Aurten, abenduaren 3a ez da soilik Euskararen Eguna izango, Gabonen aurretiko tarte berezi baten hasiera-eguna baizik: Adventus du izena. Eta pentsa nolako saltsa dugun ezen, gaztelaniadunek adviento duen bitartean, guk euskaldunok, ez baitugu horretarako hitz egokirik, abendua delako guretzat, hilak duen izen berbera, horretatik hartu genuelako bistan denez: adventus > abendu. Baina izatez gauza ezberdin bi dira. Horregatik, gabezia hori konpontzeko, abendualdi hitza asmatu behar izan genuen geroago, bereizteko hil osoa izendatzekoa eta diciembre-ren barruan dagoen beste aldi txikiago hori.
Abendualdiak ez du data finkorik, teorikoki, Kristo jaio aurretik lau igande behar izaten direlako tartean. Eta horren arabera finkatzen da. Beraz, 21 eta 28 egun bitarteko iraupena eduki dezake eta hasiera-eguna, azaroaren 27tik abenduaren 3rako tartean. Zorionez, aurten, 2017an, horren muturrean gaude, posiblea den abendualdi laburrenean, hasiera berantiarrenean: abenduaren 3an. 2023ra arte itxaron beharko dugu berriz egoera berean egoteko.
Jatorriz, kristauek praktikatzen duten purifikazio tarte bat da, aspaldi baraualdia eta guzti, ez oso urrun musulmanek praktikatzen duten ramadan-etik. IV. mendearen bukaeratik dokumentatua dugu abendualdia kristauen artean eta, segurtasun osoz, solstiziori aurre egiteko errito pagano baten ordezkoa izango da.
Izena ad ventus latinetik dator, ‘[Egun berriaren / Kristoren] etorrerantz’, ‘etorrera’. Jatorri berekoa da abentura hitza, ‘datorrenari’ aurre egiten diogunean.
Baina latinak ere hizkuntza indoeuroparretatik hartu zituen erro horiek. Eta, enbor beretik datozkigu erdal viento, ventana, euskaldunok ere gure duguna: bentana. Guztien jatorrian, ‘datorrena, doana, higitzen dena’ dago.
Hortaz, jatorriz, ventana / bentana zen haizea sartzeko tokia (ventus, ‘haizea’ berbatik), ez argia. Argia sartzekoak hiniestra-k ziren gaztelaniaz (fenestra latinotik). Baina Erdia Aroaz geroztik hiniestra eta ventana hitzak nahasten hasi ziren (Nebrijak sinonimotzat eman zituen lehenbiziz, 1495) lehena desagertu arte, soberan egoteagatik (Covarrubias-ek ez zuen kontuan izan, 1611). Haren arrastoak dira fenêtre frantsesa, finestra katalana, Italiako fenestra edo fenster germanikoa.
Erdia Aroa eta Errenazimenduaren tarteko garai horretan gureganatuko genuen hitz hori, euskal baserri-etxeen agerpen eta ugaltzearekin. Eta guk, etxeetara haizea sartzeko zulo horiek izendatzeko leiho hitz ederra bagenuen ere, bentana gureganatu egin genuen.
Areago oraindik, Euskal Herriaren mendebaldean, hain gogoko dudan Gorbeialdean (Orozko, Arratia, Zeberio…) esate baterako, ondo baino hobeto bereizten dira etxerako bentanak eta animalien ukuiluak aireztatzeko eta argiztatzeko zulo luzexka eta estuak: horiexek dira leihoak. Etxearen goiko aldekoak, bentanak. Horregatik dago jasota bentana hitza Hiztegi Batuan.
Ondo adierazi zuen Azkuek bere hiztegi entzutetsuan (1905): «Generalmente se entiende en V [Bizkaia] por esta palabra la ventana triangular antigua, la saetera y la tronera».
Amaitzeko, aipa dezagun benta [bideetako ostatuak] hitza ere jatorri berekoa dela, jatorriz, jenderik gabeko lekuetan ezartzen zirelako, joan-etorrietan zebiltzanentzat, haizeak nagusi ziren esparruetan.
Haizea bezala, berriz datorkigu solstizioa, egun berria, urteak eta bizitza bera. Eta lagun batzuk datozkigun bitartean beste batzuk joan doazkigu. Behialako bentetako mandazainen moduan, geu ere joan-etorrikoak garelako.
(Atzo joan zitzaigun Andres Garmilla lagunari eskainia. Hain gogoko zituen espazio irekietako haizeekin batera ibil dadin, betiko aske. In memoriam)