Basabisita, historiaren danbor hotsa

Kasua aurkeztu ziotenean, harri eta zur, zur eta lur, geratu ei zen Arartekoa, aldez aurretik bazekielako ez zuela konpontzeko modurik aurkituko. LIMITADUAren auzia historikoaz ari gara, Otxandio eta Aramaio arteko lur eremu eztabaidatuaz. Eta egun ere, akordio batera iritsi ezinean, halaxe egiten da instituzio guztien adostasunarekin: Bizkaiak bere lur eremuen barruan sartzen du eta berdin Arabak. Bestela esanda, lurralde bien mapak bata bestearen gainean jarriko bagenitu ez lirateke ondo ahokatuko, ez lirateke bat etorriko.

BASABISITA.Joan den igandean, hilak 15, eta iraileko hirugarren igande guztietan egin bezala, Basabisita egin zuten otxandiarrek. Mendi ibilaldi bat da, ohitura zaharrekoa —jatorria 1754. urteko epai batean du—, eta herritar askok egiten du, agintariak buru, Limitadu eztabaidatu horren mugak egiaztatzeko eta ontzat emateko. Han ginen gu, familia arrotz bat, txikiak, isilak, herri zoragarri horen sentsazio historikoekin blaitzeko irrikaz.

Goizeko zazpietan danbor hotsaz bete ziren uriko kale guztiak, gazte batek hartua zuelako eguerdira arte iraungo zuen eguneko ardura neketsu hori. Kalez kale, bai, herritar guztiak iratzarri asmoz, hastear zegoen jaira jaitsi zitezen.

Zortziak baino lehentsuago jende andana azaldu zen herriko plazan, bide luzeari hasiera emateko eta, euren presentziaz eta ahaleginaz, zilegi bihurtzeko Basabisita ekitaldi esanguratsua. Zortziak zirenean, puntu-puntuan, abiatu egin ginen.

A las 8:00 de la mañana arranca la comitiva de la Basabisita desde el Ayuntamiento. La encabezan el alcalde portando su vara de mando y un tamborilero que tañerá su instrumente durante todo el acto.

DANBORRA ETA UDALBATZA. Danborra aurrean, bidean hasi ginen, segizio moduko batean ibilki, basoan barrena sartzeko. Aldapak, lokatza, ostoak eta ekaitza euritsu bera zain genituen. Danbolindariaren ondoan, udalburua zihoan uneoro, bere aginte-makila ederra eskuan zeramala. Eta, euren parean, basozaina, udal zaharren osaketan “montanero” izenarekin dokumentazioan agertzen zaiguna.

Alkatea eta bere aginte-makila

Muga-zuhaitzetara iritzita, basozainak zeraman aizkora berezi batez azal zati bat kentzen zien arbolei eta, jarraian, bere indar guztiekin, kolpe sendo bat eman aizkoraren atzeko aldearekin, burdinazko “OTX” [Otxandio] letrak marka zitezen zuhaitzean. Ilusioa galduta zebiltzan batzuk zenbait kolperen emaitza ikustean, lehenagoko aizkorak, “OCH” letrak zituena, hobeto markatzen zuelako.
Bide batez… ba al da herri egokiagorik burdinazko lanez hitz egiteko, Otxandio baino?
Horrela gindoazen, mugako pagoak eta haritzak banan-banan markatzen, inoiz ikusitako baso ederrenetatik aurrera eta beti danborraren soinu obsesiboa lagun.

Momento del marcado a golpe de hacha de uno de los árboles fronterizos. Lo ejecuta un guarda forestal (sustituto de los antiguos cargos de «montaneros») bajo las atentas miradas del alcalde, tamborilero y otros participantes varios.

Han nengoela ulertu nuen zer zen agiri historikoetan sarri agertzen diren herriko agintarien segizioak “danbolin” baten presentziarekin, zela jai batera hurbiltzeko, zela zeregin instituzional batera hurreratzeko. Iragana interpretatzeko arkaismo fosilizatu paregabea nuen begien aurrean.

La nueva marca con las letras OTX se añade a las de años anteriores que aún se aprecian perfectamente

BAKAILAO ETA ARDOA. Bidearen nekeak arintzeko, hiru leku zehatzetan kopau bat oparitzen die udalak bertaratutakoei: bakailao ogitarteko joriak eta nahi beste ardao. Antza, beti eskaini izan dira jaki eta edari preziatu horiek. Baina aldaketa txiki batekin. Behinola, dirudienez, bakailaoa gazitua zen, lehorra, garraiatzeko eta kontserbatzeko erabiltzen ziren haietakoak. Eta zegoen moduan jaten zen, eskuaz edo aiztoaz zati txikietan ebagita. Baina hark, gosea ase orduko, egarria ere bizitu egiten zuen. Horregatik ardo asko edan behar zen, gustura gainera, gabezien garaietan bakailaoa eta ardaoa luxkuzko produktuak zirelako, ez nolanahikoak. Eta, kontatu zidatenagatik, otamena garraiatzeko erabiltzen zen idi-gurdiak behin baino gehiagotan itzuli zituen herrira ibiltzeko gauza ez ziren gizon mozkortuekin.

Ez dakit nondik etorriko zen bakailao jatearen ohitura hori baina litekeena da zerikusi izatea Otxandiotik bertatik pasatzen zen ardoa eta arrainak garraiatzeko (Errioxa-Bermeo batik bat) bidearekin, gaur egun ibiltarientzako GR-38 bihurtuta.

En tres puntos del recorrido el consistorio regala a los participantes unos generosos bocadillos de lomo y vino. Quizá la presencia de estos dos elementos tenga que ver con el paso de la ruta del Pescado y Vino (hoy GR-38 para caminantes) por la villa de Otxandio

AURTOLA ONDOKO AKTA.Aurtola, burdinola esanguratsu bat izan zuen Aramaioko auzo bat da. Eta hor, inon baino biziago zeuden muga-eztabaidak, baso-ikatza zelako lantegi haiek probetxuzkoak izateko behar duten “urrezko erregai beltza”. Auzo horretan, baina Limitaduaren mugan, haritz sendo batek gerizatuta, udal idazkaria agertu zitzaigun bere akta liburuan jasotzeko eguneko bisitaldia eta haren ondoreak. Udalburuak lehenik eta zinegotziek ostean, sinatu egin zuten bisita-agiria. Eta jarraian, bertaratutako guztiok aukera izan genuen geure izenpeez, egunean bizi izandakoaren fede emateko. Atseden luzeena egin zen hor, eta autoz ere hurbildu zitzaizkigun adinagatik edo muga fisikoengatik basotik ibiltzeko moduan ez zegoen jendea.

El secretario municipal redacta el acta de la Basabisita bajo un corpulento roble y las gotas de la perezosa lluvia

Hortik, basoan zehar denbora guztian, laster aurkitu genuen Otxandiotik Durangora doan bidea eta amaiera hurbila antzematen zen. Apurka-apurka eta etenik gabe, bere ondotik herrigune historikora heldu ginen.

El Alcalde es quien primero certifica el acta. Luego lo harán los concejales para finalizar con todo aquel que desee dar fe con su firma.

Herriko jendeak miresmenaz begiratzen zion danborraren hotsak atzetik zekarren jende errenkadari, pozarren beste urte batez jende ugari zegoelako Basabisitan. Gazteak tabernetatik, txakolin bat eskuan eta, nagusiak, leiho eta balkoietatik harroturik agurtzen.

Gu, arrotz ginenok, isilka eta ahopeka genbiltzan, hor ez genuelako, besteek bezala, egindako bidearen euforia helarazteko inor. Baina, halere, pozez beteak geunden, jakinik Euskal Herri osoan ez dagoela iragan historikoarekin topo egiteko antzeko ekitaldirik. Eta, hor bai, seguru kanpokook liluratuago geratu ginela bertakoak baino. Ordurako, gainera, goizeko hodei eta euri-jasak eguneko anekdota besterik ez ziren eta eguzkiak dena zuen alaiturik. Baita kanpotarron gure bizipenak ere.

Basabisitako aizkora berezia, atzean letrak dituela

Basabisita
Salida desde Aurtola, Aramaio, en cuyas proximidades se ha firmado el acta. En Aurtola existía una ferrería, fuente de los conflictos por el Limitado, por la necesidad insaciable de carbón.
La Basabisita transcurre en ocasiones por entornos que dificultan el avance
Otxandio, Basabisita, Limitadoa, Limitaue, Limitado, Ochandiano, Oleta, Olaeta, Aramaio, Aramayona
Eskerrik asko, Otxandio

LIMITADUAren historia ulertzeko hainbat historia-ohar (Otxandioko udalaren webetik hartua)

Otxandiarrek XV. mendeaz geroztik beren auzokideak diren Aramaioarrekin duten muga-gatazka historikoa gaurdaino iritsi da. Oso zaila da ziurtatzea nongoa zen, jatorriz, Otxandio eta Oleta (Araba) artean kokaturik dagoen 500 hektareako lurralde hau.
Limitaduaren gatazka ulertzeko, sortu zeneko garaia aipatu behar dugu. Garai hartan, Otxandiok oso hazkunde nabarmena izan zuen komertzioari esker. Hori zela eta, bere lurraldea handitzeko beharra izan zuen.

Bestalde, egurraren eskaria ere gero eta handiagoa zen; egurra ezinbestekoa zen eraikuntzan nahiz burdinoletan, eta abereentzako zein etxeetan erabiltzeko ere egurra behar zen. Hala ere, Otxandioko lurren hedadura txikia zenez, ez zuen apenas basorik ezta egurrik eskura. Aramaioko lurraldea askoz zabalagoa zen.

Zenbait historiagileren arabera, Kondekua (Limitadua izenez ezagutzen dena) Erdi Aroan Aramaioko kondeak Otxandiori kendutako lurrak dira.

Udal biek aldarrikatzen zuten lurralde haren jabetza. 1457ko ekainaren 2an, Elvira de Leiva andereak (Juan Alfonso de Múgica Aramaioko jaunaren amak) eta Otxandioko Udalak, adostasunez, eskritura bat egin zuten ordura artekoak bezalako eztabaidak eta auziak saihesteko. Eskritura hartan, Otxandioko Udalari lurraldearen erabilera eta ustiapena onartu zitzaion, inongo kanon, zentsu edo pentsiorik eman beharrik gabe Aramaioko jaunari.

Aramaiok ez zuen parte hartu elkarganatze eskrituran, eta eskritura hura Konde jaunak eta Otxandioko Udalak sinatu zuten.

Garai hartatik gaur egunera arte gatazkan jarraitu dute bi herriek.

Konponbideak bilatzeko hainbat saiakera egin dira; XVI. eta XVII. mendeetan zehar, esaterako, Valladolideko kantzelariak eta Bizkaiko epaile nagusiak esku hartu behar izan zuten bi herrien arteko liskarrak baretzeko.

XVIII. mendetik aurrera (1754an) Otxandion gaurdaino ailegatu den ohitura ezarri zen, “Basabisitta” egitea, alegia, muga-puntuen bisita. Otxandiarrek, berena defendatu nahian, urtero-urtero egiten dute bisita hau (irailean), jai giroan.

XIX. mendean, gatazka honen konponketaren zailtasunak ikusita, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek, Udalekin batera, arbitraje bilera batera joatea erabaki zuten, Gipuzkoako Foru Aldundia bitartekari gisa jarrita.

XX. mendearen hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Berariazko Batzordea ezarri zuen, gatazka historiko hau konpontzeko. Batzorde honek eskumena Aramaio herriari ematea erabaki zuen. Baina, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zuen onartu Batzorde honek hartutako erabakia, eta argudiatu zuen Batzordeak ez zuela hitzartutako prozedura jarraitu.

XX. mende bukaeran, jurisdikziorik ezagatik, gatazka larritu egin zen, eta arazo berriak sortu ziren ondasun higiezinen gaineko zerga-bilketan, hirigintza-eskumenean, eremu honetan ezartzen ziren etxeen jabego-erregistroan…

Hori dela eta, Arartekoaren bitartekaritzaz adostasunerako proposamen bat luzatu zen; bertan Limitadua bi zati berdinetan zatitzen zen, erdia Aramaiorentzat eta beste erdia Otxandiorentzat.

Baina arazoak berdin jarraitzen du behin behineko soluzio barik, Araba eta Bizkaiko muga denez, egungo legediaz, estatuaren esku dago soilik auzia konpontzeko ahalmena.

Gainera, gaur egun udal zerbitzu eta kirol instalazio gehienak Limitaduan daude, Otxandioko hirigunean guztiz integratuta.