia modukoa

Orain suposatzen dut dena izango dela ezberdina, helgarriagoa, jendetsuagoa, gailurra kontsumitzeko errazagoa… Baina oraingo mendizaleek ez dute nik Cervino mendia amestu nuen bezala amestuko. Umeetatik ez dutelako logelan poster bat izango hari begira gauero begiak ixteko. Horretan berriz maisu Gaston Rébuffat mendizale handia: “mendizalea da bere begiek egun batean amestu zuten tokiraino gorputza eramaten duena”. Horixe bera da nire kasua. Gaur, duela 30 urte 8 zenbakiz betetako data ahaztezin batean: 88-8-8.

Jesus “Willy” lagunari, une konprometituetan beti sokako lehena izateagatik
Txelisi, agur esan barik, Chimborazotik zerura joan izanagatik

 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *