Morroiak eta Oñatiko ikastola

Hona hemen beste hizkuntza-bitxikeria bat, gozagarri.

Ezaguna denez, Kilometroak izena du 1977. urteaz geroztik Gipuzkoako ikastolen alde antolatzen den jaiak. Aurten Oñatin izango da, irailaren 24an.

Urte bakoitzean lelo bat baliatzen dute aurrekoetatik bereizteko eta nortasun propioa hartzeko. Aurtengoan LEKAIXOKA hautatu dute, eskualde horretako euskaraz ‘oihuka’, ‘zantzoka’, ‘irrintzika’… esanahia duena. Eta horra hor gure bitxikeria.

LEKAIXOKA izatez lekaioka da baina ahoskatu bezala transkribatuta, ogixa, iturrixa… idatziko bagenu bezala. Aurreratu behar dut niri ez zaidala horrela idaztea gustatzen, are gutxiago ikastola batek sustatzea, bere zereginarekin kontraesanean dagoelako. Andaluziako eskolek “fiehta de fin de curzo” sekula idatziko ez luketen bezala. Baina hori beste kontu bat da eta iritziak, seguru, alde guztietakoak.Aurtengo lemaren atzean dagoen lekaioka hori, ‘ozenki deika’, “lekaio” hitzetik dator, gaztelaniaz, “lacayo”. Hau da: gure aurtengo leloaren esanahia da ‘morroiei oihuka agintzea’ dela. Hortaz, lekaio hitzaren bigarren adiera: ‘oihua’.

Lekaioak jauntxoarekin batera zihoazen sehiak ziren, morroiak, bera zaldi gainean eta lekaioak albo bietan, oinez. Garaien arabera, armaturik zihoazen, balezta banarekin. Izatez, lekaio hitzaren beste esanahi zaharra da gerlari zaldunekin batera zihoazen oinezko gudariak. Baliteke ere ‘zantzoka’ esanahiak honekin ere zerikusia izatea.


Jaun zaldunaren handitasuna nabarmentzeko, jantzi onekin zihoazen lekaioak. Librea izena zuten euren uniforme haiek. Eta izen horrek gure aske hitzarekin zerikusia du, frantsesezko “livrée” ‘askatua, liberatua’ terminoan duelako oinarria.

Izatez, jauntxoen jantziak ziren baina, zaharkitu eta gero, morroi horiei ematen zitzaien, bideetatik zihoan convoy hura handikeriaz janzteko. Handinahikoen arrandia, itxurakeria… Horretan gutxi aldatu gara.

Nahiz eta janzkeragatik gizajoa haiek noble itxura hartu, oso tratatu txarra jasaten zuten, mingarria, jabeak errietaka zebilkielako beti, oihuka. Horregatik pertsona doilortzat hartzen ziren lekaioak. Gutxiesgarriak ziren ahaltsuen artean, txarto tratatuak… Izatearen itxurak baina izan gabe: ba al dago ezer etsigarriagorik?

Baina gure kasua, beste muturrean dago, zorionez  gure herriak hobera egin duelako zenbait esparrutan. Hortaz, Oñatiko jaian, oihuak bai, baina euskarazkoa eta ikastolen aldekoak. Tratu txarrik inori ez.