Gabonetako eguzki-izpi bedeinkatzailea

Urtero hartzen dut harriduraz urtero gure etxean errepikatzen den jazoera miresgarria. Leihoetatik erabat aldenduta dagoen egongelako bazter urrun batean, altzari bat dugu. Eta haren gainean, aldare bat bailitzan, gabonen inguruko hainbat apaingarri ezarri ohi dugu, arbasoek gurtutako basoa sinbolikoki gurea bezalako pisu batera eramateko. Etxe modernoek aspaldi galdutako arima, berpizteko edo, egun berezi hauetan.

Nola ez, hantxe dago gure Olentzero, denbora-bertsio ezberdinetan gauzatua. Batetik, panpina bat dugu ikazkin hordi, jatun eta ganorabako modernoa irudikatzeko eta, bestetik, hari babesa emanda, enbor zati bat, Olentzero ere irudikatzeko sinboloa, baina mendeetan atzerago eramaten gaituena.

Eta zein da gertakizun berezia? Ba, Gabon [Natibete] egunean, egunsentiko lehenbiziko eguzki-izpia horraino sartzen zaigula. Arrastaka, narras, isil-gordeka datorkigu puntualki… baina lortu egiten du itxuraz ezinezkoa dirudiena. Eta haren ondoko alboak ilun badaude ere, gure aldaretxo pagano eta atabikoa, bikainki eta zehazki argitzen du indar gailen eta berezi batez, inoiz ikusten ez dugun argitasun horietakoaz. Horra iristeko, argi-hari horrek tartean aurkitutako zirrikitu ugari guztiak saihesten eta gainditzen ditu, bere lekutxo gurena epeltasunez musukatu arte. Egiatan, ez da erraza, ezinezkoa esango nuke nik, benetan urrun duelako, gelaren amaieran.

Olentzero-panpinak aterpe hartuta olentzero-enborraren aldamenean. Bestalde, Eguberriko aurreneko izpiak biak urtean behin bedeinkatzen dituen une zehatza.

Urtean, dozena erdi bat egunean baino ez da gertatzen, hain juxtu neguko solstizioari atxikitakoetan. Eta, soilik dago ikusgai eguna lainotuta ez dagoen urteetan. Gaurko egunean, esate baterako. Orduan, ulertuko duzuenez, magia kosmikoa dirudi. Horregatik, etxean, mirari bat bailitzan egiten diogu harrera, hala merezi duelakoan. Azken finean, batek daki, egunotako oparirik baliotsuena izan daiteke, gure herri-kondairetako “idinarru bat urregorriz betea” tankerako altxorrak, barregarri utziko lituzkeena.

Etxean apaingarri dugun haritzezko egur zatia, gure ohitura zaharrak sinbolizatzeko. Puntualki, gaur ere argitu du gabonetako lehenbiziko izpiak.

Nik ez diot inori esan nahi, zorotzat har ez nazaten, baina jakin badakit hori dela, esker onez, egun berriak –Eguberri egunean gaudelako– gure existentzia bedeinkatzeko bere modu berezia. Guk, etxean, oraindik horretan sinesten dugulako.

 

Abendu, haizeak eta leihoak

Aurten, abenduaren 3a ez da soilik Euskararen Eguna izango, Gabonen aurretiko tarte berezi baten hasiera-eguna baizik: Adventus du izena. Eta pentsa nolako saltsa dugun ezen, gaztelaniadunek adviento duen bitartean, guk euskaldunok, ez baitugu horretarako hitz egokirik, abendua delako guretzat, hilak duen izen berbera, horretatik hartu genuelako bistan denez: adventus > abendu. Baina izatez gauza ezberdin bi dira. Horregatik, gabezia hori konpontzeko, abendualdi hitza asmatu behar izan genuen geroago, bereizteko hil osoa izendatzekoa eta diciembre-ren barruan dagoen beste aldi txikiago hori.

Abendualdiak ez du data finkorik, teorikoki, Kristo jaio aurretik lau igande behar izaten direlako tartean. Eta horren arabera finkatzen da. Beraz, 21 eta 28 egun bitarteko iraupena eduki dezake eta hasiera-eguna, azaroaren 27tik abenduaren 3rako tartean. Zorionez, aurten, 2017an, horren muturrean gaude, posiblea den abendualdi laburrenean, hasiera berantiarrenean: abenduaren 3an. 2023ra arte itxaron beharko dugu berriz egoera berean egoteko.

Jatorriz, kristauek praktikatzen duten purifikazio tarte bat da, aspaldi baraualdia eta guzti, ez oso urrun musulmanek praktikatzen duten ramadan-etik. IV. mendearen bukaeratik dokumentatua dugu abendualdia kristauen artean eta, segurtasun osoz, solstiziori aurre egiteko errito pagano baten ordezkoa izango da.

Izena ad ventus latinetik dator, ‘[Egun berriaren / Kristoren] etorrerantz’, ‘etorrera’. Jatorri berekoa da abentura hitza, ‘datorrenari’ aurre egiten diogunean.

Baina latinak ere hizkuntza indoeuroparretatik hartu zituen erro horiek. Eta, enbor beretik datozkigu erdal viento, ventana, euskaldunok ere gure duguna: bentana. Guztien jatorrian, ‘datorrena, doana, higitzen dena’ dago.

Hortaz, jatorriz, ventana / bentana zen haizea sartzeko tokia (ventus, ‘haizea’ berbatik), ez argia. Argia sartzekoak hiniestra-k ziren gaztelaniaz (fenestra latinotik). Baina Erdia Aroaz geroztik hiniestra eta ventana hitzak nahasten hasi ziren (Nebrijak sinonimotzat eman zituen lehenbiziz, 1495) lehena desagertu arte, soberan egoteagatik (Covarrubias-ek ez zuen kontuan izan, 1611). Haren arrastoak dira fenêtre frantsesa, finestra katalana, Italiako fenestra edo fenster germanikoa.

Erdia Aroa eta Errenazimenduaren tarteko garai horretan gureganatuko genuen hitz hori, euskal baserri-etxeen agerpen eta ugaltzearekin. Eta guk, etxeetara haizea sartzeko zulo horiek izendatzeko leiho hitz ederra bagenuen ere, bentana gureganatu egin genuen.

Areago oraindik, Euskal Herriaren mendebaldean, hain gogoko dudan Gorbeialdean (Orozko, Arratia, Zeberio…) esate baterako, ondo baino hobeto bereizten dira etxerako bentanak eta animalien ukuiluak aireztatzeko eta argiztatzeko zulo luzexka eta estuak: horiexek dira leihoak. Etxearen goiko aldekoak, bentanak. Horregatik dago jasota bentana hitza Hiztegi Batuan.

Ondo adierazi zuen Azkuek bere hiztegi entzutetsuan (1905): «Generalmente se entiende en V [Bizkaia] por esta palabra la ventana triangular antigua, la saetera y la tronera».

Amaitzeko, aipa dezagun benta [bideetako ostatuak] hitza ere jatorri berekoa dela, jatorriz, jenderik gabeko lekuetan ezartzen zirelako, joan-etorrietan zebiltzanentzat, haizeak nagusi ziren esparruetan.

Haizea bezala, berriz datorkigu solstizioa, egun berria, urteak eta bizitza bera. Eta lagun batzuk datozkigun bitartean beste batzuk joan doazkigu. Behialako bentetako mandazainen moduan, geu ere joan-etorrikoak garelako.

(Atzo joan zitzaigun Andres Garmilla lagunari eskainia. Hain gogoko zituen espazio irekietako haizeekin batera ibil dadin, betiko aske. In memoriam)

ARTIKULU GUZTIAK / Todos los artículos