Basoetako olio usainaz

Berehala ohartu nintzen zerbait bereziren aurrean geundela eta ez nuela une hori bizi bitartean ahaztuko. Bat-batean, ustekabean eta baso baten erdian egotearen babesgabetasunean, deskubritu nuen usaimenak antzemandako hats hura eta gure arbasoengandik iritsitako istorioak gauza bera zirela funtsean.

Iragan diren Gabonetan izan zen, ateri zegoen egun euritsu baten arratsaldean. Menditik gindoazen familian, nekatuta baina alaiki ibilbidearen amaiera sumatzen genuelako: Oleta (Aramaio, Araba) atzean utzita, Otxandiora (Bizkaia) gindoazen Limitado izeneko baso liluragarriaren erditik.

Limitadoa, Araba eta Bizkaia artean eztabaidatutako basoa

Han ez dago ezer: ez etxerik, ez fabrikarik, ez antzekorik. Horregatik ezin zitekeen oker bat izan: eliza-usaina zen nagusi. Sendoa, gainera. Olio eta argizari nahaste bereizgarri hori, guztiok errazki identifikatzen duguna. Orduan ulertu nuen, umilduta, gure arbasoek basoetako olio-usainez kontatzen zizkiguten gertaerek azalpen arrazoitu bat zutela eta, hein batean, egiazkoak zirela.

Ez dakit orbelaren usteltze prozesua izango ote den edo hezetasunaren ondorioa –euria izan zen egon osoz– edo… baina errealitate eztabaidaezin baten lekukoak ginen: han, baso bazter hartan, gurekin zen olio-usain beldurgarri bezain ospetsua. Sorgin edota arimen hatsa ei zen behinolako herri-usteen arabera.

Olio-usain misteriotsua sumatu genuen lekua

Entzuna nuen nola behin batean ikatz-lanetan ziharduen behargin talde bat iheska joan zen, korrika, izuak hartuta, noraezean jauzika. Bazekitelako olio-usaina basoan arnasteak, nahitaez, ondore txarra zekarrela.

Ezaguna da –oraindik ere Orozko bezalako herrietan– nola bakerik lortu ezin dezaketen arimak agertzen zaizkien bizidunei su-itxura edota olio-usaina hartuta. Olio-usaina, askoren ustez, horixe izan zelako beste partera joan aurretik gizajo haiek jaso zuten azken igurtzia, azken sakramentua.

Basoetan eta bidegurutzetan izaten da nabaria kirats hori, ezaguna denez, horiexek direlako arima herratuen gordeleku gogokoenak.

Jose Mari Satrustegi (1930-2003) ikertzailea bere azken urteetan izan nuen lagun. Hark argitaratu zuen luzifer hatsa zela bidegurutzetan, olio-usainari erreferentzia eginaz. Eta hau gehitu zuen, argigarri: «Sorgin-usaina es el nombre con que se designa en Beasain y en Asteasu el olor que se siente a veces hacia la madrugada. (…) Este olor recibe el nombre de sorgin-putza en Etxalar. (…) En Bermeo dicen que es olor del aceite con que las brujas untan su cabello al peinarse. (…) Este olor es atribuido a las almas del Purgatorio en Placencia. (…) En Zerain y en Anoeta decían que es animen usaina; en Ataun es olor producido por el paso del diablo y, según otra versión, es debido al argitalume, “lámpara” de Dios. En Soravilla dicen que es Satanasen putza; en Segura lumera-usaia u olor de aceite de lámpara que los búhos roban en las ermitas».

Gautxoriak, ustezko olio lapurrak

Bitxia da, bestalde, azken herri-uste hori: olio-hatsa ez zutela arimek edo sorginek eragiten, gautxoriek baizik. Ez da kontu txikia eta badirudi zerbait sakonagoa eta arkanoagoa dagoela sineste horren atzean. Honela azaldu zuen bere tesian Anuntxi Arana luiaondoarrak, hontzuriei buruz hitz eginda:

«Hontzak kriseiluetako olioa edaten duela sinesten da eskuarki. Eta herioaren hegaztia da hontza, baita sorginena ere. Laudioko gizon batek adierazi zidan zergatik esaten duten olio usainak sorginen presentzia salatzen duela; haren ustez sorginik ez da, eta olio usaina ez dute sorginek ematen baizik eta hontzek, horiek kriseiluetako olioa edaten dute-eta.

Mitoaren interpretazio arrazionala eman nahiz, mitoan kokatu da berriemailea bete-betean, sorginen eta hontzen arteko lotura bezain mitikoa baita haien olio-zaletasuna.

Gaztelan sineste bera bada eta Okzitanian hontzaren izenean islatzen da: “En Languedoc les enfants donnent au chat-huant le nom de Jan l’Oli, Jean de l’Huile, et Béu l’Oli, l’Huile, parce qu’ils l’accusent de boire celle des lampes (Sébillot, 1968…)».

Gautxoriei leporatuta elizetako olioa edan izana, usain berezi haren sorburua…

Zein sinesmen-mundu konplexua honen guztiaren atzean. Zein ahaztu eta zein galdua gutako gehienontzat. Zelakoa izango zen nire bizitza Oleta eta Otxandio bitarteko baso bazter hartan arimen olio-kiratsa usaindu izan ez banu. Arimak edo… arima… gure herriak modernitatearen trukean saldu zuen arima bera.

 

 

Zizak eta sorginkeriak

Ez dakit gaur gauean sorgin-akelarreren bat egon ote den gure etxe ondoko lorategian. Edo, egunari erreparatuta –Domu Saindu eguna–, arima herratu eta sumindu batzuen batzarra. Baina zerbait berezi jazo da: ziza batzuk ageri dira bat-batean eta ustekabean, biribil moduko batean jarriak.

Etxe ondoko lorategian agertu zaigun zizez osaturiko sorgin-biribila

 

Gure antzinako sinesmenen arabera –baita ni jaio nintzen Laudio herrian ere–, horrelakoetan uste izaten zen sorginen bileraren bat egona zela aurreko gauean. Edo arimena… Zizek eta onddoek beti izan dutelako misterio kutsua gure tradizioan. Zergatik? Basoa hiltzearekin batera –udagoienean– ugaltzen direlako, basoko hilotzetan dutelako bizi-substratua, gizakiak hiltzeko ahalmena dutelako, berezko haluzinogenoen bitartez beste mundua bisitatu zitekeelako edo, beste barik eta nire gaurko kasuan bezala, erein gabe eta bat-batean agertzen direlako. Gauetik egunera… Magia hutsa, lilura… sorginkeria.

ZIZAK ETA HERIOTZA
Zizek zituzten heriotzaren zantzu horiek berehala bihurtu zituen naturaz gaindiko izaki, era guztietako ahalmen bereziekin apaindua.
Horregatik egiptiar kultura zaharrean, jaungoikoentzako janaritzat hartzen zen. Edo Grezia eta Erroma klasikoan, soldaduei ematen zitzaizkien borroketan hil ez zitezen, arestian aipatu bezala, hilezkortasuna zelako zizen ezaugarria, beraiek zirelako herioa eta biziaren arteko zubia. Arrazoi hagatik, hutsik gabeko afrodisiakotzat jo zuten, betiko gaztetasunaren eramaileak zirelako.

Phallus impudicus izeneko ziza. Grezia eta Erroma klasikoan afrodiziakotzat zituzten zizak

 

ZIZAK ETA DEABRUKERIAK
Aurrekari horiekin, Kristautasunak ez zituen zizak begirunez ikusten. Eta berehala egotzi zien deabrukeriekiko harremana. Horrela, Erdi Aro osoan, ziza eta onddoei buruzko era guztietako azalpen bitxi eta harrigarri zabaldu ziren. Ez da arraroa, bada, gure ume garaiko ipuinetan naturaz gaindiko izakiak –sorginak, ipotxak…– zizez beteriko ingurunetan bizitzea: Erdi aroko uste haietatik datorkigun ondorea da.

Etxe ondoko biribileko zizak

 

Nolanahiko azalpenak zeuden, zein baino zein harrigarriagoa. Batzuek zioten Deabruak sortutako izakiak zirela. Eta bere existentzia maltzur herratuan, atsedena hartzeko esertzen zen tokietan hazten zirela zizak. Baina Txerren ikusezina zenez, gizakion artean inork ez zuen ikusten. Hala ere, zenbaitetan apo itxura hartzen zuen eta jauzi-jauzika zebilen basoan barrena. Eta lurra ukitu bakoitzean, bere igarotzearen lekuko, hazten zen ziza bat. Bestalde, jainko haserretuek lurrera botatako oinaztarriek eragiten zituztela uste izaten zen: tximistak jotzen zuen lekuan bertantxe azaltzen ziren.

Erlijio gehiegikeria haietan girotua, garaiko teologo batek (san Alberto Magno, XIII. mendean) argudiatu zuen zizak eta onddoak Lurraren arnasketa zirela, beherago zegoen infernuaren hatsa hain zuzen ere.

ZIZAK EUSKAL KULTURAN
Aurretik aipatutako sinesmen orokor horiek alde batera utzita, badira bestelakoak, han-hemenka egindako ikerketa etnografikoetan azaldu direnak eta, guretzat bitxiak direnak Euskal Herrikoak direlako.

Haietako batek esaten digu nola, eskuarki, zizak eta onddoak biltzea gizonon ardura izan den… Nafarroa Behereko hainbat herritan izan ezik. Han emakumeek eta umeek batzen zituzten eta gizonek eginez gero, igande arratsaldean izan behar zen, behin meza entzunda. Seguruenik, zizak izaki madarikatutzat hartzen zirelako.

Gaur goizeko etxe ondoko ziza-borobila. Gaztelaniaz ere corro de brujas edo corro de hadas esaten zaie

 

Luzaide (Nafarroa) aldean, halaber, oso sinesmen polita dago: “beste aldeko landareak” zirenez, behin gizaki batek ikusita, lilura galtzen zuten eta harrituta moduan geratzen ziren. Horregatik hobe zen lehenbailehen jasotzea, ikusiak izan eta gero, ez zirelako gehiago hazten.

Bestalde, Facebook-eko lagun batek kontatu zigun lehengo egunean bere aititari (Ibarra, Gipuzkoa) entzuna ziola basoan ez zirela ziza guztiak jaso behar, bestela bertako zuhaitzak gaixotu egiten zirelako ezinbestean. Galeraren bihozminak jota seguru…

Zira-biribilak eta sorginkeriak. Irudiak: otrodiaperfecto.com webgunea

 

Eta oso gustatu zitzaidan ohitura hau, beste behin gogora dakarkigulako basoekiko eta, oro har, naturarekiko euskaldunok izan dugun maitasunezko eta hartu-emanezko tratua. Noiz eta nork madarikatu gintuen hain aberasgarri eta atsegingarriak ziren gure existentziaren kontzepzio eta balore haiek galtzen uzteko…

Ez nau harritzen sorginak edo, batek daki, arima herratuak ere haserre agertzea gure etxe ondoko lorategiko ziza-biribilean…

 

Animaliak gure herri sinesmenetan

Txantxangorria bis

Ez naiz baserritarra, nire gurasoak izan ziren bezala…
Halarik ere, haiengandik jaso dut mundua interpretatzeko duten modu berezia. Euren testigantzak ez dira, gainera, ozeano batean galduta dauden uharteak, iraganeko euskal kulturaren kontinenteko lur atal batzuk baizik. Ikus ditzagun, bada, gurasoei entzunak dizkiedan animaliekiko sinesmenak.

Duela gutxi arte, oso arruntak izan dira gure artean, animaliei lotutako herri-iritziak, belaunaldiz belaunaldi eta susmopean jarri barik transmititu direnak.

Beste garai batzuetan dogma ukiezinak baziren ere, sistema produktiboen aldaketekin eta naturatik urruntzearekin, gure begirada ezinduen aurrean ari dira desagertzen. Gaur egun, baserri-eremuan hazi ziren pertsona nagusiengana daude mugatuta  horrelako ohiturak. Belaunaldi horri dagokionez, bera izango da sinesmen horiek ezagutu eta ondo barneratuak izango dituen azken belaunaldia. Nik ezagutuko ditut, bai, baina hilik. Ez, nire gurasoek bezala, barrunbean gordeak, babestuak, azken ordua noiz helduko zain.

Oraindik ez gara gauza susmatzeko norainoko irismena eta sakontasuna duen desagertzen ari den ondare horrek. Baina, ziurrenik, oso aspalditik datozkigun forma fosilduak dira eta harremana izango dute superstizioekin, edo, zergatik ez, gure eremu geografikoko kristautasunaren aurreko erlijioekin. Hel diezaiogun ba…

TXEPETXAK. Gaur egun ere, pertsona batzuentzat ez dago ezer asaldagarriagorik epetx batekin topo egitea baino, edo berau etxe inguruan ikustea baino: zorte txarra eta zorigaitza saihestezinak izango dira hortik aurrera. Epetxa deitzen diote laudioarrek (Laudiokoak dira nire guraso biak) gure hegaztietan txikiena denari, hau da, euskara batuko txepetxa (gaztelaniaz, chochín). Hura ikusten duen baserritarrak ez du zalantzarik izango: hil edo habiak suntsituko dizkio.

Txepetx

TXANTXANGORRIAK. Kontrako puntuan matxin ederra dago, txindorra gure zonaldean, txantxangorria batueraz. Matxin, Martin, euskaraz gure burdinoletan lan egiten zuten ofizialei deitzeko erabiltzen zen goitizen orokorra da.
Ziurrenik, izen hori jarri zioten bere kantuak burdina gori-goriaren gainean emandako mailu kolpeen erritmoarekin duen antzekotasun handiagatik, txantxangorri ere txan-txan-txan onomatopeiaren erresonantziarekin lotu den bezala. Matxin edo matxintxu zorte onaren eramailea zen, etxerako zantzu onena. Den-dena gutxi izaten zen hura gertu edukitzen saiatzeko.

Horren tratu ezberdinari gutxieneko logikarekin heltzeko, gure nagusiek behin eta berriz azaltzen duten bitxikeria batera jotzen da: Jesukristo hiltzear zegoela, epetx batek gurutzearen gainean egin zuen gorotza. Irainarekin eskandalizatuta, azkar azaldu zen matxintxu bat mokoaz zikinkeria jasotzera. Edota papareko kolore gorria hartu zuela Jesusen odoletik, laguntzera joan zitzaionean. Handik aurrera, epetxa eta matxintxu guztien zortea markatuta geratu zen betiko. Nahiz eta ebanjelioetan jasotakoarekin ez duen inolako zerikusirik…

petirrojo

BEHIAK, MANDOAK eta ASTOAK. “Neurri bereko” justifikazioa osatu zen behiarekin. Kortako abere preziatua zen behia; izan ere, ia sakratua zen zama animaliekin alderatuta, horiek gutxietsi egiten baitziren. Diotenez, Jesus haurra Betleemeko portalean jaio berritan, mando berekoiak jaio berriaren lastoa jan zuen, eta apenas utzi zion sehaskarik haurrari. Idiak, bitartean, bidegabekeria hura bere hatsarekin berotuz konpentsatu zuen. Egun hartatik aurrera, mandoak kumerik izateko ahalmenik gabe geratu ziren. Eta, antzekotasunagatik, astoei ere egokitu zitzaien zorte hura: gobernatu orduko, kortako azkenak eta okerrena.

Astoa

KURRILOAK eta ZIKOINAK. Hegaztien alorrera itzuliz, kurriloen multzo migratzaileak gure herrian helburu, jomuga edo zorte seinaletzat interpretatzen ziren. Barealdi meteorologikoa iragartzen zuten, edo, haien hegaldiaren norabideari begiratuz, ekaitza: “Kurriloak haitzerantz [Urduña ingurukoa: Gorobel / Sálvada] doazenean, hartu gurdia eta batu egurra”, eguraldiak okerrera egingo duela adierazten baitu; kontrara, “kurriloak itsasora badoaz, hartu goldea eta zoaz goldatzera”: «Cuando las grullas van a la peña [«Peña de Orduña»: Gorobel / Sálvada] coge el caro y vete a por leña; cuando las grullas van para el mar, coge el carro y ponte a arar«. Hegoalderantz edo iparralderantz. Horretan pixka bat gehiago sakonduz, gogoraraz dezagun euskaraz zori hitza (zoriontasuna, zortea, patua), txori hitzetik datorrela. Hau da, zoriona (zoriontasuna, zorte ona) edo zoritxarra (desgrazia, zorte txarra), hitzez hitz, txori on eta txarra direla. Oroit gaitezen, horrez gain, ontasunarekin zerikusia duten ezaugarriak dituztela kukuak eta zikoinak.

SONY DSC

ELAIAK. Begirune handiz ere hartzen ziren elaiak (enarak) udaberrian zetozenean. Jaungoikoak edo santuek edo zeruek gizakioi bidalitako txoria zelako, erdi sakratua, oztopatu behar ez zena nahiz eta etxearen barruan habia egin. Hortik etorriko zaio agian, aldameneko Orozko herrian ematen zaien goitizena: elextxori, ‘eleiza-txoria’.

Elaiak

HONTZURIAK. Aitzitik, beldur latza sortzen zuen beste hegazti: hontzuria. Haren gaueko karrankari oihuek baten-baten heriotza goraipatzen baitzuen. Horrek txakurren baten uluekin bat egiten bazuen, huts egiterik gabeko seinalea zen: heriotza hor zegoen.

Hontxuria

OILOAK. Etxeko abereetara itzulita beste behin ere, bitxia da oiloen kasua, idealtzat jotzen baitzen hamabost txita-arrautza errutea. Gehiago edo gutxiago izan zitezkeen, baina beti kopuru ideal hori bilatzen zen, txita multzoa arazorik gabe jaio eta biziko zelakoan.

Oiloa

KATUAK. Katuak, bestalde, bestelako tratua izan du baserrian, haren izaera libre eta basatiagatik. Haatik, horietako bat etxera ekartzean zaku baten barruan sartzen zen, eta suaren gainean hiru buelta ematen zitzaizkion, laratzuaren inguruan (laratza euskara batuan, llar gaztelaniaz). Erritu hori beteta, etxe berrira fidelki batua geratzen zen.

Katua

TXERRIAK. Etxeko txerriari edo txarriari buruzko usteak, berriz, haren hilketaz izaten dira beti, tokian tokiko jai errituala eta beste animaliekin izaten ez dena. Zeregin hori asteartez ez egiten saiatzen ziren batzuk, eta ostiralak saihesten zituzten beste batzuek, haragia galtzeko arriskuagatik. Arrazoi beragatik, ezin zen hilerokoa zuen emakumerik gertu egon. Era berean, ilbeheran egitea lehenesten zen beti, “haragiak urik gal ez zezan”.

txerri-141492726361E10FF59

OGIGAZTAIA. Animalia basatien eremuan, deigarria da erbinudeari (ogigaztaia) zitzaion ikara, zorte txarraren eramailea izateagatik bera ere. Kortetara erraztasun handiarekin sartzen zen, eta zenbatezinak diren ezbeharrak sortzen zituen. Baina hain zen piztia azkarra eta maltzurra, ezen eta ezin baitzitzaion zuzenean eraso, beranduago mendeku handiagoa hartuko baitzuen bordako abererik onena hilda edo haien errapeak urratuta. Horregatik, modu onean izutu beharra zegoen. Normalean goma errez izutzen zituzten —hau da, abarkak edo bestelako oinetako zaharrak erreta—; horren usaina hain da desatsegina, urrunarazi egiten baitzituen, gizakien intentzio txarra sumatu ere egin gabe, eta horrela saihesten zuten haren mendeku bihozgabea.

Erbinudea

SUGEAK. Sugeek ere muturreko izua sortzen zuten. Arrazoi zientifiko gabe esaten da esnezaleak zirela. Kortan behin sartzen zela uste zuten, denak lo zeudenean —horregatik ez du inork ikusia—, eta animalien errapeetatik edaten zuten; bereziki, behienetatik. Horrela geratzen zen azaldua etxe-abereen edozein arazo, infekzio edo bestelako: beti sugeren bati leporatzen zitzaien. Gure herritik kanpo, lo zeuden emakumeen esnea xurrupatu duelako kasuak ere sinetsi izan dira. Ezin zen lo geratu mendian, sugeak ahotik sar zitezkeen eta. Zorigaiztoko kasu horietan alboz etzan behar zen, ahoa irekita, plater bete esneren aurrean. Hala, ezin eutsizko usainak liluratuta, sugea gorputzetik aterako zen azkenean.

Era berean, esaten dute kortetan zegoen sats multzoen epeletan babestu eta ugaltzeko ohitura zutela. Horrelakoetan ere, esnez betetako platerak jarriz botatzen zituzten etxeetatik.

Sugea

LUPUA. Amaitzeko, lupua dugu, ezezagun handi hori. Arrabioa oso pozoitsutzat jotzen zen, nahiz eta benetan apenas duen pozoirik. Baina gure kultura lokalean, gaizkiaren idealizazioa eta sintesia zen, beti ihes egin behar zen horrena. Nire haurtzaroan, lupuaren beldurrak probokatutako ezbeharren istorioak entzun nituen, mugagabeak eta zabalduak. Denborarekin jakin izan dut guk generabilen lupo hitza mendebaldeko euskararen lupua dela, batuerako arrabioari esateko erabiltzen dena. Baina bitxia bada ere, lupu hitza harago doa eta madarikazioa, pozoia oro har eta eskorpioia bera ere irudikatzen zituen; Horregatik gure arbasoentzat txarraren idealizazioa zen, arriskua…

Lupua

GU GEU. Ez dago askoz gehiagorik kontatzeko animaliei buruzko sinesmenez. Baina bai inori interesatzen ez zaizkion “atso-agureen kontakizun” hauei buruzko gogoeta bat. Gaur egungo Euskal Herrian, ez zaizkie jada umeei kontatzen lupuen historiak; ez da ahalegin txikiena ere egiten matxintxu deitzen jarraitzeko txantxangorri maiteari. Gure huts handia da. Gaizki ulertutako euskalduntasunaren izenean, gure eskolak eta jaiak betetzen ditugu arraro eta urrun zaizkigun hitz, ohitura eta pertsonaiekin. Era berean uko egiten diogu geurea denari, eta, horrela, hiltzera kondenatzen dugu, gure axolagabekeriaz, belaunaldiz belaunaldi laudioarrok metatu izan dugun ondare kulturala. Logika izpirik gabe, mendeetan zorigabeko epetx haiek sufritu zuten maldizio txarrarekin gertatu zenaren antzera. Jainkoak har ditzala bere glorian….