Guztiok mendietan noizbait ikusi ditugun azafrai itxurako lore ezagun batzuez zeuden beterik bide ondoko bazterrak. Larunbatean izan zen, Gorobel mendilerroko saroi handienean ospatzen zelako abeltzainen jai nagusia, Kobata izeneko tokian eta San Vitores egunaren aitzakiarekin. Hara gindoazen, pozarren, larre eta pagadi artean, Angulo mendatetik abiatuta.
Pagaditik larretera irtenda, deigarri suertatu zitzaidan lore ugaritasuna, inoiz baino gehiago zeudelako, batez ere Euskadi eta Gaztela-Leon lurralde eztabaidatuko eremuan, ezaguna ez bada ere, Aiarako biztanleek ez dituztelako muga ofizialak onartzen, trikimailu administratibo batez, mendiko hainbat hektarea galdu omen zelako.
Nolanahi ere, leku aproposena zen denboraldiko lore horietaz hausnartzeko, hor hizkuntza eta kultura biren arteko ukipen gunean geundelako. Hortaz, La Solanako aldapa neketsutik gora gindoazela lore horien ikuspegi kultural bikoitzaz –gaztelaniaren eta euskararen kulturakoak– zenbait ohar solte idaztea otu zitzaidan. Eta hemen nago irudikatutakoa gauzatzen.
Merendera montana da bere izen zientifikoa. Bigarren atalak argi erakusten digu bere agerpena mendiari lotua dagoela eta, aurrena, «así llamado seguramente porque esta planta aparece en otoño, cuando el campesino deja de merendar, por oscurecer más temprano y anticiparse la cena» zioten Corominas eta Pascual hizkuntzalari ezagunek.
Bestalde, gaztelaniaz, merendera izen nagusiarekin batera, alzameriendas, aventapastores, colchico, despedida de verano, despidegañanes, echapastores, espachapastores, espantapastor eta antzeko goitizenak baliatzen dira identifikatzeko orduan. Beti ikuspegi ezkorraz, azken finean, udaren amaieraren adierazlea zelako eta, hain lur garaietan hazten denez, bazekiten abeltzainek hura ikusiz gero mendiko txabolan bizi izateko garaia amaitzen zela eta berehala helduko zirela hotzak eta estualdiak, hots, haranera jaisteko premia eta beharra.
Behinola, gota eta erreumaren kontrako sendagai gisa erabili izan da lorea bera edo, batik bat, lur-azpian duen tipula itxurako bulboa. Kopurua handitan hartuta, heriotza eragin zezakeen pozoia –colchicina– zen. Berezia da landare hori beraz.
Euskaldunon kulturan, bestalde, bestelako funtziorako erabili izan da herri-medikuntzan: azkura gutxitzekoa. Horregatik azpelar esaten zaio, hau da, (h)atz + belar. Baina familia bereko colquicum landareekin bereizteko, euskara modernoan, askari-belar esaten zaio, gaztelaniazkoaren itzulpen zuzena, nahiz eta herri-erabilera tradizionalik ez duen adiera honek, azpelar delako landare horren aldaki guztiak gure eskualdean izendatzeko modu bakarra.
Zorriek eragindako ziztaden azkura eztitzeko edota zorriak beraiek akabatzeko ere baliatu egiten zen.
Baina gure arbasoen arteko erabilera ezagunena sarnaren kontrakoa izan zen.
Horretarako landarearen lur-azpiko bulbo-erroa hartu, zehatu eta hura txizarekin eta gatzarekin nahastu behar zen ore bat lortu arte. Harekin igurtzi behar zen larru erasana. Ez zegoen hoberik…
Ederra R. M. Azkuek Zeanurin jaso zuen erabilera haren testigantza zaharra:
«Sarnea kentzeko azpedar-sustarra yo yo egin ta gatzetara ta txizatara bota ta aragia ogera orduan igurdi bear da. Egun gitxi barru sarnea badoa»
[‘sarna kentzeko azpelar-sustraia jo eta jo egin eta gatzetara eta txizatara bota eta haragia, ohera joate orduan, igurtzi behar da. Egun gutxi barru, sarna badoa’].
Pozosnuevos izeneko lekura igarota, txaboletaraino doan beheranzko aldapa hasi zen. Eta ez genuen geroztiko ibilian azbelar gehiagorik topatu. Han, Kobatan, oraindik nagusi zirelako jaia, uda eta artzainen algara. Ez zen alde egiteko beharrik sumatzen. Baina berehala helduko zaizkie, bai, artzainak herrira uxatzeko lore eder horiek…