«EUSKALDUN BERRI» IZATEAREN ZAMA

Horra nire euskararekiko bizipen eta pertzepzio batzuk, oraingian ere, bideo formatuan (sakatu beheko estekaren gainean).

EUSKALDUN BERRI IZATEAREN ZAMA

EUSKALDUN BERRIA da euskara nagusitan ikasi duena. Bitxia da baina, gainerako hizkuntzetan ez bezala, euskaran, berebiziko garrantzia aitortzen zitzaion garai batez «euskaldun berri» / «euskaldun zahar» bereizketa horri. Neurri handi batean eta egungo perspektibarekin, klasista samarra zela uste dut, euskaldun ortodoxiaren idealizaziotik, guk euskaldun berriok ez genuelako inoiz ere lortuko «hitz-jario zerutiar» hura. Eta hala jakinarazi zigun behin irakasle batek euskal filologia ikasketetako eskola batean, gure biziarteko zigorraz ohartarazteko.

Baina, aldi berean, harritu egiten ginen ikustean Euskal Filologiako ikasgai baten batean aukera eskaintzen zitzaiela euskaldun zahar idealizatu haiei azterketak gaztelaniaz erantzuteko, eurekin errukituta, agian ez zirelako behar bezala egiteko gauza izango.

Orduantxe deskubritu nuen erabiltzea zela euskarak merezi zuen borroka bakarra eta ez bestelakorik.

Atzean geratu dira idealizazio haiek eta orain ontzi berean goaz hain heterogeneoa den euskal hiztunon komunitate modernoko kide guztiok. Eta inork gutxik erabiliko du zaharkiturik geratu zaigun «euskaldun berri» esapide hura. Baina gauza batean ez dugu aldatu: erabiltzea eta ez galoietan erakustea dela euskarak eskatzen digun adiskidetasun mota bakarra.