ERRALDOI hitzaren jatorri ederra

Hainbat modu genuen euskaldunok adierazteko gauza bat ohikoa baino askoz tamaina handiagokoa zela: oso, biziki, txit, arras, zeharo… handia.

Baina gure historiaren une batean, noizbait, ez ginen horrekin ase. Eta zerbait apartagoa adierazteko premia linguistikoa hasi ginen pairatzen, nahi eta ezinean genbiltzalako herraturik, mihiak ez zuelako burutzen bihotzak eskatzen ziona.

Orduantxe, ikusita ez genuela hitz egokirik, mitoetara jo genuen berba berri bat sortzeko. Hor asmatu zen, azkenik, aspalditik irrikatzen genuen handikeria: ERRALDOI hitza.

Donostiako erraldoi eta buruhandiak, José Luis García de Madinabeitiaren argazki ederrean

Gaur egun, pentsaezina litzateke hitz hori erabili barik euskaraz egitea. Zer nolako ipuinak kontatuko genizkieke umeei? Nola adierazi jaialdi bat aparta izango dela?

Gezurra dirudi… gezurra, bai, XIX. erdialdera arte ez ginelako hitz hori erabiltzen hasi. Atzo goizean, beraz. Eta Gipuzkoa eta Bizkaiko autore batzuen eskutik abiatu zen, gaurko egunera arte, Euskal Herri osora hedatu dela.

Kirikiño, Azkue eta abarrek, erraldoe erabiltzen zuten, bere jatorritik hurbilago dagoena. Izatez, herri-metatesi [hitz bereko bokalen arteko trukaketa, leku aldaketa] baten ondorioa delako erraldoi < erraldon < erroldan. Eta zer da hori? Erroldan, pertsonaia baten izena.

Errolan, Roland, Orlando, Roldan, Rotllá… izen ezberdinekin ezagutzen da pertsonaia historiko-legendario bat, ustez Carlomagnoren iloba zena, hau da, Gisela bere arrebaren semea. Errolan  da, hain zuzen ere, Orreagako Gatazkaren kondairan (edo historian), adar-deiadar etsiak egin bitartean, euskaldunok garaitu eta hil genuen arerioa eta Chanson de Roland (1100. urtearen inguruan idatzia) obra epikoan betikotu zena.

Erroland, bere olifantea (adarra) jotzen Orreagako guduan hil aurretik. Eskuineko eskuan, Durandarte ezpata miresgarria

Pertsonaiaren eta Durandarte izeneko bere ezpata miresgarriaren inguruan, hainbat mito sortu zen: han-hemen ditugu hari egozten zaizkion harri handien jaurtiketak, edo mendien urraketak edo bestelako neurriz kanpoko indarren ondorioa. Hain zuzen ere, gure hizkuntzak behar zuena…

Orreagako guduaren irudi erromantizista bat, Errolanen heriotzarekin, 778. urtean

Bestalde, eta kondairatik atera gabe, esan ohi da bere izenaren jatorrian rodant dagoela, jaiotzean biraka erori zelako zorutik. Eta… oraindik ere biraka dabil bere izena gure kulturan, hitz potolo eta handinahikorik asmatu badugu inoiz, hori, erraldoi delako. Beste barik, zoriontsu izan.

Brecha de Roland. Espainia eta Frantzia arteko igarogune ezaguna. Kondairaren arabera, Orreagatik iheska zihoan Errolan, bere Durandarte ezpataren kolpe batez ireki zuen, beste aldera pasatu ahal izateko

 

Errolan Harria, Aralargo bazter batean. Antza, harri astun hori mendi batetik bestera botatzean, bere hatzen markak utzi zituen betikotuak

 

Errolan Harria, Urrotz herriko plazan. Seguru asko, bere jatorri misteriotsuagatik, ttatu berezia izan du bete: bere gainean adosten ziren plazako salerosketen tratuak. Historiaurrean jatorria duen megalito bat omen da, zutarria hain zuzen ere

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *