Sobera ezaguna da antzinako hainbat errito pagano burutzen dugula egunotan, eguzki andrearen egun ahaltsuena ospatzeko. Landareak, ura, sua… dena bihurtzen da magiko bere egunean. Eta hain da handia bere poza ezen dantzan ere azaltzen baita zerumugatik San Joan egunaren egunsentian.
Baina, zergatik hautatu zuen Elizak done Joanes, San Joan, ohitura pagano horiek ordezteko? Sarri egin didaten galdera eta erantzun eskasa duena, lilura gutxikoa. Hala ere, ezagutu beharrekoa.
Erantzuna Biblian dago eta horretatik tiraka, hitzez hitzeko irakurketa bat eginez, erabaki zuten behinolako teologoek San Joan besterik ezin zitekeela izan egun horretako protagonista.
Erlijio aditu haiek lehendik zuten erabakia Jesus izango zela, bai ala bai, kosta neguko solstizioaren ordezkari eztabaidaezina. Bera zelako «argia mundura ekarriko zuena» eta, gainera, dibinitatea zegoen tartean: bere sorreran Jaungoiko nagusiaren beraren parte-hartzea izan zelako, Maria bere amak mundura ekarri zuelako gizonik gabe, sexu harremanik gabe. Hortaz «amabirjina» izena, beste garai batzuetan «neskuts» (neska + huts) izenez ere ezagutu zena.
Baina ez zen Maria izan gizonik ukitu gabeko lehenbiziko ama. Eta hor dago koska. Lehendik —horrela diote testu sakratuek— tratu bera jaso zuen Isabel (Elisabet) izeneko emakume antzu batek. Antzua bera edo Zakarias bere senarra, biak adinduak: nolanahi izanda, kontua da ezin zutela seme-alabarik sortu.
Orduan, oso fededunak zirela ikustean, Jaungoiko nagusiak esku hartu zuen eta, Gabriel goiaingeruaren abisua tartean, haurdun geratu zen Isabel, Zakariasen parte-hartzerik gabe. Mirari hartatik, Joan izeneko mutiko bat jaio zen, gure pertsonaia, gerora Jesusen gidaria izango zen.
Ikusita konponbide hura oso praktiko eta egokia zela, Mariaren aurrean agertu zen Gabriel goiaingerua hari esateko Jaungoikoaren bitartez haurdun utziko zutela, Jesus munduratzeko. Maria, espero bezala, harritu egin zen proposamenarekin eta, esandakoa kolokan jarri barik, bere zalantza edo sinesteko zailtasuna adierazi zizkion. Orduan, goiaingeruak erantzun zion sinesteko eta baita horretarako arrazoia eman ere. Hori dena Lukasi esker dakigu, Bibliako bere ebanjelioan horrela idatzi zuelako. Hau da pasartea:
«Mariak esan zion aingeruari:
Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?
Aingeruak erantzun zion:
Espiritu Santua etorriko da zuregana, Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta SEI HILABETEKO DAGO HAURDUN antzua omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik»
Sei hilabeteren aipua… ez zuten hoberik behar izan Erdi Aroko teologoek: Jesusen jaiotza ospatzen den egunetik, urte erdi atzera, San Joanen jaiotzarena. Neurrian eginda ere ez zen hain doitua geratuko. Nor eta Joan gainera, Jesusekin batera pertsonaia esanguratsuenetakoa kristau doktrinan. Herri paganoetan dogma txertatzeko eta gizarteratzeko artilleria astuna.
Geroztik, Jesusen bataiatzailearen izenaren pean ospatu ohi dugu neguko solstizioa eta Joanenean udakoa. On dagizuela.