Zein da gaiztoa?

Zer erantzun ez zekitela geratu ziren. Eta berriz itaundu ziotenean ez zuen dudarik egin: «Ea hauetatik zein den animalia gaiztoa?!» erantzun zuen ozenago oraindik.

Nire alabatxoa izan zen, duela aste bi inguru, jaiotzei buruzko erakusketa bat ikusten geundela. Aurrean, Erdi Aroko jaiotza baten erreprodukzio artistiko bat genuen, mandoaren eta idiaren buruak ageri-agerian.

Azalpenak ematen ari zen Xabier Santxotena eta gurekin zeuden gainerako bisitariak, kanpotarrak, harrituta geratu ziren ez zutelako galdera «ezegoki» haren zergatia ulertzen. Eta, lotsagorritu samar, taldean aurreratu nintzen eta, atzamar akusatzailea ateraz irudiko abere baten aurpegia seinalatu nuen: «Hauxe da gaiztoa: mando bihurria…». Ustekabean, saltsa ederrean sarturik nengoen eta ordurako ez zegoen atzera egiterik.

Jarraian eta arineketan –bisitaren erritmoa ez oztopatzeko– azaldu nien guztiei seguruenik bere amamak –nire amak– kontatuko ziola umeari, beti atso-ipuinekin dabilelako, esamesaka: mandoa gaizki portatu zen jaungoikoarekin eta horregatik zigortua bizi da, kumeak eduki ezinean. Nire inguruan, sinesmen eta kondaira horiek ezagun samarrak dira, arruntak, baina ez seguruenik hiritarrentzat. Horregatik kontatuko dizuet, denboraren poderioak ahanztura kolektiboan barreiatu baino lehen.

Dakizuenez, mandoak astarren [asto ar] eta behorren arteko kumeak dira: zaldi eta astemeen artekoak ere badira baina ez ditugu hain arruntak. Eta naturaren kontrako gurutzatzea izateagatik –espezie ezberdin bi– normalean antzuak izaten dira eta ezin dute ondorengorik izan.

Arrazoia kromosoma kopuruetan dago (behorrek 64 eta astoek 62) baina herri-kulturak beste azalpen bat bilatu zion, erlijioari lotua noski, ahalik eta sinesgarritasun gehien emateko, ahalik eta zalantza gutxien pizteko. Nire amak oraindik hala dela sutsuki defendatzen du. Agian egoskorkeria horretarako arrazoi bakarra da ez diola muzin egin nahi iraganari, ez duela ume garai goxoetan ikasitakoa betiko atzean utzi nahi. Susmatuko duelako horri uko egiten dionean bere zikloa itxita egongo dela… Neuk ere, horrela segitzea nahiago dut.

Edonola, honela kontatu digu hamaika mila bider: Jesus, Betleemgo estalpe edo harpe batean jaio zen eta, negua zenez, hotzak jota zegoen. Sehaska, bertan gerizaturik zeuden animalientzako ganbela batean egin zuten nola edo hala Mariak eta Josek.

Bertako animaliek antzematean, aurrean zutena pertsona ez ezik jaungoikoa ere bazela, beroa ematera eta gurtzera hurbildu zitzaizkion.

Mandoa eta idia ziren. Eta idiak, prestutasun eta noblezia osoarekin, bere hatsaz berotu zuen umea. Eta irri egin zion, eskerturik: nahikoa idi guztiak betiko bedeinkatzeko. Mandoa, ordea, maltzurkiago jokatu zuen eta, aurrean janaria izanda ezin izan zion tentazioari eutsi eta umearen ohea ziren lasto batzuk jan zituen. Eta horregatik, babes hori kenduta, umea hoztu zen. Jaungoikoak mandoaren portaera gaitzesgarria ikusi zuela hura zigortzea erabaki zuen eta «animalia madarikatua izango zara eta zuk eta zure ondorengoek ez duzue kumerik izango» esan ei zion. Hitz zehatz horiekin kontatzen du nire amak: halaxe esan omen zion Jaungoikoak, hitz bat bera ere aldatu barik… Eta hor hartu zuten patua: geroztik eta madarikazio horren ondorioz, antzuak dira mandoak.

Luze hitz egin genezake kontu honetaz baina lehenik eta behin argitu behar da Biblian ez direla inon ere aipatzen mando eta idia Jesusen ondoan. Geroago txertatutako zerbait da, beraz. Kristauen aita-santuak ere hala zela aitortu zuen duela gutxi eta sekulako matxinada egon zen bere mendekoen artean: fededunek kondaira nahiago zuten errealitatea baino. Nola izango zen, bada, erlijiodunak baldin badira!! Baina itzul gaitezen galdutako bidera.

Historian atzera eginda, ohartuko gara lehenbiziko jaiotzen irudikapenetan idia eta astoa presente daudela, marraztuta. Eta hainbat tokitan oraindik uste izaten da astoa zela Jesukristorekin zegoen animalia eta ez mandoa. Hau guztia, testamentu zaharreko Isaias profetaren hitz batzuekin lotzen delako: «Ezagutzen du idiak bere jabea eta astoak bere jabearen ganbela; baina Israelek ez du ulertzen: nire herriak ez du adimenik». Baina askoz zaharragoa da Jesusen jaiotza (Testamentu berria) baino.

Beste batzuek gizarterako animalia eredugarri bezala interpretatu dituzte: mandoa –oraingoa bai, mandoa eta ez astoa– eta idia dira gizakiok gaizkien tratatzen ditugun animaliak eta bizitzan pairatu besterik ez dute egiten, batere plazer unerik gozatu gabe. Baina gero jaungoikoak sarituko zituen, hautatu zituelako munduko gainerako animalien artetik bere etorreraren lekukoak izateko, Betleemgo estalpean. Eta horrek irakaspena dakar: gizakiok apalki jasan behar ditugula bizitzako oinazeak, amaieran jaungoikoak eskertuko digulako eta bere ondoan edukiko gaituelako. Boteretsuak jasan eta iraultzarik ez, beraz.

Amaitzeko, hona nire interpretazioa. Jaiotzak, ezagun den moduan, 1200. urteaz geroztik hasi ziren egiten, San Frantzisko Asiskoaren ekimenez. Eta berehala hedatu ziren mundu osotik. Erdi Aroko mende haietan bereziki obsesionaturik zegoen Eliza haragizko bekatuekin. Eta sexuarekin edo okelarekin berarekin –sexurako eragilea zelako– zerikusia zuen guztia debekatzen edo ezabatzen zuten. Garai haietan, Gabonetako janarian ere aplikatzen zen eta ezin zitekeen animalia-haragirik jan, ezta arrainena ere, sexuaren bekatura bideratzen gintuelako. Sexua, haragia… deabruak galbidean barrena gu eramateko amarruak zirelako.

Horrexegatik, Gabonak, purutasun gehienaz inguratu behar zen unea zen. Eta ideia hori islatu nahi izan zen jaiotzetan, sortu ziren garaiari dagokion bezala. Orduan, animalia asexuatu bi jarri ziren, bata zikiratua eta bestea antzua. Tentaziorako zirrikiturik gabe, unibertsoko piztia eta etxabere guztien artetik, bekatutik urrunen zeuden animaliak.

Eta zergatik bata bedeinkatua eta bestea madarikatua? Lehena gure kulturaren abere totemikoa izan delako: gogora dezagun aldareetan ere gurtzen zirela idi buruak, «taurobolio» izenekoak. Urrutira joan barik, Amurrioko Elexazar aztarnategian Juanjo Hidalgo nire lagunak aurkitutakoa. Oso barneraturik zeuden behi-aziendak herri-sinesmenetan, haren kontra egin ahal izateko.

Eta mandoa… baliagarria bada ere, naturaren kontrakoa da, ez jaungoikoak sortua, sexu harreman zikin eta degeneratu baten ondoriokoa… Nola ez zuen Elizak txartzat? Mandoentzat ez dugu inoiz hitz ederrik izan…

Interpretazio zital haien ondorioz, mando gizajoak beti izan dira gaizki tratatuak gure kulturan. Horregatik lehengo egunean alabak «zein da gaiztoa?» galdetu zuenean Jesus umea bera seinalatzear egon nintzen… eta nire atzamarra bere aurpegiaren aurrean jarriz mendetako bidegabekeria salatu. Baina ez dakit zein puntutaraino den hori justizia edo heresia. Eta seguru ez zela zalantza hori planteatzeko unerik egokiena: bi milatik gora jaiotza zeuden niri begira eta gainera… Gabonetan gaude!: aintza eta gloria gure gehiegikeriei.