Zizak eta sorginkeriak

Ez dakit gaur gauean sorgin-akelarreren bat egon ote den gure etxe ondoko lorategian. Edo, egunari erreparatuta –Domu Saindu eguna–, arima herratu eta sumindu batzuen batzarra. Baina zerbait berezi jazo da: ziza batzuk ageri dira bat-batean eta ustekabean, biribil moduko batean jarriak.

Etxe ondoko lorategian agertu zaigun zizez osaturiko sorgin-biribila

 

Gure antzinako sinesmenen arabera –baita ni jaio nintzen Laudio herrian ere–, horrelakoetan uste izaten zen sorginen bileraren bat egona zela aurreko gauean. Edo arimena… Zizek eta onddoek beti izan dutelako misterio kutsua gure tradizioan. Zergatik? Basoa hiltzearekin batera –udagoienean– ugaltzen direlako, basoko hilotzetan dutelako bizi-substratua, gizakiak hiltzeko ahalmena dutelako, berezko haluzinogenoen bitartez beste mundua bisitatu zitekeelako edo, beste barik eta nire gaurko kasuan bezala, erein gabe eta bat-batean agertzen direlako. Gauetik egunera… Magia hutsa, lilura… sorginkeria.

ZIZAK ETA HERIOTZA
Zizek zituzten heriotzaren zantzu horiek berehala bihurtu zituen naturaz gaindiko izaki, era guztietako ahalmen bereziekin apaindua.
Horregatik egiptiar kultura zaharrean, jaungoikoentzako janaritzat hartzen zen. Edo Grezia eta Erroma klasikoan, soldaduei ematen zitzaizkien borroketan hil ez zitezen, arestian aipatu bezala, hilezkortasuna zelako zizen ezaugarria, beraiek zirelako herioa eta biziaren arteko zubia. Arrazoi hagatik, hutsik gabeko afrodisiakotzat jo zuten, betiko gaztetasunaren eramaileak zirelako.

Phallus impudicus izeneko ziza. Grezia eta Erroma klasikoan afrodiziakotzat zituzten zizak

 

ZIZAK ETA DEABRUKERIAK
Aurrekari horiekin, Kristautasunak ez zituen zizak begirunez ikusten. Eta berehala egotzi zien deabrukeriekiko harremana. Horrela, Erdi Aro osoan, ziza eta onddoei buruzko era guztietako azalpen bitxi eta harrigarri zabaldu ziren. Ez da arraroa, bada, gure ume garaiko ipuinetan naturaz gaindiko izakiak –sorginak, ipotxak…– zizez beteriko ingurunetan bizitzea: Erdi aroko uste haietatik datorkigun ondorea da.

Etxe ondoko biribileko zizak

 

Nolanahiko azalpenak zeuden, zein baino zein harrigarriagoa. Batzuek zioten Deabruak sortutako izakiak zirela. Eta bere existentzia maltzur herratuan, atsedena hartzeko esertzen zen tokietan hazten zirela zizak. Baina Txerren ikusezina zenez, gizakion artean inork ez zuen ikusten. Hala ere, zenbaitetan apo itxura hartzen zuen eta jauzi-jauzika zebilen basoan barrena. Eta lurra ukitu bakoitzean, bere igarotzearen lekuko, hazten zen ziza bat. Bestalde, jainko haserretuek lurrera botatako oinaztarriek eragiten zituztela uste izaten zen: tximistak jotzen zuen lekuan bertantxe azaltzen ziren.

Erlijio gehiegikeria haietan girotua, garaiko teologo batek (san Alberto Magno, XIII. mendean) argudiatu zuen zizak eta onddoak Lurraren arnasketa zirela, beherago zegoen infernuaren hatsa hain zuzen ere.

ZIZAK EUSKAL KULTURAN
Aurretik aipatutako sinesmen orokor horiek alde batera utzita, badira bestelakoak, han-hemenka egindako ikerketa etnografikoetan azaldu direnak eta, guretzat bitxiak direnak Euskal Herrikoak direlako.

Haietako batek esaten digu nola, eskuarki, zizak eta onddoak biltzea gizonon ardura izan den… Nafarroa Behereko hainbat herritan izan ezik. Han emakumeek eta umeek batzen zituzten eta gizonek eginez gero, igande arratsaldean izan behar zen, behin meza entzunda. Seguruenik, zizak izaki madarikatutzat hartzen zirelako.

Gaur goizeko etxe ondoko ziza-borobila. Gaztelaniaz ere corro de brujas edo corro de hadas esaten zaie

 

Luzaide (Nafarroa) aldean, halaber, oso sinesmen polita dago: “beste aldeko landareak” zirenez, behin gizaki batek ikusita, lilura galtzen zuten eta harrituta moduan geratzen ziren. Horregatik hobe zen lehenbailehen jasotzea, ikusiak izan eta gero, ez zirelako gehiago hazten.

Bestalde, Facebook-eko lagun batek kontatu zigun lehengo egunean bere aititari (Ibarra, Gipuzkoa) entzuna ziola basoan ez zirela ziza guztiak jaso behar, bestela bertako zuhaitzak gaixotu egiten zirelako ezinbestean. Galeraren bihozminak jota seguru…

Zira-biribilak eta sorginkeriak. Irudiak: otrodiaperfecto.com webgunea

 

Eta oso gustatu zitzaidan ohitura hau, beste behin gogora dakarkigulako basoekiko eta, oro har, naturarekiko euskaldunok izan dugun maitasunezko eta hartu-emanezko tratua. Noiz eta nork madarikatu gintuen hain aberasgarri eta atsegingarriak ziren gure existentziaren kontzepzio eta balore haiek galtzen uzteko…

Ez nau harritzen sorginak edo, batek daki, arima herratuak ere haserre agertzea gure etxe ondoko lorategiko ziza-biribilean…