Hainbat modu genuen euskaldunok adierazteko gauza bat ohikoa baino askoz tamaina handiagokoa zela: oso, biziki, txit, arras, zeharo… handia.
Baina gure historiaren une batean, noizbait, ez ginen horrekin ase. Eta zerbait apartagoa adierazteko premia linguistikoa hasi ginen pairatzen, nahi eta ezinean genbiltzalako herraturik, mihiak ez zuelako burutzen bihotzak eskatzen ziona.
Orduantxe, ikusita ez genuela hitz egokirik, mitoetara jo genuen berba berri bat sortzeko. Hor asmatu zen, azkenik, aspalditik irrikatzen genuen handikeria: ERRALDOI hitza.
Gaur egun, pentsaezina litzateke hitz hori erabili barik euskaraz egitea. Zer nolako ipuinak kontatuko genizkieke umeei? Nola adierazi jaialdi bat aparta izango dela?
Gezurra dirudi… gezurra, bai, XIX. erdialdera arte ez ginelako hitz hori erabiltzen hasi. Atzo goizean, beraz. Eta Gipuzkoa eta Bizkaiko autore batzuen eskutik abiatu zen, gaurko egunera arte, Euskal Herri osora hedatu dela.
Kirikiño, Azkue eta abarrek, erraldoe erabiltzen zuten, bere jatorritik hurbilago dagoena. Izatez, herri-metatesi [hitz bereko bokalen arteko trukaketa, leku aldaketa] baten ondorioa delako erraldoi < erraldon < erroldan. Eta zer da hori? Erroldan, pertsonaia baten izena.
Errolan, Roland, Orlando, Roldan, Rotllá… izen ezberdinekin ezagutzen da pertsonaia historiko-legendario bat, ustez Carlomagnoren iloba zena, hau da, Gisela bere arrebaren semea. Errolan da, hain zuzen ere, Orreagako Gatazkaren kondairan (edo historian), adar-deiadar etsiak egin bitartean, euskaldunok garaitu eta hil genuen arerioa eta Chanson de Roland (1100. urtearen inguruan idatzia) obra epikoan betikotu zena.
Pertsonaiaren eta Durandarte izeneko bere ezpata miresgarriaren inguruan, hainbat mito sortu zen: han-hemen ditugu hari egozten zaizkion harri handien jaurtiketak, edo mendien urraketak edo bestelako neurriz kanpoko indarren ondorioa. Hain zuzen ere, gure hizkuntzak behar zuena…
Bestalde, eta kondairatik atera gabe, esan ohi da bere izenaren jatorrian rodant dagoela, jaiotzean biraka erori zelako zorutik. Eta… oraindik ere biraka dabil bere izena gure kulturan, hitz potolo eta handinahikorik asmatu badugu inoiz, hori, erraldoi delako. Beste barik, zoriontsu izan.